Estrategia eta batasunik gabe

Baionan, 1.500 pertsona elkartu dira intersindikalak antolatu duen mobilizazioan; LAB eta Solidarioak ez dituzte gomitatu. Hauteskunde sindikalak izanen dira urte bukaeran

CGT sindikatuko kide batzuk pankartarekin, Frantziako greba deialdiaren harira atzo goizean Baionan egin zen manifestazioan. AURORE LUCAS.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Trenbideetako langileen petardoek harrabots handiagoa egiten zuten karrikara ateratako langileen haserre oihuek baino, atzo goizean greba egunaren harira Baionan antolatutako mobilizazioan. Petardoak, ke bengalak, sindikatuen kamioietako musika eta mikrofonoetako leloak... ohiko elementuek osatu zuten manifestazioa. 1.500 pertsona inguru elkartu ziren, baina zerbait falta zen. «Jende gutxi ikusten dut; ez da motibaziorik; kezkagarria da», zioen larri Indar Beltza kolektibo anarkistako militante batek mobilizazio hasieran. Emmanuel Macron Frantziako presidentetzara iritsi zenetik, sindika- tuek ez dute lortu erreformak blokeatzeko behar besteko indar harremana ezartzea, eta ez dira haien artean ados jartzen egin beharrekoaz. Giro arraroa nabari zen atzo Baionan, sindikatuek berek haien ekintzan sinetsiko ez balute bezala.

«Paristik erabakitako» mobilizazioa deitoratu zuen LABeko Heren Muruagak. «Langileen arteko batasuna beharrezkoa da, eta horregatik segitzen dugu. Baina ez da eraginkorra; horrelako mugimenduekin ez dugu nahi duguna lortuko». Bide beretik jo zuen Laurent Tasca Solidarioak sindikatuko buruak ere: «Desfile hauek ez dute ezertarako balio, ez bada langileek dirua eta erosahalmena gal dezaten bata bestearen gibeletik datozen grebekin. Greba egun bat egin eta lanera itzultzea proposatzen digute. Argi da: langile batek ez du lanegun bat ezertarako galduko; zer lortzeko? Ezer ez!», salatu zuen.

Oso bestelako iritzia azaldu zuen Karl Andre CGTko buruak. «Langileak biziki motibatuak dira gaur, lan kodearen suntsitzearen aplikazioa ikusten ari direlako; bihar gauza bera egitera doaz Frantziako sistema sozial guziarekin». FOrekin eta FSUrekin batera antolatutako intersindikalak egin zuen Baionako manifestazioaren deialdia, eta haiek hartu zuten lehen lerroko pankarta.

Irail hasieran iragarri zuten greba deialdia Paristik, sindikatu gehienak elkartuta. Ipar Euskal Herrian, baina, LAB eta Solidarioak ez dituzte intersindikalean parte hartzera gomitatu. «Gure bulego ondoan egiten zituzten bilkurak; ez dira gordetzen ere», deitoratu zuen atzo LABeko kide batek. Atzo ere tentsioa nabaria zen, Andre CGTko burua LABekoei beste sindikatuen gibeletik joateko eskatzera joan zitzaielarik. Irmo erantzun zioten sindikatu abertzalekoek, eta ez zen gatazka gehiagokorik izan.

Beste elementu bat ere kontuan hartzekoa da: urte bukaeran izanen dira funtzio publikoko hauteskunde sindikalak. Deigarria da, estrategia sindikalaz galdetuta, Andrek atzo eman zuen erantzuna: «Estrategia sindikala da indarrak batzea, lanbide guzien eta sindikatu guzien artean. Gaur intersindikala antolatu dugu; sindikatu bat baino gehiago dago karrikan, eta lanbide andana ere bai. Bada, gainera, ekintza garrantzitsu bat urte bukaerarako iritsiko dena: funtzio publikoko hauteskunde sindikalak. Langileek jakin behar dute ongi ordezkatuak izan nahi badute CGTren alde bozkatu behar dutela».

Laurent Tasca Solidarioak sindikatuko kidearen hitzetan, «zaila» da hauteskundeak hurbiltzean batasun sindikala lortzea. «Botere borroka hori izanen den artean Frantziako, eskualdeko ala departamenduko lehen sindikatua izateko, ez gara ezertara iritsiko, hori argi da. Eta gobernua horrekin jokatzen ari da», adierazi zuen. Atzoko manifestazioan ere bakoitza bere sindikatuarekin, «nahasi gabe», zihoala salatu zuen. «Sindikatuak ez badira haien artean mintzo, ez da posible izanen». Hala ere, lehen eginkizun gisa Solidarioak bera egituratzea dela onartu zuen. Orain dela gutxi osatu zen federazioa, eta arloz arloko sindikatuak sortzen ari dira. Gerora, lan legearen kontrako kolektiboarekin abiatu zen dinamikaren antzekoa hobetsi zuen, «bestelako ekintza» egitea eskainiz langileriari.

LAB ados ez dago, baina iniziatibak segitzeko prest agertu zen, «langileriak ez lukeelako ulertuko». Tokiko eredua eraikitzen hasteko garaia dela aldarrikatu zuen Heren Muruagak «Gaur egun Ipar Euskal Herriak aitortze bat badu; ikusi behar dugu zer konpetentzia behar ditugun, nola egin hemen sortzeko hitzarmen kolektibo bat, langileen eskubideak errespetatzeko. Eta zerbitzu publikoan ere pentsatzen dugu hemen behar ditugula gure langileak kudeatu, guk nahi dugun bezala, eta gure ereduaren arabera».

Frantzian eta Bretainian

Mobilizazio jendetsuak egin zituzten Parisen eta Frantziako beste hiri andanan, baita Bretainiako Naoneden (Nantes) eta Roazhonen (Rennes) ere. Goizean, ikastetxe andana okupatu eta blokeatzeko saiakerak egin zituzten, baina Poliziak oztopatu zituen gehienak. Manifestazioetan, istiluak izan ziren aurpegia estalita desfile burua hartu zutenen eta Poliziaren artean. Zauritu anitz eta atxiloketak egon ziren mobilizazio gehienetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.