Danbatekoa Bangladeshko oposizioari

2004an gaur egungo lehen ministroa hiltzen saiatzeagatik, auzitegi batek 38 pertsona zigortu ditu; horietako 19, heriotza zigorrera. BNP alderdiko buruzagiak daude tartean
Defentsaren abokatuak, prentsaren aurrean, atzo, Dhaka hiriburuan, sententziaren berri ematen.
Defentsaren abokatuak, prentsaren aurrean, atzo, Dhaka hiriburuan, sententziaren berri ematen. MONIRUL ALAM / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko urriak 11
Bangladeshko auzitegi batek 38 pertsona zigortu ditu, horietako 19 heriotza zigorrera, eta gainontzekoak bizi osoko espetxealdira, 2004an Sheikh Hasina egungo lehen ministroa hiltzen saiatzeagatik. Zigortuen artean daude BNP Bangladeshko Alderdi Nazionalista oposizioko indar nagusiko buruzagietako batzuk; besteak beste, ustelkeria leporatuta kartzelan dagoen Khaleda Zia lehen ministro ohiaren seme Tharique Rahman, 2008tik Londresen erbestean dagoen BNPren buruzagi nagusia. Alderdiak 2014ko hauteskunde orokorrak boikotatu zituen, baina abenduan egitekoak direnetara aurkeztea erabaki du, eta Rahman kanpaina egiten ari da Erresuma Batuko hiriburutik. Hari bizi osoko zigorra jarri arren, gobernuak helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean, heriotza zigorra jaso dezan.

2004ko abuztuaren 21eko erasoan, egungo lehen ministroa oposizioko buruzagirik garrantzitsuena zen, eta erasotik bizirik atera zen, zauri gutxi batzuekin; ordea, granadak erabiliz egindako erasoan, 24 pertsona hil, eta 300 bat zauritu zituzten. Heriotza zigorra jaso dutenen artean, hamabost dira HUJI Mugimendu Islamiko Jihadista talde armatuko kideak; epaiaren arabera, erasoaren egileak; taldea debekatuta dago 2005az geroztik, eta haien buruzagia joan den apirilean exekutatu zuten. Sententziaren arabera, BNPko kide eta Hezkuntza ministro izandako Abdus Salamek talde jihadistarekin antolatu zuen erasoa. «Urkatu egin behar dituzte», adierazi zuen Justizia ministro Shahed Nuruddinek.

Kasua, ordea, ez da atzoko sententzian geldituko. Izan ere, gobernuaz gain, Rahmanik ere helegitea jarriko dio epaiari herrialdera itzultzen denean —otsailean hamar urteko espetxe zigorra ezarri zioten, iruzur kasu batengatik—. «Justifikaziorik gabeko zigorrak dira», adierazi zuen atzo defentsaren abokatuak, prentsaren aurrean; BNPren eledun Fakhrul Islam Almgirrek, berriz, gaineratu zuen «mendeku politiko baten aurrean» daudela, eta ez dela kasualitatea erabaki hau hauteskundeetatik hain gertu jakinaraztea: «Oposizioko kideak espetxeratzen ari da, etsairik ez izan eta berriz hauta dezaten». Bi hilabete barru geratuko da agerian, beraz, sententziak mesede egingo ote dion boterean dagoen alderdiari —parlamentuan gehiengo osoa du egun—.

Borroka judizialaz gain, borroka politikoari eutsiko dio Bangladeshko Gobernuak, eta Rahman Londresetik estraditatzeko «pauso diplomatikoak areagotuko» dituztela jakinarazi zuen atzo Lege ministro Anisul Haquek.

Bipartidismoa izan da nagusi Bangladeshen azken 25 urteetan. BNP eta BAL Bangladeshko Herritarren Liga txandakatu dira boterean; epailearen arabera, 2004ko erasoaren helburua BALen buruzagitza «deuseztatzea» zen.

Kolonialismo garaikoa

Heriotza zigorrak ohikoak dira Bangladeshen, eta, egun, milaka pertsona daude heriotzaren korridorean; zigortu guztiak urkatu egiten dituzte.

Sistema hori Erresuma Batuaren kolonialismo garaiko metodo bat da, eta, independentzia lortu zuen arren, Bangladeshen oraindik erabiltzen dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna