EBren eta Erresuma Batuaren arteko akordioak ez ditu zalantzak uxatu

Bruselak eta Londresek etorkizuneko harremanaren baldintzak adostu dituzte zirriborro batean. Espainiako Gobernuak ezezkoa eman liezaioke 'brexit'-aren zirriborroari Gibraltarren auziagatik

Milaka langile sartu eta ateratzen dira Gibraltartik egunero. A.CARRASCO RAGEL / EFE.
ander perez zala
2018ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
EB Europako Batasunak eta Erresuma Batuak beste pauso garrantzitsu bat eman dute brexit-aren prozesu korapilatsuan: etorkizunean bi aldeek izango duten harremanari buruzko baldintzak zehaztu dituzte zirriborro batean. Testuan jakinarazi dutenez, helburutzat jarri dute lankidetza «handinahi, zabal, sakon eta malgua» adostea, datorren urteko martxoaren 30ean abiatu eta 21 hilabete iraungo duen trantsizioan. Etorkizuneko harreman horrek, batetik, Erresuma Batuaren barne merkatua eta 2016ko brexit-ari buruzko erreferendumaren emaitza errespetatu beharko ditu; eta, bestetik, EBren merkatu bakarraren eta aduana batasunaren izaerak kontuan hartu beharko ditu, betiere «eskubideen eta betebeharren balantzan» oinarrituta. Etxera begira, Akordio Politikoko 4. artikuluak ahalbidetuko dio Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroari 2016ko galdeketaren emaitza errespetatzen ari dela argudiatzea, Erresuma Batuak «merkataritza politika independentea» izango duela eta pertsonen mugimendu askea amaituko dela adierazten baitu. Testuak, hala ere, ez die irtenbiderik eman konpontzeke dauden auziei: Gibraltarren egoera eta arrantza.

Etorkizuneko harremanaren baldintzen zirriborroa joan den astean adosturiko brexit-aren zirriborroaren osagarria da, baina atzokoak, oraingoz, ez ditu bi aldeak juridikoki lotzen, besteak ez bezala. Datorren urtean hasiko diren negoziazioen baldintzak finkatu ditu zirriborro moduan, eta baldintza eta oinarri horien ondorio izango da Bruselaren eta Londresen arteko merkataritza akordioa; berez, trantsizioa amaitu baino lehen adostu eta sinatu beharko lukete, hori guztia 2020. urtea amaitu baino lehen. Bi aldeek, ordea, epe hori luzatzeko aukera zabaldu dute, gehienez bi urtera.

Bada, hurrengo pausoa EBko 27 estatu kideen oniritzia da. Igandean dira goi bilera berezi bat egitekoak, eta hor eman beharko liekete baiezkoa bi testuei, baina edukiak agerian utzi du, berriz ere, 27ek orain arte erakutsitako batasuna ez dela erabatekoa. Horren adibiderik garbiena Gibraltar da: Irlandako barne mugaren egoerari erreferentzia egin arren, lurralde horri ez diote artikulurikeskaini atzoko akordioan, eta horrek zalantza gehiago sortu ditu Madrilen. Are, aurrez ere haserrea eragin zuen brexit-aren akordioko 184. artikuluak, ez baitzuen Espainiak nahi adina berme eskaintzen Gibraltarren inguruan; zehazki, Madrilek nahi du EBren eta Erresuma Batuaren etorkizuneko harremanak eraginik ez izatea Gibraltarren, baina, oraingoz, ez dute hori babesten duen bermerik ikusi bi testuetan.

Horiek horrela, etziko hitzordurako egun gutxi falta direla, ordu erabakigarriak dituzte aurretik agintariek; izan ere, Pedro Sanchez Espainiako lehen ministroak presioa areagotu du, joan den asteko akordioari ezezkoa emango diola mehatxu eginda. Erantzun gisa, Mayk atzo adierazi zuen Gibraltarren «subiranotasun britainiarra errespetatua izango dela».

Arrantzaren auzia

Etxera begira, arrantzaren auziak buruhausteak emango dizkio Mayri. Atzoko akordioan jakinarazi dutenez, trantsizioan bi aldeek «arrantza akordio berri bat adostu beharko lukete», itsasoetarako sarbideen eta kuoten ingurukoa. Horrek, bada, guztiz talka egiten du tory-en Eskoziako diputatuen iritziarekin, kuoten aurka baitaude.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa ere kritiko agertu zen atzoko testuarekin, auzi beragatik. Haren iritziz, trantsizio epeko negoziazioetan arrantzaren gaia erabili nahi du Londresek, Bruselaren partetik «trukean zerbait lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.