Agur ere, batera

Erreferente izanda hartu dute erretiroa IDK Gipuzkoako jokalari Iulene Olabarriak eta Onintza Adurizek. Kluba haiekin hazi da, eta alderantziz. Hori izan da «politena» haientzat, taldekideekin batera izan duten egunerokoaz gain.

Iulene Olabarria eta Onintza Aduriz, Gaska kiroldegiko pistan. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Sei denboraldiren aldearekin iritsi ziren IDK Gipuzkoara. Lehenik Iulene Olabarria ailegatu zen (Donostia, 1985), 2002-2003ko denboraldian; eta, ondoren, 2009-2010ekoan, Onintza Aduriz (Donostia, 1991). Kluba haiekin haziz joan da, eta haiek klubarekin. Urte hauetako esperientzien eta bizipenen poderioz, loratuz eta indartuz joan da bien arteko harremana ere, taldekide ez ezik oso lagunak baitira. Orain, batera esan diote agur beren kirol ibilbideari. Kantxan eskarmentu handia duten bi jokalari galdu ditu talde donostiarrak, baina bi zale sutsu irabazi. Gaskako harmailetatik bultzatzen ariko dira etxekopartida guztietan.

Denboraldia amaitu zenetik, pare bat aldiz baino ez dute elkar ikusi. Aduriz Iruñean bizi da, han egiten baitu lan, odontologo. «Arraro egiten da hainbeste ez elkar ikustea», nabarmendu du Olabarriak. Orduak eta orduak pasatu dituzte elkarrekin: egonaldietan, bidaietan... Azken urteetan, gainera, gelakide ziren kanpoko bidaietan. «Hasieratik konektatu genuen ondo. Begirada bakar batekin ere badakigu nola dagoen edo zer pentsatzen duen besteak. Saskibaloiaz deskonektatu nahi izan dugunean, askotan elkarrekin egin dugu», azaldu du Adurizek.

Elkarren akuilu eta eredu izan dira beren kirol ibilbidean. Bata bestearengandik zer ikasi duten galdetzerakoan, Adurizek azkar erantzun du. «Nire kirol ibilbidean, Iulene dena izan da, eredu bat. Hona iritsi nintzenetik lasaitasuna eta babesa eman dizkit. Beti erreparatu izan diot gauzak nola egiten zituen. Profesional izatea zer den erakutsi dit». Laudorioak ere ez ditu falta izan Olabarriak Adurizentzat: «Izugarrizko taldekide ona izateaz gain, haren indarra eta eskuzabaltasuna nabarmenduko nituzke. Ez du sekula etsitzen, eta dena ematen du besteengatik. Beti jarri du aurretik taldea».

Erretiroa batera hartu dute. Bi hilabeteren aldearekin eman zuten erabakiaren berri: Adurizek, maiatzaren 7an, eta Olabarriak, uztailaren 9an. Biek nabarmendu dute erabaki «zaila eta pentsatua» izan dela. Olabarriak aitortu du berak «barneratua» zuela denboraldi hau zela azkena. «Belauneko lesio larria izan nuenetik [2017. urtearen amaieran hiru lekutatik apurtu zuen]jada pentsatzen hasi nintzen horretan. Baina jendeak esaten zidan hainbeste urteren ondoren ezin nuela horrela utzi. Onintzak berak maiz esaten zidan gutxienez beste denboraldi bat jokatu behar genuela elkarrekin. Arrazoi zutela pentsatu nuen, eta horregatik erabaki nuen beste urtebete segitzea. Baina azken denboraldi honetan jabetuz nindoan momentu aproposa zela uzteko».

Adurizek lana eta kirola ezin uztartzeagatik erabaki du bere kirol ibilbidea amaitzea. Egunero ibili behar zuen A-15ean joan-etorrian. «Bi denboraldi neramatzan horrela. Gogorragoa egiten zitzaidan, bai psikologikoki, baita fisikoki ere. Azken sasoian asko disfrutatu dut kantxan, eta nahiago nuen aho zapore horrekin utzi». Sentimendu nahasiak ditu, dena den. «Agur prentsaurrekoa eman nuenean, uste nuen kontziente nintzela hartutako erabakiaz, baina denborarekin joan naiz konturatuz ezetz, eta ez naizela izango ligako lehen partidan Gaskara etorri eta nire taldekideak harmailetatik ikusi arte. Ez dut partida bakar bat ere galduko».

Erabaki «gogorra» izan dela onartu du. «Saskibaloia gure bizitza izan da txikitatik, garena gara saskibaloiarengatik, eta kirol horrek eman dizkigun balioengatik: ahalegina, elkartasuna, konpromisoa... Kosta egiten da hori amaitu dela barneratzea eta onartzea. Baina pertsonalki ere haziz segitzeko beharra nuen».

Ez batak eta ez besteak ez dute presiorik izan jarraitzeko. «Zuzendaritzak, entrenatzaile multzoak eta taldekideek izugarri errespetatu gaituzte. Oraingo honetan erabakia argi genuela ikusten zuten, eta ulertu egin dute». berretsi du Olabarriak. Azu Muguruza entrenatzailearekin eta Carmen Muguruza presidentearekin izandako komunikazioa eskertu dute. Hala azaldu du Adurizek: «Denboraldi bakoitzaren amaieran, jokalariek haiekin hitz egin izan dugu bakarka, kantxan zein hortik kanpo genituen asmoen, helburuen eta kezken inguruan. Ez dut uste erabakiak ezustean harrapatu dituenik».

Momentu ahaztezin asko izan dituzte urte hauetan: mailaz igotzeko kanporaketak, lortutako saskiratze erabakigarriak... Baina, batez ere, taldekideekin zuten egunerokoa hartuko dute gogoan. «Etxekoekin eta lagunekin baino denbora gehiago ematen duzu haiekin. Zure beste familia dira», dio Adurizek. Autobus bidaia «amaigabeak» ekarri ditu gogora Olabarriak. «Aurrean zortzi-bederatzi orduko bidaiak zenituela pentsatzeak nagia ematen zizun hasieran. Baina gero, izugarri ondo pasatzen genuen beti: jolasean, elkarrekin txantxak egiten, baten batek arazoren bat bazuen hari entzuten...». Klubean lan egiten duen jendearen hutsunea ere nabarituko dutela uste dute. «Laguntzaileena, eta musu truk klubari laguntzen dioten pertsonena». Halaber, partidetako «lehia eta bizitasuna» gustuko izan dute beti. «Asteburuero, gainera, ilusioa zenuen talde kontrarioaren jokalariren bat ikusteko, asko eta asko lagunak baitira».

«Zailena», lesioak

Urte hauetako gauzarik gogorrena, berriz, lesioak izan direla azaldu du Olabarriak:«Ezintasun handia izaten da, aulkitik edo harmailatik gauzak beste era batera ikusten direlako: argiago, batzuetan». Batez ere azkenengo belauneko lesioa gogorra izan zen harentzat: «Jokatzen hastean, maiz izaten nuen buruan egin nuen keinua eta belaunean entzun nuen soinua».

Adurizek zorte handiagoa izan du esparru horretan. Bere kirol ibilbidean hiru partida galdu ditu min hartuta egoteagatik. 197 neurketa jokatu zituen erreskadan, eta 198.a gripe baten ondorioz utzi zuen. «Gutxitan egon naiz min hartuta, eta beti izan da oporraldian edo lehiaketak etena izan duenean. Orduan gorputza lasaitu bezala egiten zitzaidan, eta errazago hartzen nuen min».

Denboraldi-aurreen eta galdu osteko entrenamenduen falta ere ez dute sumatuko. «Niri, behintzat, sasoi-aurreak gero eta gogorragoak egiten zitzaizkidan», onartu du, irribarrez, Olabarriak. Umore puntu horrekin jarraitu du Adurizek. «Porrot baten ondoren, asteko lehen entrenamenduak ez ziren gozoak izaten askotan, ezta lan saioan zure mailan aritu ez zinela konturatzean ere». Halakoetan, Azu Muguruza entrenatzaileak errietaren bat edo beste egiten zien. «Baina ohituta geunden horretara jada», jarraitu du, irribarrez, Adurizek, eta berehala erantsi dute biek: «Saskibaloiaz dakiguna hark erakutsi digu. Gehiago eman dezakezula uste badu, eskatu egingo dizu».

Jokalari moduan klubarekin hazi dira, eta alderantziz. «Hori bizitzea izan da politena», nabarmendu dute. Hala, atzera begiratu dute ezinbestean. Olabarriak taldearen bi igoerak ezagutu zituen. Izan ere, hasi zenean Lehen Nazionalean zegoen taldea. «Orduan Gipuzkoako emakumezkoen saskibaloiko erreferentea Hondarribia zen. Gu, berriz, jokatzen disfrutatzen genuen lagun talde bat ginen. Niri, behintzat, ez zitzaidan sekula burutik pasatu Ohorezko Mailan jokatzea. Ez genuen presiorik».

Benta Berrin jokatzen zuten. «Espainiako Bigarren Mailara igo ginenean esan ziguten ezin genuela bertan jokatzen jarraitu, saskiak sabaitik zintzilik zeudelako. Gainera, ez zegoen aldagelatik pistara ateratzeko tunelik. Orduan hasi ginen Gaskan jokatzen», gogoratu du Olabarriak. Bigarren Mailan zegoela iritsi zen taldera Aduriz. «Kostatu zitzaigun Ohorezko Mailara igotzea, baina ez genuen etsi, eta gerora iritsi ziren igoera, Espainiako Kopa jokatzea, titulurako kanporaketetarako sailkatzea...». Geratu zaien arantza Europan ez jokatzea izan da, Adurizen hitzetan. «Baina alde horretatik ere lasai goaz. Izan ere, arrazoi ekonomikoengatik izan da, kirol arrazoiengatik bainoago».

Hazkunde horren barruan urratsak «modu naturalean , pixkanaka eta zentzuz» egin izana goraipatu dute. Klubaren arrakastaren funtsa hor dago, Olabarriarena arabera. «Jokalariok, entrenatzaile taldeak eta zuzendaritzak beti izan ditugu oinak lurrean, eta klubeko kide bakoitzak sasoiro eskatu diogu zertxobait gehiago geure buruari. Aldi berean, hasieratik izandako balioak sendotuz joan gara, eta horrek denak ahalbidetu digu iritsi garen lekura iristea».

Harrobiaren garrantzia

Bide horretatik jarraitzeko, erabakigarria izan da, haien ustez, klubera iritsi diren harrobiko jokalariek eta atzerritarrek filosofia hori ulertzea. «Horretan saiatu gara urte hauetan». Harrobian jarri dute arreta. «Egia esan, ez da erraza haientzat gora iritsi eta jokatzea, Bigarren Mailatik Ohorezko Mailara salto handia dago, eta haien alboan egon behar duzu, horretaz jabetu daitezen,eta ez dezaten etsi. Izan ere, normala denez, nahi dutena jokatzea da. Oinak lurrean izan behar dituzte, guk ere hasieran ez genuen-eta jokatzen». Baina uste dute «pazientzia» izan beharko dela belaunaldi berri on bat iristeko.

Atzerritarren kasuan, denetarik ezagutu dute. «Egon dira hasieratik etorri eta esan digutenak: 'Ni ez nator hona lagunak egitera, lan egitera baizik', eta ez dutenak ahaleginik egiten egokitzeko.Halakoetan, ez da erraza. Baina gehienak, oro har, oso ondo egokitu dira, klub hau familia bat baita». Urte hauetan hainbat atzerritar pasatu dira Donostiatik. Baina gehien harritu dituena Adut Bulgak izan da. «Denbora gutxi egon zen hemen. Baina sekulako talentua zuen. Denboraldi erdian etorri zen, eta izugarria izan zen». Arlo pertsonalari dagokionez, berriz, Cierra Bravard nabarmendu dute. «Lehen egunetik egokitu nahi izan zuen, eta etengabe deitzen zizun planak egiteko». Eta, noski, ezin Toch Sarr ahaztu. «Egia esan, Toch etxekotzat dugu. Baina eredu izan da. Bost hilabeteko haurdun zegoela jokatzen egotea, bikiez erditu eta gutxira nola bueltatu zen,izan zuen belauneko larriaren ondoren nola osatu zen... Medikuek berek esaten zioten ziurrenik ezingo zela itzuli, baina sekulako lana egin zuen, eta aurretik baina maila hobean itzuli zen ».

Beren lekua, kapitain lanetan, Lara Gonzalezek har dezakeela uste dute. «24 urte besterik ez du, baina etxekoa da, eta urte batzuk badaramatza hemen. Ondo bidean, berak izan behar du kapitaina. Etorkizunean, Sara [Iparragirre] eta Maria [Erauntzetamurgil] ere hor egongo dira», dio Adurizek. Datorren denboraldiari begira ondo ikuste du taldea Olabarriak: «Jokalari onak fitxatu dira, eta ondo egokitzean egongo da gakoa».

Hemendik aurrera Olabarriak klubean segituko du, kudeaketa kontuetan lagunduz. «Nolabait, jokalarien eta entrenatzaileen eta zuzendaritzaren arteko lotura lana egingo dut. Carmeni kudeaketan lagunduko diot, eta Azuri, adibidez, itzulpen lanak egingo dizkiot behar izanez gero. Gogoz nago hasteko». Adurizek, oraingoz, ez du asmorik saskibaloiari lotuta segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.