Arrauna

«Aurkariak gorago daude»

Zer gertatzen ari zaio Urdaibairi? Bizkaiko Txapelketa bakarrik irabazi du, eta ligan seigarren doa. «Jakingo bagenu guk...», aitortu du Jon Unanue arraunlariak.

Eneko Bilbao, Urdaibaiko trainerua zuzentzen, denboraldi honetako estropada batean. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Gauzak ondo ez doazenean talde batean, nonbaitetik irteten du tiroak lehenago edo geroago, eta Urdaibain aurreko astean atera zen: Joseba Fernandez entrenatzaileak ez du jarraituko bertan datorren denboraldian. «Arraunlariek ez dute bat egiten nire mezuarekin», azaldu zuen prestatzaile pasaitarrak. Entrenatzailearen aldetik eten da katea, ia beti gertatzen den bezala, eta ematen zuen uda osoaren kolore gris bertsua izango zuela traineru estropadak amaitzeko falta den tarteak. Baina hara non, aurreko asteburuan, Eusko Label ligako bi estropadetan, bigarren txandaren jabe egin zen Bou Bizkaia trainerua Ondarroan (Bizkaia) eta Hondarribian (Gipuzkoa), eta igandean hutsa behar izan zuen bandera irabazteko, Oriok lau segundo baino ez zizkiolako atera.

Ba al dator bere onera Urdaibai? Jon Unanue arraunlaria (Azkoitia, Gipuzkoa, 1988) eskarmentu handikoa da: urteak daramatza Bermeon (Bizkaia), eta ooso ondo ezagutzen ditu kluba eta haren ingurua. Garbi asko erantzun dio galderari: «Saiatzen ari gara gora egiten, baina onartu behar dugu bandera irabazten ari diren horiek pixka bat gorago daudela. Aurkariak gorago daude». Ez du ezkutatu kosta egiten ari zaiela goian muturra sartzea: «Kostatzen ari zaigu talde horiei aurre egiten, azkenaldian gorantz goazen arren». Ondo baino hobeto daki zein den sendagai onena hain beharrezkoak dituzten bi pauso horiek emateko: «Animo pixka bat behar dugu, zortearen laguntzaz bada ere bandera bat irabazi, eta horrek sekulako bultzada emango liguke Kontxara begira. Eginahal betean gabiltza emaitza on horren bila».

Kontxa aipatu du, eta Zarauzko (Gipuzkoa) asteburuko estropada ospetsua ere bai, eta banaka-banako estropadak ere atera zaizkio ahotik. Seinale baduela itxaropenik oraindik denboraldi petral hau itxuraz aldatzeko. Baina nolakoa da itxaropen hori? Benetakoa ala ilusio baten ondorio? Denborak esango du, eta laster amaituko da sasoia. Azkar jakingo da erantzuna.

Galderak eta galderak bata bestearen atzetik dabiltza traineru barruan, zergatik ari den izaten hain eskasa uda. Batetik, aurrera begiratu beharra dago: «Egoskorrak gara berez, eta segituko dugu geure onenaren bila». Baina aurrera egiteko ondo ez ibiltzea zer eragin duen jakiteak ere nolabaiteko lasaitasuna emango lioke taldeari. Galdera horrek ez du erantzunik, ordea: «Guk geuk jakingo bagenu zergatik gabiltzan horrela, seguru honezkero aurkitu geniola konponbidea». Etsipenaren marra ere gainditu du galdera zail horren bila,eta «egun batetik bestera erabat aldrebes bihurtu ote garen edo...», esan du barru-barrutik. «Talde irabazle bat gara, iaz gauza asko irabazi genituen-eta, baina bat-batean seigarren izatea ez da onartzen erraza». Gaizki hasi, emaitza txarrak kateatzen segitu, eta bigarren txandatik atera ezinda dabil Bou Bizkaia: «Dena batu zitzaigun. Ondo ez ginen hasi; gero emaitza txarrak elkarri josi genizkion, eta, bigarren txandarenak aitzakia soinua badu ere, nekeza da hortik egoerari buelta ematea». Emaitza txarren txiribueltan alderrai ibili behar horretan, «halako batean, egoera konponezin bihurtu zen».

«Denok gara erantzule»

Nola atera zulo horretatik? Lanari lana kateatuz, ez baitago beste biderik. Baina ezin lanerako aldarterik onena eduki hain emaitza txarrekin. Onartu du taldean nola dabiltzan: «Normala da emaitza txarrekin zalantzak sortzea, eta gurean ere hori gertatu da. Bazeuden dudak lehen, eta orain ere badaude. Emaitzek giroa txartu dute».

Ez dio, baina, aparteko oihartzunik eman nahi giroaren kontuari: «Egin ezazu kontu gurea bezalako talde batean dena emaitzetan biltzen dela. Gure helburu nagusia irabaztea da, eta gure haserreak eta une txarrak emaitza onek estali izan dituzte. Ez badira onak, aurten bezala, normala da giro txarra sortzea».

Fernandezen erabakiak korapilo bat askatu ote du? Ezezkoan dago, baina ez askatu ez duelako: «Arraunlariok saiatu gara gai horretatik aparte egoten, eta izango du arrazoirik erabaki hori hartzeko». Iruditzen zaio entrenatzaileari ere «gaina hartu» diola irabazten ibili ondoren seigarren ibiltzeak, baina garbi du Fernandez ez dela okerren erantzule bakarra: «Guztion ardura da hau dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.