Iraupen politikoa du jokoan

Israelen, parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte berriro gaur, apirileko bozketaren ondoren ez zutelako gobernurik osatu. Netanyahu eta Gantz berdinduta daude inkestetan

Iraupen politikoa du jokoan.
Igor Susaeta.
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Politikan bizirik irauteko, Benjamin Netanyahuk plan bat du. Ustelkeria egotzita, Israelgo jarduneko lehen ministroa lau auzitan dago ikerketapean. Plan horren arabera, parlamentuak immunitate lege bat onartuko du datozen hilabeteetan, eta, modu horretan, diputatuak eta lehen ministroa, noski, herritarrek justiziarekin dituzten eginbeharretatik salbu geratuko dira. Hala gertatuko balitz, Israelgo lehen ministro ia-ia betierekoak —karguan denbora gehien daramana da— politikoki bizirik jarraitu duen seinale litzateke. Baina, bide orriaren puntu horretaraino iristeko, aurren-aurrenik parlamenturako hauteskundeak irabazi beharko ditu gaur, eta gero gobernu bat osatu. Aurreko apirilean, ozta-ozta izan bazen ere, Likudek lortu zituen boto gehien, lehen ministroaren eskuineko alderdiak. Baina eskuin muturrekoen eta judu ultraortodoxoen babesa ez zen nahikoa izan Knesset-ean 61 eserleku bereganatu eta gehiengo osoa edukitzeko. Horregatik errepikatuko dituzte bozak, aurrenekoz.

Inkesten arabera, berriro irabazteko moduan dago Netanyahu —gobernua osatzea lortuko balu, bosgarren legegintzaldia luke—. Hala ere, zundaketa horiek berek diote Benny Gantz jeneral ohiaren Urdina eta Zuria koalizio liberalak ere 32 jarleku lortuko dituela. Duela bost hilabeteko bozketan, 15.000 boto eskasena izan zen bi indarren arteko aldea.

Oraingoan irabazten duenak ere lanak edukiko ditu gobernua osatzeko. Netanyahu 55 jarlekura irits daiteke, gehienez, aliatuen laguntzarekin, betiere inkestek adierazitakoa aintzat hartuz. Beraz, Avigdor Lieberman iazko azarora arte Justizia ministro izandakoaren Yisrael Beiteinu alderdi ultranazionalista laikoak izan dezake giltza, hamar jarleku lor baititzake. Gertatzen dena da Lieberman eta Netanyahuren aliatu ultraortodoxoak ez direla elkarrekin ondo konpontzen. Beste aukera bat izan liteke Likudek, Urdina eta Zuriak eta Yisrael Beiteinuk koalizio laiko handi bat osatzea. Militar ohiak eta Netanyahuren gobernukoko kide izandakoak hori iradoki izan dute.

Eta beste blokeo posible bat eta hauteskundeen errepikapena saiheste aldera, hirugarren bidea da Liebermengana jotzeko beharrik gabe Gantzek eta Netanyahuk indarrak batzea. 2014an, Gazaren aurkako gerran, armadaren estatu nagusiko buru zenak nabarmendu izan du, ordea, ez duela Netanyahurekin gobernatu nahi. Kasu horretan, Likudek ez du baztertzen alderdiaren buruan beste pertsona bat jartzea.

Bien bitartean, beldurraren mezua haizatzen aritu da Netanyahu azken asteotan. «Hauteskundeak galtzear nago», bota zuen herenegun, telebistan. «Eta Gantzek ezkerreko gobernu bat osatu behar du», gehitu zuen. Sektore ultranazionalistenak eta ortodoxoenak erakartzeko asmoz, azken hauteskunde kanpainetan mezu hori zabaldu izan du lehen ministroak. Dena den, ondotxo daki ezkerrak, gutxiengo arabiarrak osatutako Zerrenda Batuak —komunistak ere biltzen ditu—, nekez egingo duela Gantzen alde. Israel estatu judu gisa aitortzen duen legea bertan behera uzteko konpromisoa eskatzen dute arabiarrek, balizko gobernu alternatibo bat babesteko. Bide batez, Gantzen koalizioa zentrokoa da, eta eskuinari keinuak egiten dizkio, nahiz eta«erreforma sozialak» aldarrikatzen dituen.

Horrenbestez, bai botoak bereganatu ahal izateko, bai fokuak ustelkeria auzietatik aldentzeko, beste estrategia bat erabili du Netanyahuk. Batetik, bide militarrera joz. Izan ere, azken hilabete eta erdian erasoak egin ditu Sirian, Libanon eta baita Iraken ere, Iranen aliatuen posizioak bonbardatuz.

Bestetik, atzo iragarri zuen gobernua osatzea lortzen badu Israeli anexionatuko dizkiola Hebroneko koloniak — Zisjordania eta Palestina—. Zisjordania okupatuan kokatuta dagoen Jordan harana ere bereganatzeko asmoa agertu zuen duela astebete. Haren arerio politikoentzat, kanpainan egindako promesak besterik ez dira. Ohartarazi diote, gainera, asmo horiek gauzatuz gero Ekialde Hurbileko giroa are gehiago gaiztotuko lukeela.

Fiskalaren jarrera

Netanyahuk badaki bere iraupen politikoa dagoela jokoan. Avichai Mandelbliten aurrean bere burua errugabetzat jotzeko aukera edukiko du laster, aste batzuk barru, baina Israelgo fiskal nagusiak ia erabakita dauka jarduneko lehen ministroa auzipetzea. Netanyahuren azalpenak entzun ondoren, zenbait aste beharko ditu auziarekin segituko duen ala ez ebazteko. Hain zuzen ere, aste horiek aprobetxatu nahi ditu gobernuburuak, immunitate legea aurrera atera eta libratzeko.

Haaretz zentro-ezkerreko ildo editoriala duen Israelgo hedabideak pasa den astean argitaratutakoaren arabera, Netanyahuk 500.000 euroko mailegu bat jasotzeko baimena lortu du, defentsa ordaindu ahal izateko. Egoera horretan dagoela, 6,4 milioi israeldarrek edukiko dute botoa emateko aukera. Aurreko bozetan %67,9koa izan zen parte hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.