Agertzen ari dira pixkanaka

Aleix Vidal eta Luis Rioja geroz eta zorrotzago dabiltza Alavesen hegaletan. Ekarpen urria egin zuten lehen partidetan, baina azkenaldian nabarmen egin dute hobera.

Aleix Vidal Alaveseko jokalaria, huts egindako gol aukera batengatik penatuta. ADRIAN RUIZ / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Hegalek berebiziko garrantzia dute Alavesen. Lehen Mailara itzuli zirenetik, arabarrek bertan sortu izan dute desoreka, jokalari azkar eta abilekin. Theo Hernandez, Alfonso Pedraza, Ibai Gomez eta Jonyrekin, bermatuta egon da sakontasuna eta jokaldi biziak egiteko gaitasuna. Bada, haien lekukoa hartzeko asmoz dihardute orain Aleix Vidalek (Valls, Herrialde Katalanak, 1989) eta Luis Riojak (Las Cabezas de San Juan, Espainia, 1993). Nahiko oharkabean pasatu ziren sasoiaren hastapenean, baina zantzu baikorrak igorri dituzte azken jardunaldietan. Finkatu egin dira Asier Garitanoren eskeman, eta erasoan geroz eta zeresan handiagoa ematen hasi dira. Berri oso pozgarria da, orain arte aurrelariekiko erabateko menpekotasuna izan baitu Alavesekt.

Riojak zeregin oso zaila dauka: Jonyren itzal luzea ahantzaraztea. Sportingeko hegaleko ohia taldeko izarra izan zen iragan sasoian, erakustaldiak bata bestearen atzetik emanda. Lau gol sartu eta goleko hamar pase eman zituen, eta, hortik harago, erasoko jokoa pizteko ia ardura osoa hartu zuen bere gain. Arabako taldeak kosta ahala kosta eutsi nahi zion, baina Malagak zuen haren jabetza, eta Laziori saldu zion azkenean. Horiek horrela, hutsunea apustu arriskutsu batekin bete zuen Sergio Fernandez kirol zuzendariak. Izan ere, Lehen Mailan sekula aritu gabea zen Rioja.

Aurreko denboraldian, espainiarrak distira egin zuen Almerian, Bigarren Mailan. Ordura arte, Bigarren B Mailan aritua zen, Real Madrilen eta Celtaren harrobietan lehenik, eta Marbellan gero. Horrenbestez, jauzi handia egin du oso tarte laburrean, eta egokitzeko denbora behar izan du. Lehen bi partidetan titular jardun zuen, baina, eskatutako maila eman ez, eta itzalpera pasatu zen. Partida batzuetan minutu batzuk jokatzen jarraitu zuen, baina zenbaitetan deialditik kanpo ere utzi zuen Garitanok. Alabaina, neurria hartuz joan da pixkanaka, hamaikakoan toki ia finkoa lortzeraino: azken zazpi partidetatik seijokatu ditu, denak ere titular gisa.

Rioja bat dator azken sasoietan ezker hegalean aritu diren jokalarien nolakoarekin: oso azkarra da, buruz buruko egoerak bilatzen ditu behin eta berriz, eta maiz heltzen da hondoko marrara. Indar-hustu egiten da partida oro, erasoko ahalegin ugariei defentsako lan saiatua gehitzen baitie. Hala, ez da harritzekoa neurketa gehienetan aldatua izatea.

Alavesek lau denboraldirako fitxatu du; beraz, luzera begira egindako apustua da. Vidal, berriz, Sevillak utzita dabil, izan zenera itzultzeko xedez. Kataluniarrak distiratsu jardun zuen Almerian eta Sevillan, eta, hala, Bartzelonaren deia jaso zuen 2015ean. Bada, behera egin du geroztik. Jokatzeko oso aukera gutxi izan zuen Kataluniako talde horretan, eta, hori gutxi balitz bezala, lesio larria izan zuen orkatilan; non, eta Mendizorrotzan. Sevillara itzuli zen iragan denboraldian, baina lau sasoi lehenagoko arrakastarik ez zuen izan.

Tokirik ez zuen Julen Lopetegiren planetan, eta, hala, talde apalago bateanproba egitea deliberatu zuen. Ez da damutuko harturiko erabakiaz,Alavesen funtsezkoa baita oraintxe: gaur arteko neurketa guztiak jokatu ditu, hamaika hasieratik, eta sei oso-osorik. Desagertu antzean egon zen aurreneko norgehiagoketan, baina Garitanok pazientziaz jokatu du harekin, noizbait hobera egingo zuen jakitun. Kataluniarra hasia da bere klasearen berri ematen. Goleko bi pase eman ditu oraingoz, eta taldekideekin geroz eta hobeto ari da elkar ulertzen. Garai bateko bizitasunik ez badu ere, maila tekniko handiko jokalaria da, eta, lehenago edo beranduago, erabakigarria bihurtu beharko litzateke. Gaia badu Ibai Gomezen hutsunea behar bezala betetzeko.

Aulkian, beste hiru aukera

Anartean, ahalik eta minutu gehien jokatzeko asmoz dihardute Oliver Burkek, Borja Sainzek eta Burguik. Nekez egingo dute lekua hasierako hamaikakoan, baina pizgarri gisa balekoak dira. Hiru hegalekoen artean, Burkek jokatu du gehien orain arte: bederatz lehia osotara. Eskoziarra nahiko txukun aritu da aulkitik atera izan denetan. Oso ahaltsua da fisikoki, baina argitasun apur bat falta zaio baloiarekin, aurkariaren arean batez ere.

Sainzek harrobiko jokalari ororen ametsa bete du: lehen taldean lekua egitea. Sei partida jokatu ditu, horietako bat titular gisa. Realaren aurka izan zen, eta Alaveseko jokalaririk onena izan zen. Garrantzia gal dezake hemendik aurrera, Burgui itzultzen denean. Espainiarrak zortzi hilabete eman ditu min hartuta, baina dagoeneko osatu da, eta Valladoliden aurka jokatu zituen sasoiko lehen minutuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.