Ekuadorren, manifestariak kalera itzuli dira murrizketen aurka

Lenin Moreno herrialdeko presidenteak pandemiak sorturiko krisiari aurre egiteko iragarri dituen neurri ekonomikoek haserre handia eragin dute. Gobernuak 3,65 bilioi euro aurreztu nahi ditu

Milaka herritar protesta egiten, atzo, Quito hiriburuko kaleetan. JOSE JACOME / EFE.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko Ekuadorko Gobernuak iragarri dituen neurri ekonomikoek haserre handia eragin dute herrialde horretan, eta, elkartzeko eta manifestatzeko debekua oraindik indarrean dagoen arren, milaka herritar kalera atera ziren atzo Lenin Moreno presidentearen aurka, batez ere soldatapekoak eta ikasleak, neurri horiek gehien eragiten dieten kolektiboak.

Beste hainbat neurriren artean, Morenok iragan astean jakinarazi zuen gastu publikoa murriztukoduela, estatuaren esku dauden enpresa batzuk itxiko dituztela eta gauza bera egingo dutela enbaxada batzuekin ere. Erabaki horiek ikusirik, sindikatuek uste dute langileak «proportzioz kanpoko prezioa ordaintzen» ari direla «elitearekin konparatuta», eta horregatik helarazi zuten manifestatzera ateratzeko deia. «Protesta honetara deitu dugu gobernua langileak kaleratzen ari delako dirudunak ordaintzera behartu beharrean», adierazi zuen Langileen Fronte Bateratua (FUT) sindikatu nagusiaren buruzagi Mecias Tatamuezek.

Gobernuaren arabera, harturiko neurriei esker 3,65 bilioi euro aurreztuko dituzte: horietako 980 milioi funtzionarioen soldatak lirateke; 400 milioi, zerbitzu eta ondasunak; eta 1.300 milioi, kapitalen gastua.

Protestarientzat, ordea, Asanblea Nazionalak onarturiko Babes Humanitariorako Legeak langileen kaleratzea errazten du, eta, aldi berean, postuari eutsiko diotenen lan baldintzak okertu egiten ditu. FUT sindikatuak jakinarazi zuenez, salaketa bat aurkeztuko du lege horren kontra, konstituzioaren aurka doalakoan; ez da lehen aldia Morenoren aurka kalera atera direla, iragan urtean protesta uholde handi bat izan baitzen.

Manifestariek maskarak soinean zituztela egin zuten protesta, eta kasu gehienetan segurtasun distantzia errespetatu zuten; Quito hiriburuan, esaterako, 2.000 lagun inguru atera ziren kalera, pandemiaren erdian. Ekuador da, hain justu, koronabirusak gogorren jo duen Latinoamerikako herrialdeetako bat: 37.300 lagun baino gehiago kutsatu dira, eta 3.203 hil, John Hopkins Unibertsitatearen datuen arabera.

Beste hainbat hiritan ere izan ziren manifestariak, tartean hego-mendebaldeko Guayaquilen; iragan hilean, heriotza kopuruak gainezka egin zuen han, eta, egoera horretan, agintariek ehunka gorpu lurperatu gabe utzi behar izan zituzten.

Asteek aurrera egin ahala, haserrea gero eta handiagoa da herritarren artean, batez ere egoera ekonomikoari begira. Pandemiak sorturiko krisiaren ondorioz, Ekuadorren 150.000 lanpostu galdu dira, Morenok iragan igandean jakinarazi zuenez.

Murrizketak ikasleei

Langileei eragiten dieten neurriak hartzeaz gain, unibertsitateen aurrekontuak murrizteko erabakia ere jakinarazi zuen Ekuadorko presidenteak. Zehazki, 90 milioi euro kenduko dizkie herrialdeko 32 unibertsitate publiko eta eskola politeknikori.

Hori ikusirik, ikasleek kalera ateratzea erabaki zuten, «hezkuntza publikoa defendatzeko eta Morenoren neurri ekonomikoen aurka», Ekuadorko Unibertsitateko ikasleen Federazioak Twitter sare sozialean jakinarazi zuenez. Indigenen babesa ere jaso zuten atzoko mobilizazioek, eta, deitzaileek iragarri zutenez, datozen egunetan ere kalera ateratzeko asmoa dute. Atzo, Maria Paula Romo Barne ministroaren arabera, denera 4.000 herritar atera ziren manifestatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.