Trumpek AEBetako kanpaina eraldatu du Auzitegi Goreneko izendapenarekin

Hauteskundeen aurretik izendatu nahi du Trumpek Ginsburg epaile hil berriaren ordezkoa. Bidenek salatu du «botere abusua» litzatekeela. Senatuak du azken hitza

Donald Trump AEBetako presidentea, joan den astean, Minnesotan, ekitaldi batean. CRAIG LASSIG / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
AEBetako hauteskundeetarako kanpaina goitik behera baldintzatu dezakeen polemika bat piztu du Donald Trump herrialdeko presidenteak, berehalakoan iragarrita Ruth Bader Ginsburg epaile hil berriaren ordezkapena. Ginsburg AEBetako Auzitegi Goreneko epailea joan den larunbatean hil zen, eta Trumpek iragarri du haren ordezkoa izendatu nahi duela hurrengo bozen aurretik—azaroaren 3an dira egitekoak—. Presidentearen hitzek eztabaida bizia eragin dute. Joe Biden Alderdi Demokratako presidentegaiak salatu du «botere abusua» litzatekeela Trumpek erabaki hori hartzea. Auzitegi Goreneko kideek bizi osorako kargua dute. Hori dela eta, ordezko epailea hurrengo presidenteak hautatu beharko lukeela uste du Bidenek.

Auzia eztabaida politikoaren erdigunean kokatu da, eta bozetarako kanpaina berriz diseinatzera behartu ditu Alderdi Errepublikanoa eta Alderdi Demokrata. Biek ikusten dituzte eztabaidarekin hautesleen babesa handitzeko aukerak. Lehenagotik ere, jokaleku politikoa nahasia zen AEBetan; besteak beste, koronabirusaren pandemiak izan dituen osasun, gizarte eta ekonomia ondorio latzengatik. Goreneko hautaketaren polemikak are nekezago egiten du aurreikustea zer gertatuko den bozetan.

Trumpek aste honetan bertan jakinaraziko du Ginsburg ordezkatzeko nor proposatzen duen. «Ostiralean edo larunbatean». Azaldu duenez, epaile zenari «errespetua» adierazteko itxarongo du haren hileta pasatu arte.Trumpen hautagaiak Goreneko kargua hartu dezan, Senatuari egin beharko dio proposamena, eta ganberak onespena eman beharko dio ondoren. Hala eginez gero, errepublikanoek areagotu egingo lukete epaile kontserbadoreen gehiengoa botere judizialaren organo nagusian.Buruan bost hautagai dituela aurreratu du, izenik eman gabe.

Demokratek salatu dute ez litzatekeela zilegi Trumpek Gorenean bizi osorako kargua izango duen epaile bat izendatzea bozetarako aste gutxi falta direla. «Hautesleei entzun behar zaie», adierazi zuen, atzo, Bidenek. Gaineratu du Senatuak Trumpen hautagaiaren alde bozkatzen badu eta berak hauteskundeak irabazten baditu kargugabetu egingo duela epaile izendatu berria.

Antzeko egoera bat izan zen 2016 urtean, Barack Obama orduko presidente demokratak Gorenerako kide bat izendatu nahi izan zuenean hauteskundeetarako hilabete gutxi falta zirela. Senatari errepublikanoek egin eragotzi zioten hala egitea.

Ginsburgen ordezkoaren auzia erabakigarria izan daiteke AEBetako bozetan. Horren jakitun, beren kanpainak egokitzen ari dira errepublikanoak eta demokratak. Azken horiek gehiengoaren iritziarekin bat egin dute, Reuters berri agentziak egindakoinkesta baten arabera. Inkestak dio herritarren %62ren ustez hurrengo presidenteak aukeratu beharko lukeela Goreneko kide berria.

Horrez gain, Bidenen alderdiak aukera baliatuko du Obamacare sistema aldarrikatzeko. Obamak bultzatu zuen osasun erreformaren legezkotasunari buruz erabaki behar du Gorenak, eta, aurreko salaketa batean, boto bakarraren aldearekin babestu zuen. Trumpek hauteskundeak irabaziz gero Obamacare arriskuan egongo dela argudiatuko dute.

Errepublikanoek ere indartzeko aukera ikusten dute, ordea. Zenbait analistaren iritziz, eztabaidak Trumpen aldeko boto emaileak mobilizatu ditzake gakoak liratekeen estatuetan.

Senatua ere, jokoan

Trumpen eta Bidenen arteko presidentetzarako lehiatik harago, Goreneko kide berriaren hautaketa erabakigarria izan daiteke Senatuaren kontrola noren esku geldituko den argitzeko ere. Hurrengo bozetan 33 senatari aukeratuko dituzte herritarrek, eta azken emaitzan zeresana izango du egungo senatariek Trumpen aurrean erakusten duten jarrerak.

Kargua berriz hartu nahi duten senatari errepublikanoen artean, oso egoera desberdinak daude, ordezkatzen duten estatuko joera politikoaren arabera. Estatu batzuetako ordezkariei kalte egin diezaieke Trumpekin lerratzeak; beste batzuei, mesede.

Bidenek eskari zuzena egin zien, atzo, senatari errepublikanoei: «Zer gertatuko den erabakiko duten senatari errepublikano gutxi horiei mintzo natzaie. Mesedez, jarraitu kontzientziak esaten dizuenari».

Errepublikanoen artean, hainbat dira dagoeneko Trumpi babesa agertu diotenak, baina beste batzuk Goreneko kide berriaren izendapena bozen aurretik egitearen kontra mintzatu dira. Badira oraindik ez hitz egitea erabaki dutenak ere. Trumpek «berandu gabe» ekiteko eskatu die bere alderdikideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.