Barcenas akusatuen aulkian eseri du PPren finantzaketaren auziak

Alderdi Popularraren defentsak ahalegina egin du Rajoy eta Aznar presidente ohiak ez ditzaten lekuko gisa deitu. Fiskaltzak ukatu egin du hauteskunde deliturik egon izana

Luis Barcenas, PPko diruzain ohia, atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Luis Barcenas Espainiako PP Alderdi Popularraren diruzain izandakoa akusatuen aulkian eseri zen atzo, eta datozen egunetan lekuko gisa deklaratzekoak dira, besteak beste, PPko bi presidente ohi, Mariano Rajoy eta Jose Maria Aznar. Argitu beharreko galderak dira, berriz, alderdiak diru beltzarekin ordaindu ote zituen Madrilgo egoitza eraberritzeko lanak, eta zerga iruzurra egin ote zuen, baita Barcenasek lan horietatik irabazi ekonomikorik jaso ote zuen ere.

Diruzain ohiak esandakoen arabera, 900.000 euro baliatu zituzten eraberritze lanetarako. Barcenasek beste bost urteko kartzela zigorra jaso dezake hori frogatuta geratuko balitz; alderdiak, ordea, kolpe handiagoa hartu dezake. Baina Barcenas ez da bakarrik egongo akusatuen aulkian. Harekin batera eseriko dira PPko kudeatzaile izandako Cristobal Paez eta alderdiaren egoitzako lanak egin zituen arkitektoen bulegoko hiru kide.

Epaiketako lehen egunean, fiskaltzak berretsi zuen ez zela egin hauteskunde deliturik; aldiz, herri akusazioetatik bik argudiatu zuten baietz, diru beltza baliatu zela 2007ko eta 2008ko bozetarako kanpainak finantzatzeko.

PPren defentsaz arduratzen den abokatuak, berriz, Jesus Santosek, akusazio partikularren aurka jo zuen, eta «salaketa politikoak» egitea leporatu zien. Santosek kritikatu zuen abokatuetako hainbatek «harreman estua» dutela PSOE Espainiako Alderdi Sozialistarekin eta IU Izquierda Unida koalizioarekin, eta Gonzalo Boye jarri zuen adibide, zeina Kataluniako Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemonten abokatua ere baden.«Saihestu behar dugu aretoa komunikabideentzako ikuskizun bat edo borroka politikorako eremu bilakatzea», ohartarazi zuen Santosek. Alde horretatik, herri akusazioak lekuko gisa deitutako hainbat lagunek deklaratu beharrik ez izatea ere eskatu zuen Santosek, tartean Rajoy eta Aznar, argudiatuz «etsaia politikoki lotsarazi» besterik ez dutela nahi.

Joan den astean, Barcenasek idatzi bat bidali zion Espainiako Ustelkeriaren Fiskaltzari, diru ezkutuaren inguruko hainbat xehetasun emateko. Alderdia 1982tik eta 2009ra legez kanpo finantzatu zela aitortu zuen testuan, eta PPk ezkutuan jasotako diruak, batzuetan, kontratu publikoen truke eman zituztela enpresek. Fiskaltzak, ordea, froga gehiago eskatu ditu hark esandakoak ontzat emateko, sei urte berandu hasiko den epaiketa horretan.

Barcenasek esandakoen arabera, alderdiaren legez kanpoko diruaren berri eman zion Espainiako Gobernuko buru ohiari 2009. urtean, eta hark ezkutuko kontuak jasotzen zituzten agiriak hartu eta papera txikitzeko makinan sartu zituen, jakin gabe Barcenasek bazeukala haien kopia bat. Horrez gain, «soldata osagarriak» jaso izana ere egozten die Rajoyri, Maria Dolores de Cospedali, Javier Arenasi, Francisco Alvarez Cascosi, Angel Acebesi, Federico Trillo eta Rodrigo Rato ministro ohiei, eta Senatuko presidente ohi Pio Garcia Escuderori eta Jaime Ignacio del Burgo diputatu ohiari. Guztiek deklaratuko dute lekuko gisa auzian, nahiz eta epaitegiak horretarako egunik ez duen oraindik jarri.

Fiskaltzak, baina, garrantzia kendu zion idatziari ahozko auzi saioa hasi berritan. Prentsa ohar batean adierazi zuen «berritasun gutxi» jasotzen zituela diruzain ohiaren azken idazkiak, eta horien artean ez zegoela «pisuzko frogarik», ez atzo hasitako auziarekin lotuta, ezta aurrera begira geratzen direnei dagokienez ere. Barcenasen abokatuak, bestalde, ez zuen baztertu Rajoyrekin aurrez aurreko bat eskatzea, betiere presidente ohiaren deklarazioa akusatuak esandakoekin bat ez badator. Izan ere, defentsak aitortu zuen «zailtasunak» dituztela frogak aurkezteko, dokumentazio guztia PPk «kendu» zielako «operazio parapolizial» baten bidez.

Auzitik aldendu nahian

Alderdiko buru Pablo Casadok sinesgarritasuna ukatu zion Barcenasi, eta baztertu egin zuen harekin inolako zerikusirik izatea, Onda Cero irratiari emandako elkarrizketa batean: «Barcenas zigortuta dago, eta ez dut traturik gaizkileekin. Ez dugu beldurra izateko inolako arrazoirik, eta oso nekatuta gaude honekin guztiarekin. Bere kontakizuna behin baino gehiagotan aldatu duen pertsona batek ez du sinesgarritasunik». Casadoren esanetan, ez da gauza bera 1986ko, 1996ko edo 2016ko alderdia, eta ezin zaio egungo zuzendaritzari ordukoak egindakoaren erantzukizuna eskatu.

Podemosek lotsagarritzat jo zuen Casadoren jarrera, eta nabarmendu zuen ez dagoela «aitzakiarik» alderdiko buru eta presidente izandakoa legez kanpoko finantzaketagatik ez ikertzeko. Alderdiak Madrilgo Asanblean duen bozeramaile Isa Serrak Casadori ere eskatu zizkion azalpenak, eta esan zuen Kongresuan agerraldia egin beharko lukeela Kitchen auziaren inguruan. «Ez du inolako zentzurik Casadok esateak orduko alderdiak eta egungoak ez dutela loturarik», salatu zuen Serrak.

PSOEko Antolakuntza idazkari Jose Luis Abalosek ere azalpenak eskatu zizkion Casadori, diru beltza baliatzeaz akusatutako alderdi bera zuzentzen duela berak ere: «Azaldu beharko luke PPko zer buruzagirekin izan zituen tratuak Barcenasek, eta zer eskaini zioten isilik egotearen truke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.