Alex Salmond: «Ezkoziako buruzagitzak huts egin du»

Eskoziako lehen ministro ohia parlamentuko ikerketa batzordean izan da, eta diputatuei adierazi die bere aurkako sexu eraso salaketak gaizki kudeatu zituela gobernuak

Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohia, gaur, parlamentuko ikerketa batzordean. ANDREW COWAN / EFE.
ander perez zala
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiak hitz egiteko beharra eta nahia zituen; gertaturikoaren bere bertsioa emateko gogotsu zegoen. Politikatik kanpo urte asko pasatu dituen arren, eroso dagoen irudipena eman du parlamentuko batzordean egindako deklarazioan, azken urteotan lorturiko garaipen judizialek eman dizkioten bultzadak baliatuta; erabakitasunez erantzun dizkie diputatuen galderei, haiei aurre egin ere bai, argudiatuta ez duela frogarik eman behar, auzitegiek jada ebatzi dutelako legez kanpokoa izan zela sexu erasoen salaketei buruz Eskoziako Gobernuak egindako ikerketa. «Hau ez da niri buruzkoa, ez dut ezer frogatu behar. Beste batzuen jarrerari buruzkoa da. Eskoziako buruzagitzak huts egin du».

Salmonden hilabeteotako jarrerak kimera sentsazio bat sortu zuen, zer deklaratuko ote zuen batzordean, baina azkenean eman du pausoa, tartean fiskaltzak alegatuaren parte bat zentsuratu dion arren. Eskoziako lehen ministro ohiak egindako salaketek oihartzun handia izan dute, bere «izen onari kalte egin nahi izatea» egotzi baitie SNP Eskoziako Alderdi Nazionalari, egungo gobernuburu Nicola Sturgeoni eta haren gertukoei; eta ez hori bakarrik, argudiatu baitu kartzelatua ere ikusi nahi zutela. «Asmo txarrez eta era koordinatuan» aritu ziren, haren arabera.

Sei urte baino gehiago pasatu dira independentzia galdeketa galdu ostean Salmondek kargua utzi zuenetik, eta, orain, mendeku tonuarekin itzuli da Eskoziako Parlamentura, batez ere Sturgeonen aurka. Behin baino gehiagotan leporatu dio Ministroen Kodea hautsi izana gezurra esateagatik, eta, hortaz, argudiatu du lehen ministroak dimisioa eman behar duela.

Atzo ere ideia bera defendatu zuen batzordeko diputatuen artean, eta adierazi gobernuan ez dela kargu uzterik izan, nahiz eta auzitegi batek ebatzi zuen legez kanpoko ikerketa bat egin zutela: «Ardurak nork bere gain hartu behar ditu. [Gobernuak] Gaizki kudeatu ditu akusazioak».

Horrekin batera, iradoki zuen botere banaketa ez dela erabatekoa Eskozian, fiskaltzak iragan asteazkenean bere alegatuaren parte bat moldatzeko eman zuen aginduaren harira. Izan ere, Salmonden ustetan, «froga funtsezko asko kendu» dituzte, «nahita eta modu kalkulatuan». Eskoziako Parlamentuak bitan eskatu dio gobernuari argitara emateko sexu erasoen salaketak kudeatzeko moduaz jaso zuen gomendio legala, baina Sturgeonen lantaldeak ez du halakorik egin oraindik.

Garai batean, SNPko buruzagi eta buruzagiorde gisara, gatazkako bi protagonistak mugimendu nazionalistaren liderrak izan ziren, aliantza sendo bati eta gertuko harreman bati esker. Horren harira hartu zuten Sturgeon Salmonden ordezko naturaltzat, eta hala eskuratu zuen hark independentismoaren gidaritza.

Urte horietan sortua, ordea, erabat hautsi da, gobernuburu ohiaren aurkako sexu eraso salaketek sortu duten egoeragatik. Horren erakusgarri izan da Salmonden parlamentuko batzordeko deklarazioa, egungo lehen ministroaren aurkako hainbat mezu izan baititu; haren kontrako mitin bat zirudien, hein batean.

Bi garaipenetatik tiraka

2018ko abuztuan, The Daily Record egunkariak argitaratu zuen Eskoziako Gobernuak Salmond ikertu zuela, hura lehen ministro zen garaian ustez emakume batzuei egindako jazarpenengatik. Gobernuburu ohiak akusazioak ukatu zituen, SNPtik atera, eta gobernua justiziaren aurrera eraman zuen ikerketa horrengatik; 2019ko abuztuan, Saio Auzitegiak arrazoi eman zion, ebatzi baitzuen Sturgeonen lantaldearen ikerketa legez kanpokoa eta lerratua izan zela. Gerora, 2020ko martxoan, Auzitegi Nagusiak absolbitu egin zuen hamahiru sexu eraso delituetatik.

Egungo lehen ministroak, berriz, aitortu zuen Salmondekin bost aldiz mintzatu zela auziaz—horietako batean bere etxean— gobernua ikerketa egiten ari zen bitartean, baina hori Leslie Evans idazkari iraunkorrari —funtzionario bat da— jakinarazi zion harekin izandako hirugarren bilkuran, ez lehenengoan.

Sturgeonek, gainera, parlamentuko batzordeari idatziz adierazi zion bere etxean Salmondekin izandako bilkura batean jakin zuela sexu erasoen salaketen berri, baina gerora publiko egin zen topaketa hori baino hiru egun lehenago gobernuburu ohiaren lantaldeko kide batekin elkartu zela; lehen ministroak erantzun zuen elkarrizketa hori izana «ahaztu» egin zitzaiola. Horrek hainbat galdera sortu ditu: gobernuburuak zehazki zer ote zekien, eta zergatik elkartu zen Salmondekin modu pribatuan, ezkutuan.

Informazioa argitara eman ostean osatu zituzten bi batzordeak: bata gobernuaren ikerketa ikertzeko, eta bestea lehen ministroak gezurra esan ote zuen argitzeko. Paraleloki, Irlandako Errepublikako Fiskaltzaren buruzagi izandako James Hamiltoni eskatu zioten zehazteko Sturgeonek Ministroen Kodea hautsi ote zuen.

Salmond gogor aritu da hilabeteotan SNPren buruzagitzaren aurka, baina batez ere Sturgeonen kontra. Batzordeari atzo adierazi zion baietz, jakinarazi ziotela sexu erasoengatik salatu zuten emakumeetako baten izena, eta horrek garrantzi handiagoa eman dio lehen ministroaren datorren asteazkeneko deklarazioari. Hura izango da, printzipioz, hara joaten den azken lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.