Familia palestinarren aurkako lege batek pitzadurak sortu ditu Israelgo Gobernuan

Knessetek ez du onartu Herritartasun Legea luzatzea. Lege horrek galarazi egiten die Israelgo herritarrekin ezkondutako Gazako eta Zisjordaniako palestinarrei haiekin bizitzea

Naftali Bennett Israelgo lehen ministroa, atzo. MENAHEM KAHANA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Israelgo gobernu berriak sendo eutsi die orain arte bere batasuna auzitan jarri zezaketen mehatxuei, baina gobernukideen arteko desadostasunak geroz eta agerikoago egiten ari dira, eta gobernuko sektore eskuindarrenaren asmoak baldintzatzen. Horixe gertatu zen atzo parlamentuan, bateratze legea deitu izan zaionarekin.

Lege horrek galarazi egiten zien Israelen ezkontideak dituzten Gazako eta Zisjordaniako palestinarrei haiekin bizitzea, eta Israelgo herritartasuna eskuratzea eragozten zien. Gau osoa eztabaidatzen pasatu ondoren, Ayelet Shaked Barne ministroak atzo goizaldean jakinarazi zuen koalizio gobernuko bazkideek akordioa egin zutela lege hori beste sei hilabetez luzatzeko, horren aurkakoenak ziren bi alderdiak, Meretz eta Zerrenda Arabiar Batua, konbentzitu ondoren. Trukean, 1.600 familia palestinarri bisak ematea onartu zuten eskuineko alderdiek. Akordio hori hautsi egin zuten hiru diputatuk, ordea: kontra bozkatu zuen Yamina alderdiko batek, eta abstenitu egin ziren Zerrenda Arabiar Batua alderdi arabiarreko bi. Aldeko 59 boto jaso zituen legeak, onartua izateko behar zituenak baino bat gutxiago, kontrako beste hainbeste baitzituen.

2003an sartu zen indarrean legea, Bigarren Intifadaren testuinguruan, eta urtetik urtera berritu dute ordutik. Israelen segurtasunaren izenean onartu zuten, argudiatuta Zisjordaniatik eta Gazatik iritsitako palestinarrek Israelgo herritartasuna baliatu zezaketela herrialde horren aurkako erasoak egiteko. Argudio horri eusten diote oraindik ere haren defendatzaileek, baina geroz eta apalago, ezin ezkutatuzkoa baitzaie honezkero arrazoi nagusia beste bat dela: Israelgo biztanlerian gehiengo juduaren nagusitasuna bermatzea. Hala aitortu zuen Yesh Atid alderdiko diputatu Yair Lapidek berak: «Ez dago beharrik bateratze legearen esentzia ezkutatzeko. Israelen gehiengo judua mantentzeko diseinatutako tresna bat da».

Helburu horren zentzua auzitan jarri zuen Mossi Raz Meretzeko diputatuak, legearen inguruko eztabaidan. «Hebron herrialdearen parte baldin bada, zertan eragiten du herrialdearen demografian palestinar bat Lerro Berdearen barruan mugitzeak?», galdetu zuen. Azkenean,bat egin zuen Razek bere gobernukideek adosturikoekin, bere alderdiko gainerakoek egin moduan.

Ahalegin handia egin zuen Naftali Bennett lehen ministroak bere bazkideak legearen alde jarrarazteko, baina, horren zailtasunen jakitun, oposizioan ere bilatu zuen babesa; nagusiki, Benjamin Netanyahu lehen ministro ohiaren Likud alderdian. Familia palestinarrak bateratzearen aurka garden agertu izan da alderdi hori, eta legearen luzapenaren sustatzaile izan da agintean izan den bitartean. Behin handik kanporatuta, ordea, agerian geratu da Likuden lehentasuna gobernu osatu berriari erasatea eta hura albait azkarren botatzea dela. Garden mintzatu zen Netanyahu, ganberan: «Errespetua diot legeari, baina garrantzitsuagoa da gobernua botatzea. Gobernu berriaren arrakalak agerian geratu dira orain». Gogor salatu zuen «behin-behineko gobernua» deitzen dionak azken unean alde bozkatzeko lortutako akordioa. Bennetti eta Lapidi egotzi zien Zerrenda Arabiar Batuko diputatuen botoak erosi nahi izatea eta horren bidez milaka palestinar herrialdera sartzea ahalbidetu eta «Israelgo Estatuaren segurtasuna eta identitate sionista arriskuan jartzea».

Haren aurkako hitzak eta legeak indarrean jarraitzea eragotzi zuten guztien kontrakoak izan zituen Bennettek, behin bozketaren emaitzaren berri izandakoan. «Politika zekena Israelgo herritarrenongizatearen gainetik» jarri izana egotzi zien, eta horregatik «kontu eman» beharko dutela ohartarazi zuen. Mehatxu hori jaso zutenetako bat izan zen Bennetten alderdikide Amichai Chikli. Koalizio gobernua osatzen duten alderdietako diputatuen artean legearen kontra bozkatu zuen bakarra izan zen Chikli.Ez dator bat bere alderdiaren ildoarekin, eta Netanyahu kargutik kentzeko egindako gobernu akordioaren aurkakoa da.

15.000 eskaera

Bart gauean zen indarrik gabe geratzekoa legea, behin parlamentuak atzera botata. Gobernuak aukera izango du berriz ere bozketara eramateko, eta Bennettek hori egiteko asmoa adierazi zuen atzo, baina, bitartean, erantzuna eman beharko die milaka palestinarrek Israelen bizitzeko egindako eskaerei. 15.000 lagun inguru ziren atzo arte hara lekualdatzea eskatu zutenak. Hala ere, atzerako eraginik ez du legeak, eta, horrenbestez, atzo gauerditik aurrera egindako eskaerak aztertuko ditu gobernuak. Barne Ministroak izango du horretarako eskumena.

Hala ere, eskaerak bideratzeko aukera izateak ez du inondik ere esan nahi horiei zuzenean baiezkoa emango dienik Barne Ministerioak. Jasotako eskaera bakoitza Shin Bet Israelgo zerbitzu sekretuen eskuetara igaroko da, eta haiek oniritzia eman beharko diote, segurtasun irizpideetan oinarrituta. Ondoren, Barne Ministeriora bidaliko dute berriz, eta hark izango du azken hitza.

Funtsean, beraz, ez da aurreikusten aldaketa esanguratsurik, lehengo irizpide berberak aplikatuko baitira eskaerak onartzeko edo baztertzeko. Hala ere, baztertutakoei auzitegietan helegitea jartzeko aukera izango da, eta baliteke horrek zirrikitu bat irekitzea hainbat palestinarrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.