Gerra Ukrainan

Errusiak ez du kontrol osorik anexionatu duen eskualde bakar batean ere

Ukrainako indarrek Khersongo zenbait eremu «askatu» dituzte, Zelenskiren esanetan. Moskuk aitortu du ez duela argi zer muga zehatz dituzten bere lurraldearen parte egin dituen eremuek

Gizon bat Mariupolen (Ukraina), suntsituriko auto batzuei begira. EPA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Errusiako behe ganberak aho batez onartu ditu Ukrainan okupatutako Kherson eta Zaporizhia probintziak eta Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikak Errusiako Federaziora batzeko itunak, Vladimir Putin Errusiako presidenteak joan den ostiralean lau eskualde horiek anexionatzeko hitzarmenak sinatu ondoren. Hala jakinarazi zuen atzo TASS Errusiako berri agentziak. Baina eremu horietako bat bera ere ez dago osorik Moskuren kontrolpean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak adierazitakoaren arabera. Haren esanetan, Ukrainako indarrek Errusiak erabat okupaturik zuten eskualde bakarrean sartzea lortu dute: Kherson oblastean.

Zelenskik herenegun gauean adierazi zuen Ukrainako armadak KhersongoArkhanhelske eta Miroliubivka kokalekuak «askatu» dituela; baita Donetsk eskualdeko Torske herria ere. Ukrainaren «kontraerasoak» aurrera jarraitzen du etengabe.Aurretik, larunbatean, Donetsk eskualdeko Liman hiri estrategikoa «berreskuratu» zuen.

Presidenteak zehaztu zuenez, Ukrainako armada Luhansk eskualdearen zati bat berreskuratzeko «ahaleginean» ere ari da. Oraingoz, Bilohorivka herria soilik dute kontrolpean oblast horretan.

Errusiako behe ganberako presidente Viatxeslav Volodinek atzo aitortu zuen Errusiak ez duela oraindik kontrolpean anexionatutako lurralde osoa. «Bai, eskualde horietan borrokak daude. Faktore hori kontuan hartu behar dugu, eta gure eskuetan dagoen guztia egitea dagokigu Errusiako Federazioaren lurraldea askatzeko».

Errusiako behe ganberak okupatutako lau eskualdeen anexioa onartu ostean, Kremlinek azaldu du Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikek 2014ko mugak izango dituztela; Zaporizhiak bere muga administratiboen barruan egingo duela bat Errusiarekin, eta Khersoni erreferendumetan parte hartu zuten Mikolaiv oblasteko bi barruti lotuko zaizkiola —Snegirevka eta Aleksandrovka—.

Hala ere, Errusiako Gobernuaren bozeramaile Dmitri Peskovek aitortu du Kherson hegoaldeko eta Zaporizhiako mugak ez daudela guztiz zehaztuta, eta eremu horietako herritarrei kontsulta egiten jarraituko duela Moskuk, mugak erabat finkatze aldera. Ez du argitu kontsulta horiek nolakoak izango diren.

Parlamentuko behe ganberak itunak onartuta, Errusiako Senatuak berretsiko du anexioa gaur.

Anexiorako itunez gain, behe ganberak eztabaidagai izan ditu lurralde anexionatuek Errusiako Federazioan sartzeko indarrean jarriko dituzten lege konstituzionalen proiektuak ere. Hain zuzen, dokumentu horien arabera, errusiera izango da lau eskualde horietako hizkuntza ofiziala, baina bertako herritarrei beren ama hizkuntzan hitz egiteko eskubidea bermatuko zaie; besteak beste, ukraineraz. Aldi berean, hizkuntza horiek ikasteko eta garatzeko baldintzak sortuko ditu Errusiak. Dibisa nazionala, berriz, errubloa izango da 2023tik aurrera; aldiz, Ukrainako dibisa, hrivnia, datorren abenduaren 31ra arte erabili ahalko dute.

Halaber, lurralde horietan bizi diren errusiarrek «enplegu bermeak» izango dituzte, eta hezkuntzarako dokumentuak «aitortuko» zaizkie, baita beren egoera zibila, lan esperientzia eta pentsioa, laguntza soziala edota arreta medikoa jasotzeko eskubidea egiaztatzen dituzten dokumentuak ere. Horretaz gain, Donetskekoeta Luhanskeko herri errepublikek eta Zaporizhia eta Kherson eskualdeek beren izena mantenduko dute.

Ukrainako presidenteak, bestalde, nabarmendu zuen zigortu egingo dituela Errusiak bere egin dituen lurraldeetan «erreferendumak» antolatzen aritu zirenak. «Gure estatuaren aurkako erasoetan lotura izan duen orok ondorioak jasango ditu».

Kargugabetzea

Putinek irailaren 21ean deitutako «mobilizazio partzialaren» harira, Mikhail Degtiarev Errusiako Khabarovsk eskualdeko gobernadoreak atzo iragarri zuen kargutik kendu duela Errusia ekialdeko erakunde federatu horretako komisario militarra, Juri Sergueieevitx Laiko, milaka herritar «modu irregularrean» mobilizatzeagatik. Gobernadoreak argudiatu zuenez, Laikok «hutsegite ugari» egin zituen mobilizazio partzialaren esparruan erreserbistek izena emateko prozesuan.

Degtiareven esanetan, Khabarovsko milaka erreserbistak zitazioak jaso zituzten lehen hamar egunetan, eta erregistro militarreko bulegoetara heldu ziren. «Erdiak etxera bidali genituen, ez zituztelako betetzen soldadutzan sartzeko irizpideak».

Bestalde, Moskuk errefusatu egin zuen atzo Txetxeniako buruzagi Ramzan Kadirovek egindako gomendioa, hots, Errusiako armadaren «galerei» erantzute aldera Ukrainan bonba nuklear bat jaurtitzea. Peskovek erantzun zion Kremlinek «ikuspegi orekatua» bermatuko duela, eta ez «emozioetan oinarritutakoa».

Bitartean, Mosku adi-adi ari zaio begiratzen Ukraina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko prozesuari. Zelenskik joan den ostiralean iragarri zuen NATOko kide bihurtzeko eskaera egingo dutela, urgentziazko prozedura erabilita. Erakunde hartako idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, berriz, esan zuen Ukraina babesten jarraituko dutela. Halere, haren iritziz, garrantzitsuena da Kievi berehalako laguntza ematea, inbasioari aurre egiteko, eta iradoki zuen Ukraina erakundean sartzea ez dela lehentasuna orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.