Mustafa Sener. Zientzia Politikoetako doktorea

«Kurdistanentzat bakea eskatzea akademikoen askatasuna babestea da»

Auzi kurdua konpontzearen aldeko manifestua sinatu duten akademikoak zigortu ditu Turkiako Gobernuak, haien aurkako «sorgin ehiza» hasita. Erdoganentzat, «traidore eta doilorrak» dira.

BERRIA.
Istanbul
2016ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Mustafa Sener (Mersin, Turkia, 1968) Zientzia Politikoetako doktorea da Ankarako Unibertsitatean, Turkiako prestigiotsuenean. 22 urte daramatza irakasle Mersingo Unibertsitatean. Bota egin zuten urtarrilaren 13an Bakearen Aldeko Akademikoen Egitasmoak egindako adierazpen publikoa sinatzeagatik. «Ez dugu delitu honen konplizeak izan nahi», zioen 1.128 akademiko turkiarrek sinatutako adierazpenak. Recep Tayyip Erdogan presidenteak salatu ostean, beste talde bat gehitu zitzaien hasierako sinatzaileei: guztira, 2.212 akademiko. Horietatik 1.000k espedientea zabalik dute, eta 40 lanposturik gabe utzi dituzte. Lau espetxean daude.

Hamaika adierazpen sinatutakoa zara, baina duela hiru sinatutakoa lepotik ordaindu duzu.

Bai, lana galdu dut. Gauza askorik ez dela aldatuko jakinda sinatu nuen, askorik pentsatu gabe, baina gutxienez nire jarrera erakutsi dut neurririk gabeko izugarrikeria honen aurrean, faraoiaren sutea itzaltzeko ura zeraman inurriak bezala.

Sutearekin Turkiako egoerari egiten diozu aipamen, ezta?

Gero eta bide autoritarioagoa darabil Ankarak iazko udaz geroztik, auzi kurduari indarkeriaz erantzuten hasi zenetik, batez ere. Sektore guztietan dago errepresioa, unibertsitate, komunikabide eta intelektualen kontra. AKP gobernuaren alderdia, elkarrizketaren bide baketsua baztertu, eta armen bidez erantzuten hasi zen berriz mugimendu kurduaren eskakizunei, eta, gainera, gatazkaren aurreko garaietanegindakoa baino gerra gogorragoarekin. Hirietan bonbak lehertzen hasi ziren, zibilak hiltzen, umeak eta zaharrak, PKK-ko gerrillariez eta soldaduez gain, eta egoera dramatikoa txartu zuten etxeratze aginduek. Hiri osoak suntsitu dituzte, eta kurduek ezin izan dituzte beren hildakoak lurperatu. Iazko urriaren 10ean auzi kurduari irtenbide baketsua emateko egindako manifestazioa lehertu zuten,ehun pertsona baino gehiago hilda, eta horri bonba gehiago erantsi zizkioten. Indarkeriaren zurrunbilo horretatik atera zen akademikoen adierazpenaren ideia. Zerbait egin nahi genuen, geldirik geratu beharrean. Adierazpenean, estatuaren bortxazko politiken ondorioak nabarmendu genituen; gerra amaitzeko eta negoziazio mahaira itzultzeko eskatu genion, elkarrizketak gobernuak hautsi zituen eta.

Erdoganek «analfabeto, doilor, traidore» eta beste irain askorekin erantzun zizuen. Espero zenuen erantzun hori?

Bai eta ez. Ez genuen horrenbesteko erreakzioa espero, baina Erdoganen estiloa horrelakoa da, eta gure adierazpenak espero baino oihartzun handiagoa izan zuen; gobernukide gehiagoren erantzuna etorri zen: haiek kontrolatzen duten prentsan gure izen-abizenak agertu ziren, eta sorgin ehiza hasi zen gure kontra.

Errektoreek ere parte hartu dute zuk diozun sorgin ehizan. Zure unibertsitatekoak errekorra du jendea kaleratzen.

Sei gaude kalean, eta gainerakoak botako zituela esan zuen, unea iristen denean, hau da, kontratua amaitzen zaienean. Errektoreek, oro har, Erdoganen agindu gisara hartu zituzten bere esanak, eta zigor administratiboak, lanpostu aldaketak eta kaleratzeak egon dira sinatzaileen aurka.

Kaleratzeez gainera, auzibideak ere hasi dituzte. Lau lankide kartzelan dituzue, ezta? Zer irizpideren arabera espetxeratu dituzte?

Ez dago irizpiderik. Adierazpena egin eta bi hilabetera, lau lankideok prentsaurrekoa eman zuten kanporaketak eta jazarpena salatzeko, eta berehala atxilotu zituzten, baina akusazioan ez da egiten prentsaurrekoaren aipamenik. Denok espetxeratu beharko gintuzkete.

Erdoganek zuen lanetik kanpo dagoena egitea kritikatu zuen.

Hain justu guk egin dugu akademiko batek egin behar duena. Arazo sozialez arduratzea ere bada gure ardura, eta, batez ere, gerra bat dagoenean eta horrenbeste pertsona hiltzen direnean. [Jean-Paul] Sartrek esan zuen moduan, «intelektuala izatea da ez dagokizun lekuan sartzea».

Presidenteari ere ez dagokio zuen atzetik ibiltzea, baina hala egiten du. Zer gertatuko da?

Guri gertatzen ari zaiguna ez da kasu bakan bat, 2016ko Turkiaren laburpena da. Berriz ere ikusi dena da auzi kurduari irtenbide baketsu bat ematen ez zaion bitartean demokraziarik ez dagoela Turkia osoan. Estatu honetan armek hitz egiten duten bitartean, ezin dugu iritzia ematearen moduko oinarrizko eskubide bat praktikan jarri. Mendeetako auzi kurdua konpontzeko eskatzen dugunean, askatasun akademikoa ere aldarrikatzen ari gara. Beraz, adierazpen hori defendatzen jarraitzen dugu.

Nahiz eta oso garesti atera?

Pablo Nerudak esan bezala, lore guztiak moztu ahalko dituzte, baina ezingo dute udaberria geldiarazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.