Arrauna. KAE 1 liga

Norbere «miseriei» barrezka

Zarauzko Arraun Elkartea kondenatua dago oso epe motzeko plangintza osatzera, luzera begiratu ezinik, baina badu heldulekurik: harrobia. «Pozik» daude klubean.

Gaizka Garmendia, Gari Uranga eta Ekhi Ilarramendi, atzo, Zarauzko hondartzan. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
<i>Zarautz</i>
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Irabazi aditzak adiera zehatza dauka hiztegian, eta ez du misterio handirik eskatzen esanahia ulertzeko. Dirua irabazi, kirol lehiaketa bat irabazi, saria irabazi... horra irabazlea bere gordinean. Baina irabazi gabe ere lor daitezke irabaziak, emaitza bikain, lehiaketa zehatz edo sariren baten saretik kanpo daudenak. Adibidez, egoera zailetan aurrera jarraitzeko barre egiteko ahalmena eta gaitasuna edukitzea ez al da ere irabaztea?

Horrela bizi dira Zarauzko Arraun Elkartean, «gure miseriei barre eginez», Gaizka Garmendiak (Zarautz, Gipuzkoa, 1973), zuzendaritzako kide eta patroietako batek kontatu duenez. Talde apala da Zarautz, «kondenatuta dagoena urtez urteko helburuak jartzera, epe luzera begiratzea ere ez daukagulako bermatuta». Ekhi Illarramendi (Zarautz, 1983) harrobiko arraunlarien entrenatzaile da orain, urtetan Enbata traineruan arraunean ibili eta gero. «Kontuan izan behar da Zarautzen zenbat kirol dauzkagun, eta arraunlariok ez gaituzte herrian entrenatzen ikusten [Aian du kirol egoitza]. Zailagoa da guretzat herriko umeak arraunera erakartzea». Azaldu da miseria bat. «25-30 ume baino ez ditugu izan aurten, gazte mailakoak sartuta, eta kopuru oso justua da», gehitu du Garmendiak. «Arraun zaletasunik ez dago herrian», eman dio errematea Gari Urangak (Zarautz, 1982), Enbata-ko arraunlari eta entrenatzaileak. Bigarren miseriaren berri eman du, horrenbestez.

Haur gutxi arraunerako, zaletasunik ez herritarren artean, eta, hala ere, trainerua uretan. Mirariaren pareko zerbait ere izan daiteke Zarautzen egiten ari direna, baina ohituta daude egoera horretan bizitzen: «Unean uneko erabakiekin bizi izan da kluba ia beti. Ni arraunean hasi nintzenean, eta dagoeneko joan dira 30 urte, ez zegoen senior mailako arraunlaririk, eta, urte batzuetan,ezin izaten zen trainerua atera, eta, ateratzen genuenean, beste klub batekin karanbola arraroak eginda izaten zen: Orio B-rekin, Arraun Lagunak-ekin, Santiagotarrak-ekin...». Baina, hala ere, iraun, eta duintasunez, gainera.

Izen hori erabiltzea ez da debaldekoa, gainera, duina behar delako izan harrobiko haurrekin daukaten bideari eusteko: «Gipuzkoako arraun elkarte batzuek nahi dute kimu arraunlariekin lanean hastea, baina, gure ustez, haurren kategorian hasita nahikoa da. Hemen Zarautzen, gainera, lehia bezalakoa dago kirol kluben artean zeinek hartuko beretzat umeak, eta guk ez dugu hori sustatu nahi. Gureari eusten diogu, nahiz eta jakin haur kategorian arraunlari bila hasten garenean ia ezinezkoa izaten zaigula klubera batzuk gerturatzea, beste kiroletan ari direlako».

Kopuru txikikoa, baina harrobia du oinarri Zarautzek, eta horretan sinesten dutela dio Garmendiak: «Zuzendaritzan gaudenetik, guk garbi izan dugu ez garela sartuko kanpoko arraunlariak fitxatzen. Indarra harrobian daukagu». Illarramendik gogora ekarri du kluba bide horretan sartu izan zenean gertaturikoa: «Duela hamar-hamabi urte, ekarri ziren dozena erdi bat kanpoko, eginda geneukan etxeko taldeari bultzada emateko, baina kontuz ibili behar da politika horrekin, ez duelako zertan kanpokoak etxekoak baino hobea izan».

Hiztegira berriz ere buelta eginda, irabazi aditza dagoen lekuan begia jarri, eta gogora etortzen da enbata izan zela irabazlea, hiztegiko adiera berean: «2007an irabazi genuen orduko San Miguel ligako bandera bat, Zumaian, klubaren historiako bakarra liga horretan», gogoratu dute Enbata handi hartako arraunlari ziren Illarramendik eta Urangak.

Traineru onaren onurak

«Oiloaren eta arrautzaren jolasean sartuko gara orain, 2007koa atera denez solasaldira», aurreratu du Urangak: «Nik garbi ikusten dut harrobian arraunlari gehiago izateko laguntza ederra litzatekeela trainerua goi-goian ibiltzea. Azken batean, oraingo arraunlari batzuk zaletu ziren gu 2007an irabazten ikusita. Baina goi-goian ibiltzeko urte askoko lana egin behar da talde berarekin, eta, gaur egun, dena presaka lortu nahi izaten dugu, batere pazientziarik gabe. Utzi egiten dute azkarregi arraunlariek, eta, ezin, bada, puntako trainerua eraiki, eta ez badago, ezin harrobian nahikoa arraunlari eduki».

«Puntako trainerua» dioenean, Eusko Label ligaz ari da Uranga, baina badaki urrutiko ametsak direla horiek oraingoz. KAE 1 ligan dabil Enbata, eta bosgarren doa, denboraldi oso ona eginez. Herenegun, hutsa behar izan zuen Plentziako bandera irabazteko, telebistaz emandako estropadan, eta horri ere heldu dio entrenatzaileak: «Duela aste batzuk laugarren egin genuen, hirugarrenak ere izan gara, baina herrian ia inork ez zuen jakin. Aldiz, Plentziakoa azkar zabaldu da, telebistagatik, eta horrela ibili beharra tristea iruditzen zait».

Traineru indartsua heldu bitartean, heltzen bada, bidea ondo zehaztua daukate: harrobia landu. «Badakigu Zarautzen bidea orain arte bezalakoa izango dela, liga batetik bestera, gorago edo beherago», onartu dute, eta oso epe motzera begiratuta, «etxeko estropadan, bihar,lehen bostetan sartzea» dute asmoa. Lortu edo ez, egon ziur barre egingo dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.