Soldadu ohi bat auzipetu dute Bloody Sundayko gertakarien harira

Irlandako Derry hirian 1972an bi manifestari hiltzea leporatu diote Erresuma Batuko armadako kide izandako bati. Familiak ez daude ados erabakiarekin, militar gehiagok hartu zutelako parte erasoan
Igande Odoltsuko gertakariak irudikatzen dituen mural bat, Irlandako Derry hirian.
Igande Odoltsuko gertakariak irudikatzen dituen mural bat, Irlandako Derry hirian. PAUL MCERLANE / EFE

Ane Ubegun Goikoetxea -

2019ko martxoak 15
Ipar Irlandako Fiskaltzak atzo aurkeztu zituen Erresuma Batuko armadako soldadu ohi baten aurkako karguak, 1972an Irlandako Derry hirian izandako Bloody Sunday (Igande Odoltsua) gertakariaren harira — Erresuma Batuko armadak hamalau manifestari hil zituen tiroz—. Fiskaltzak argudiatu zuen badela froga nahikoa soldadua bi zibilen hilketekin lotzeko —F soldadua izendatu du—, eta beste lau pertsona hiltzen saiatu izana leporatu zion. Dena den, fiskaltzak ez zuen aurkeztu PSNI Ipar Irlandako Poliziak ikertutako beste hamasei militar ohien aurkako kargurik. Bloody Sundayn hildakoen familiek adierazi zuten garaipen bat dela soldadu ohiaren aurkako karguak aurkeztu izana, baina nabarmendu zuten «izugarrizko atsekabea» sentitu dutela jakitean gainerakoen aurkako akusaziorik ez dutela aurkeztu.

«Aurrez aurre elkartu nahi dugu familiekin, hartu dugun erabakia azaltzeko eta arrazoiak ulertarazteko», adierazi zuen Stephen Herron fiskalak. Onartu zuen erabakia gogorra dela biktimen familientzat, eta erabakia hartu dutela «soilik oinarrituta Bloody Sundayko jokabide kriminaletan». Poliziak salatutako susmagarriek zinaustea egin ote zuten ikertuko dute orain.

Gavin Williamson Erresuma Batuko Defentsa ministroak azaldu zuen gobernuak «lege babes osoa» eskainiko diola F soldaduari. «Zorretan gaude Ipar Irlandara bakea ekarri zuten soldaduekin». Williamsonen ustez, garai hartan Irlandara bidali zituzten soldaduek gaur egun «bidegabeki tratatuak» izateko arriskua dute, eta iragarri du gatazkako gertakarien ondorioak kudeatzeko eran aldaketak egingo dituztela. «Gure funtzionarioak, jardunean daudenak eta lehengoak, ezin dira auzipetuko dituzten beldur etengabean bizi».

Biktimen familiek, berriz, esan zuten ez daudela amore emateko prest: «Hau ez da amaiera. Aurrera jarraituko dugu, eta espero dugu errudun guztiak Justiziaren aurrera iristea», adierazi zuten biktimen familiek Derryn eman zuten prentsaurreko batean. Hilketan parte hartu zuten soldaduei ere helarazi diete mezua: «Kargurik gabe daudenei gogorarazi nahiko genieke zigorrik ez jasotzeak ez duela esan nahi errudun ez direnik. Ez du esan nahi deliturik egon ez zenik. Ez du esan nahi soldadu horiek modu duin eta aproposean jokatu zutenik».

47 urte igaro dira Irlandako gatazkako gertakaririk ilunenetariko bat izan zenetik. Bloody Sunday mugarri esanguratsua izan zen, eta gaur egun, justizia eske ari dira hildakoen familiak. 2016ko azaroan, PSNI Ipar Irlandako Poliziak egindako ikerketa bat bidali zion fiskaltzari. Hogei susmagarri elkarrizketatu zituen Poliziak ikerketa horretan —horietako hemezortzi soldadu ohiak ziren—, eta 668 testigantza bildu zituen. Horretaz gain, egun hartako argazki eta bideoak ere aurkeztu zituen.

Bloody Sunday

1972ko urtarrilaren 30ean gertatu zen sarraskia. Irlandako gatazka armatu modernoaren hastapeneko urteak ziren. Bi alde nagusi zeuden etsaituta Ipar Irlandan: alde batetik, unionistak —gehienak protestanteak—, zeinak Ipar Irlanda Erresuma Batuaren parte izan behar zela defendatzen zuten; eta, bestetik, irlandar errepublikanoak eta nazionalistak —gehienak katolikoak—, Irlanda errepublika bakarrean batzearen aldekoak.

Urtarrileko arratsalde hartan, eskubide zibilen aldeko manifestazio batera deitu zuen NICRA Ipar Irlandako Eskubide Zibilen Aldeko Erakundeak. Epaiketarik gabeko espetxeratzeen aurka deitu zuten manifestaziora. 15.000 pertsona inguru atera ziren kalera, eta modu baketsuan hasi zen manifestazioa. Hasiera batean, hiriko udaletxera joatekoak ziren manifestariak; izan ere, agintariek debekatu zieten auzo nazionalistetatik ateratzea, eta mugetan barrikadak jarri zituzten, zeharkatu ez zitzaten.

Baina barealdiak ez zuen asko iraun. Manifestari talde bat harriak jaurtitzen hasi zitzaien mugan zeuden barrikadei, eta horietan zeuden soldaduek erantzun egin zieten: gasa, gomazko pilotak eta presio handiko ura jaurti zituzten hasieran, eta, gero, soldaduek barrikadak zeharkatu eta tiro egiten hasi ziren. Hamahiru manifestari hil zituzten momentuan bertan tiroz, eta hogeita hamar zauritu zituzten. Horietako bat lau hilabete geroago hil zen, ospitalean.

Erasoa gertatu eta segituan piztu ziren protestak mundu osoan. IRAk bonbak jarri zituen Belfast hirian, Dublingo udaletxeari su eman zioten, eta Europan nahiz AEBetan manifestazioak egin ziren, hilketak salatzeko.

Garai hartako Erresuma Batuko lehen ministroak eskatu zion Auzitegi Gorenari gertatutakoa ikertzeko. Auzitegi Gorenak soldaduak errugabetu zituen, argudiatuz beren buruaren defentsan egin zutela tiro, eta Elizabeth II.a erreginak dominak eman zizkien egun hartan Derryn zeuden soldaduei. 1998an, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak «ikerketa judizial osatu berri» bat eskatu zuen. 2010ean argitaratu zuten azken ikerketa horren emaitza; ondorioztatu zuten sarraskian hildakoak ez zihoazela armaturik, eta soldaduak izan zirela tiro egin zutenak. David Cameron lehen ministroak barkamena eskatu zien biktimei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna