2020a, epaiketa garrantzitsuen urtea

Sarkozy presidente ohia ustelkeriagatik epaituko dute; Fillon lehen ministro ohia, lanpostu faltsuengatik; eta Gueant Barne ministro ohia, iruzur kasu batzuengatik. Zerrenda luzeko protagonistetako batzuk dira.

ander perez zala
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Frantzian zerrenda luze bat osatzen ari dira urteotan, eta ez da bereziki harro egoteko modukoa: ustelkeria kasuak ugaritu egin dira, batez ere espektro ideologikoaren eskuinean. Eta horien protagonistak ez dira edonor, tartean baitaude Nicolas Sarkozy presidente ohia, François Fillon lehen ministro ohia eta 2017an presidentetzarako hautagai izandakoa, eta Marine Le Pen Batasun Nazionalaren (BN) buruzagia, besteak beste. Horiek ia guztiak 2020an epaituko dituzte.

Sarkozyren kasua da azken hamarkadako esanguratsuena. Oraingoz, bi epaiketari egin beharko die aurre: bata, 2012ko presidentetzako hauteskundeetako kanpainaren ustezko finantzaketa irregularragatik; bestea, ustezko ustelkeriagatik.

Bygmalion afera entzutetsuari egin beharko dio aurre lehenik: 2012ko presidentetzarako hauteskundeetako kanpainan finantzaketa irregularra izatea leporatu diote. Bigarren epaiketan, Sarkozy ustelkeriagatik epaituko duten V. Errepublikako lehen presidentea bilakatuko da —influentzia trafikoa ere egotzi diote—; akusazioaren arabera, Frantziako presidente ohiak zin egin zion Kasazio Auzitegiko epaile bati ahal zuena egingo zuela Monakoko postu garrantzitsu bat lortu zezan, trukean hari buruz sekretupean zegoen informazio bat helarazten bazion.

Sarkozyk, gainera, beste zortzi auzitan parte hartu du ustez, edo zerikusia izan du.

Haren lehen ministro izandako François Fillon datorren urteko otsailean epaituko dute, ustez diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik haren emaztea kontratatzean —biak daude inputatuta—. Kasua publiko egin zen 2017an, presidentetzarako hautagai zenean, eta, horrek eraginda, ez zen sailkatu boz horien bigarren itzulirako.

Sarkozyrekin Barne ministro izandako Claude Gueant ere epaituko dute, iruzurragatik; bi urteko zigorra jasoa du jada, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik.

Le Pen ere bai

Eskuinerago, Le Pen da urteotako beste protagonistetako bat, enplegu faltsuen auzian. Ikerketaren arabera, BNren buruzagiak laguntzaile lanetarako ez zuen inor kontratatu europarlamentuan, baina lanpostu horien soldata jaso egin zuten. Inputatuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.