Normaltasunik ez itsasoan

'Ocean Viking' itsasontziak 181 migratzaile erreskatatu ditu Mediterraneoan, eta, hamar egunez lehorreratzeko zain egon ostean, berrogeialdian daude orain Sizilian.

Ocean Viking ontziko hainbat lagun maskara jantzita, COVID-19aren aurkako segurtasun neurriak direla eta. FLAVIO GASPERINI / SOS MEDITERRANEE.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiak mundua gelditu du hiru hilabetez, eta etenaldi horrek Mediterraneo itsasoko erreskateak ere geldiarazi ditu. Marseillako (Frantzia) portuan ainguratuta egon da SOS Mediterranee erakundearen Ocean Viking laguntza humanitariorako ontzia, baina itsasora itzultzean errealitate berberarekin egin du topo:COVID-19ak ez du itsasoa gurutzatzera beharturik dauden migratzaileen egoera aldatu. Hamar egun noraezean ibili ostean erreskataturiko 181 pertsonekin, agintariek Sizilian (Italia) lehorreratzeko baimena eman zieten. Orain, Moby Zaza itsasontzian daude, eta bertan egon beharko dute 14 egunez, berrogeialdian.

Ocean Viking ontzia ekainaren 22an itzuli zen itsasora, baina aurretik egokitzapen lanak egitea tokatu zitzaion bertako lantaldeari, koronabirusa dela eta. Guztiei egin zieten COVID-19aren proba, eta protokolo zehatza prestatu zuten: maskarak guztientzat, tenperatura egunero hartzea, eta norbera babesteko ekipamenduak erreskateetarako. Izan ere, François Thomas Frantziako SOS Mediterranee erakundearen zuzendariaren esanetan, erreskatatuen «segurtasuna» bermatzea zen garrantzitsuena.

Itsasoratu eta gutxira hasi zitzaizkien lehen larrialdi abisuak iristen. Lau dei jaso zituzten guztira; bat Italiako erreskate eremutik eta beste hirurak Maltakotik. Egoera latza zen: 181 migratzaile erreskatatu zituzten Libiatik Europarako bidean, noraezean. Horietako askok bost egun zeramatzaten itsasoan, txalupa txiki batean, hondoratzeko zorian. «Leher eginda, estresatuta eta deshidratatuta zeuden» azaldu du Thomasek. 25 adin txikiko eta haurdun bat zeuden tartean.

Lehorreratzeko beharra agerikoa zen, eta, eskaerak egin zizkieten arren Maltako eta Italiako agintariei, konponbidea ez zen nahi bezain azkar heldu. «Ez genuen inolako erantzunik jaso hainbat egunetan» azaldu du Thomasek. Gero, ezezkoa eman zieten bi herrialdeek. Egunetik egunera, baina, egoera jasangaitzagoa zen itsasontzian: «Erreskataturikoek infernua bizi izan zuten Libian, eta izuturik zeuden hara bueltatzearekin», dioThomasek. Egoeraren ezjakintasunak eta erantzun faltak, gainera, areagotu egin zuen ezinegona:«Itsasontzian igarotzen zuten egun bakoitza estres egun bat gehiago zen».

Haietariko askok «ondorio psikologiko larriak» zituztela azaldu du Thomasek, eta batzuk «min hartzeko edo emateko» arriskua zutela. Hain zuzen ere, egoera muturreraino heldu zen: sei lagun bere buruaz beste egiten saiatu ziren. Batzuek jauzi egin zuten itsasora, eta borrokak ere areagotu egin ziren. Egunak pasatu ahala, gero eta zailagoa zen egoera kudeatzea. Larrialdi egoera deklaratu zuen itsasontziak, eta laguntza eskatu zien Italiako agintariei: «Istripu bat izateko arriskua oso handia zen». Laguntza, ordea, ez zen heldu.

Halere, itsasontziko lantaldeak lortu zuen egoerari eustea. Zaintza txandak bikoiztu zituzten, eta erreskatatuak baretzen ahalegindu ziren. Hamar egunen ostean heldu zen berri ona: itsasontziak Sizilian lehorreratzeko baimena jaso zuen. Halaber, Thomasek azaldu du «sentimendu kontrajarriak» izan zituztela: «Lasaitu ederra» hartu arren, kezkaturik zeuden pertsona horiekin zer gertatuko zen.

Lehentasuna, bizitzak

Sizilian, COVID-19aren proba egin zieten itsasontzian zeuden guztiei, eta denek negatibo eman zutela azaldu du Thomasek, baina erakundeak ez du Moby Zaza-n berrogeialdian dauden 181 migratzaileen egoeraren berririk. Ocean Viking-eko lantaldea, berriz, itsasontzian bertan ari da berrogeialdia egiten, portuan ainguraturik.

Itsasoan egon diren egunetan, laguntza eskasa jaso dute kanpotik. Gizon batek sukarra zuenez, bakartu egin zuten erreskatatu bezain laster, baina, hobera egiten ez zuela ikusita, gizona ebakuatzeko eskatu zuen itsasontziko lantaldeak. Italiako agintariek erreskate ontzi bat bidali zuten, eta gizona itsasontzitik atera zuten. Gero jakin zuten negatibo eman zuela COVID-19aren proban. Gainerakoek, ordea, bertan jarraitu behar izan zuten. Larrialdi egoera deklaratu ostean, mediku baten eta gizarte langile baten bisita ere izan zuten ontzian, baina Thomasek salatu du ez zutela «erantzun egokirik» jaso, «egoeraren larritasuna» ikusita.

Ocean Viking ontziko lan gogorrari koronabirusaren itzala gehitu behar izan diote orain. Zalantzarik izanez gero, langileek konfinatzeko neurri bereziak hartu behar dituzte, eta eguneroko kontrola zorrotza da: maskarak, tenperatura hartzea eta eskuetako higienea. Migratzaileentzat ere beste «zama» bat bihurtu da birusa. Pandemiaren ondorioz, gainera, erreskate ontziek itxita dituzte Italiako eta Maltako portuak.

Thomasek aitortu du koronabirusaren krisia ez dela «erraza» izan, Italian bereziki, baina Europako herrialdeen «elkartasun falta» gaitzetsi du: «Pandemian zehar lehentasuna bizitzak salbatzea izan da, ekonomiaren aurretik. Itsasoan ere berdin izan beharko luke: bizitzak salbatzea ez litzateke eztabaidagai izan beharko». Thomasek uste du Europako herrialdeek ez dutela «asmorik» migranteen auzian ardurarik hartzeko.

Horren aurrean, beraiek lanean jarraituko dute, baina aldarrikatu du berehalakoan behar dutela lehorreratzeko hitzarmen koordinatu bat: «Gobernuz kanpoko erakundeen ontziak bizitzak salbatzeko ari dira lanean; ezin dira kriminalizatu». Hain zuzen ere, Maltako hitzarmenari berriz ekiteko eskatu du Thomasek. Irailean, Maltako, Italiako, Frantziako eta Alemaniako agintariek migrazio fluxuak kudeatzeko hitzarmen bat adostu zuten. Lau asteko epean Mediterraneoan erreskataturiko migratzaileei babesa ematea eta asilo eskatzaileak banatzea jasotzen zen bertan. Hitzarmenak, baina, ez zuen Europako beste herrialdeen babesa jaso.

Orain, koronabirusak dena estali duen garaiotan, ikusteko dago zer etorkizun izango duten Mediterraneoan erreskatatu dituzten migratzaileek eta haiei laguntzen diharduten erakundeek. Normaltasunetik urrun baitago errealitatea itsasoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.