Kalkulagailua piztuta daukate

Gaur jokatuko da Ligako azken-aurreko jardunaldia. Realak eta Athleticek Europa dute jokoan; Alavesek, berriz, jaitsiera. Lasai ariko dira Osasuna eta Eibar.

Realeko eta Athleticeko jokalariak, lehian, Anoetan sasoi honetan jokatutako derbian. JON URBE / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Ligako azken txanpak matematika azterketa baten itxura hartu du Reala, Athletic eta Alavesentzat. Izan ere, ekuazioak ebatzi beharko dituzte beren helburuak lortu ahal izateko. Kontuak nahiko garbi dituzte Alavesek eta Realak, beren esku baitago, hurrenez hurren, mailari eutsi eta Europarako sailkatzea. Athleticen buruketak, berriz, ezezagun gehiago ditu: bere partidak irabazteaz landa, aurkarien emaitzak ere alde izan beharko ditu datorren sasoian Europan egoteko. Gaur, azken-aurreko jardunaldiko lehiak baitituzte.

REALA

Lau punturekin Europan

Vila-realen aurka irabazi ondotik, gertu dauka helburua Realak: gehienez, lau puntu lortu beharko lituzke Europako postu bat ziurtatzeko. Kontrario gogorrak izango ditu. Gaur, Sevilla, eta igandean, Atletico Madril. Baina biek jada ziurtatu dute Txapeldunen Ligan aritzea. Hirugarren postuaren lehia izan daiteke txuri-urdinen aurkarien akuilu bakarra. Eta egun, ez da pizgarri handiegia, laugarrena ere zuzenean sartzen baita ligaxkan.

Oraintxe, Reala bera, Vila-real eta Getafe daude Europa ligako postuetan. Vila-realek 57 puntu ditu, beraz, bat gehiagorekin seguru litzateke. Txuri-urdinek 54 dituzte, Getafek bezalaxe, eta hiru gutxiago ditu Athleticek. Aukera gutxien duten taldeak Valentzia eta Granada dira, 50 punturekin. Azken horiek paretik kendu ditzake gaur Realak, irabaziz gero. Halaber, denairabaztera behartuko luke Athletic.

Sailkapeneko berdinketekin kontuz ibili behar dute gipuzkoarrek. Izan ere, golen aldea soilik Valentziari diote irabazia. Galdua dute Getaferekin eta Athleticekin, eta golen alde orokorrari begiratu beharko liokete Vila-realen eta Granadaren kasuan onik aterako litzateke oraintxe. Berdinketa hirukoitzei dagokienez, aldekoa izango litzateke, esaterako, Vila-realekin eta Athleticekin. Aldiz, Reala Europatik at geldituko litzateke Getaferekin eta Athleticekin berdinduz gero. Beste horrenbeste gertatuko litzaioke berdinketa laukoitza izango balu Vila-real, Getafe eta Athleticekin. Gaurko lehiarako baikor da Imanol Alguacil:«Sevillak oso talde ona du, eta entrenatzaile aparta. Baina dena emanda aterako gara. Europara sailkatzea joko onaren ondorio izango da».

ATHLETIC

Irabazi,eta itxaron

Erronka zaila dute zuri-gorriek, besteen emaitzen menpe baitaude. Edonola, ziur daude Europan sartuko direla Leganesi eta Granadari irabazten badiete. Bizkaitarrak hamargarren postuan itzuli ziren lehiara, zazpigarren postutik bost puntura; bada, geroztik bi postu egin dute gora, eta helburua hiru puntura dute.

Lehen eginkizuna, gaur Leganesi irabaztea da. Espainiarrek ez diete ezer oparituko: kale edo bale egin behar dute salbazioaren lehian. Bizkaitarrek irabaziko balute, eta Realak Sevillaren aurka galduko balu, beren esku egongo litzateke azken jardunaldian Europarako sailkatzea, golen aldea irabazia baitiote Imanol Alguacilen taldeari. Galdua dute, aldiz, Getaferekin; beraz, lau puntu atera beharko lizkiokete azken bi neurketetan.

Vila-reali aurrea hartzeko aukera ere badute oraindik, baina horretarako puntu guztiak lortu beharko lituzkete, eta bakar bat ere ez Vila-realek. Berdindu egingo balute harekin eta Realarekin, Herrialde Katalanetako taldea geldituko litzateke sailkatu gabe. Halaber, Athletici on egingo lioke Getaferekin eta Realarekin berdintzeak; baita Getaferekin eta Vila-realekin berdintzeak ere. Aurretik dituen hiru taldeekin berdinduta ere, sailkatu egingo lirateke Gaizka Garitanorenak. Teknikariak, dena den, nahiago du kalkulagailuarekin ez ibili: «Aurkariek zer egiten duten ez dago gure esku. Guk gurea egin behar dugu. Ez dugu lantegi erraza, gainera, Leganes oso ondo ari baita azken txanpa honetan».

ALAVES

Garaipen batekin salbu da

Urduri dago Alaves. Ezin da bestela izan, salbazioa ziurtatu gabe iritsi baita ligako azken bi lehietara. Edonola, lau punturen aldea du jaisteko postuetan diren Leganesekin eta Mallorcarekin; hots, dena du alde mailari eutsi eta hondamendia saihesteko. Salbu izango litzateke gaur Betisen zelaian irabaziko balu, edo igandean Bartzelonari.

Garaipenik lortuko ez balu, Leganesen eta Mallorcaren emaitzei erreparatu beharko lieke. Mehatxu nagusia Javier Aguirreren taldea da, Alavesen golen alde orokor ia berbera baitu. Sailkapenean harrapatzen badu, akabo. Hori bai,espainiarrek Athletic eta Real Madril izango dituzte aurkari; beraz, miraria beharko lukete arabarrak Bigarren Mailara bidaltzeko. Mallorcak, berriz, Granada eta Osasunaren aurka jokatuko du, eta golen aldea kontra duenez, bi partidak derrigorrean irabazi beharko ditu aukeraren bat izateko. «Guretzat Txapeldunen Ligako partida baten parekoa da gaurkoa. Taldea oso adi eta prest ikusten dut». adierazi zuen atzo Juan Ramon Lopez Muñizek.

OSASUNA ETA EIBAR

Lanak eginak dituzte

Oso amaiera lasaia izango dute, berriz, Osasunak eta Eibarrek, salbazioa ziurtaturik baitute. Nafarrek Bartzelona hartuko dute etxean, eta Gipuzkoarrek, Valladolid.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.