Ratko Mladicen aurkako zigorra berretsi du Hagako auzitegiak

Srebrenicako genozidioaren erruduntzat jo dute Bosniako indar serbiarren buru ohia. Defentsak haren absoluzioa nahi zuen; fiskaltzak beste bost genozidio leporatzen zizkion

JERRY LAMPEN / POOL / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Nazioarteko Zigor Auzitegientzako Mekanismoak ez du ontzat jo Ratko Mladicen defentsak jarritako helegitea, eta berretsi egin du Bosniako indar serbiarren jeneral ohiaren aurkako zigorra. Hari bizi guztiko espetxealdia ezarri zion 2017an Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak, Bosniako gerran (1992-1995) izaniko rolagatik. Besteak beste, Srebrenicako (Bosnia eta Herzegovina) genozidioaren eta Sarajevoko setioaren erruduntzat jo zuen.

Genozidio bat, gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak. Delitu horien eta beste hainbaten erruduntzat jo dute auzitegiek Mladic. «Egun gutxian 7.000 gizon eta haur baino gehiago hil eta 30.000 emakume, haur eta adineko baino gehiago lurraldetik indarrez atera zituen eskala handiko operazio ongi antolatu bat jarri zuen martxan Mladicek», adierazi zuen Dermot Groome fiskalak haren aurkako lehen epaiketan. Srebrenicako jazoeraz ari zen.

Fiskaltzaren esanetan, kasu hartan frogatutzat jo zitekeen Mladicek «oinarrizko rola» jokatu zuela, eta baita soldaduek «garbiketa etnikoa» zutela helburu ere. Izan ere, Mladicek zail zuen bere burua defendatzea. 1995eko uztailean, Srebrenicara heldu berritan, argi mintzatu zen telebista kameren aurrean: «Oparitu diezaiogun serbiar Srebrenica serbiar herriari. Turkiarrei [musulmanei] mendeku hartzeko garaia heldu da». Aurrez, Sarajevo hiria inguratua zutela, hitz hauek erabili zituen: «Egin tiro Velusicera. Han ez dira serbiar asko bizi». Setioak 10.000 hildako baino gehiago eragin zituen.

Militar ohiak, baina, ez ditu sekula bere gain hartu ekintza horiek, eta errugabea dela esan du azkenera arte. «Gezurra da dena. Gezurti hutsak zarete», oihukatu zuen Mladicek 2017ko ebazpena entzutean.

Haren defentsaren esanetan, Mladicek ez zuen bosniaken aurkako genozidiorik agindu, eta «bigarren mailako rol bat» jokatu zuen gerran. Hala, helegitea ezarri zion ebazpenari, militar ohiaren absoluzioa eskatzeko, eta halakorik lortu ezean zigorra murrizteko edo epaiketa berriz egiteko exijitzeko.

Saiakera, baina, alferrikakoa izan da, duela lau urteko ebazpena goitik behera berretsi baitu Nazioarteko Zigor Auzitegientzako Mekanismoak, Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiaren kasuak hartu dituenak —2017an itxi zuten hura—, eta ez dago helegite gehiago aurkezteko modurik. Defentsak «ezin izan du inolako ebaluazio akatsik» frogatu, Prisca Matimba Nyambe epaileak argitu duenez.

Era berean, epaileek muzin egin diete fiskaltzaren eskaerei ere. Lehen ebazpenari helegitea jarri zion hark, exijitzeko Mladic ustez Bosnia eta Herzegovinako beste bost hiritan eginiko genozidioengatik ere zigortzea; besteak beste, Prijedorren eginikoagatik. Fiskalaren esanetan, 3.000 bosniar musulman eta kroaziar hil edo desagerrarazi zituzten han, eta 50.000 inguru kanporatu.

25 urteren ondoren

Mende laurden behar izan dute nazioarteko auzitegiek Mladici behin betiko zigor bat ezartzeko. Jeneral ohia arazorik gabe bizi izan zen Belgraden 2002ra arte, eta ezkutaturik igaro zituen beste zortzi urte, 2011n Lazarevon (Serbia) atxilotu eta Hagara (Herbehereak) estraditatu zuten arte. Orduko Serbiako presidente Boris Tadicek adierazi zuen «eskualdearen historiaren atal bat» itxi zela atxiloketarekin, «adiskidetzeko» bidean.

Urrun dago hori, ordea. Oraindik ere, Mladicen inguruko oso iritzi ezberdinak daude eskualdean. Serbiar askorentzat, epaia ez da justua. Bosnia eta Herzegovinako presidentetzako kide serbiar Milorad Dodiken hitzetan, esaterako, auzitegiek «kriminal» gisa erakutsi nahi dute Mladic, eta «onartezina» da, haren arabera: «Herrien arteko konfiantza falta indartuko du».

Kontrara, musulmanek presidentetzan duten ordezkari Sfik Dzaferovicek nabarmendu du Mladic «gerra kriminal» gisa gogoratuko dela «mundu zibilizatuan». NBEren Giza Eskubideen goi mandatari Michelle Bacheletek ere bide beretik jo du, «nazioarteko justizia sistema» defendatuz: «Ardurak bermatzeko duen determinazioa erakusten du». EBko diplomaziaburu Josep Borrellentzat, berriz, berebiziko garrantzia du epaiak, «Europaren historia hurbileko epaiketa garrantzitsu bati» amaiera eman diolako: «Zauriak sendatzen lagunduko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.