Frantziako Tourra

Lo kuluxkak, beste baterako

Denetarik izan du Tourreko lehen asteak: erakustaldiak, berpizkundeak, ihesaldi zirraragarriak, erorikoak... Atzo atseden hartuta, ziklistak gaur itzuliko dira lehiara, bigarren asteari ekiteko.

Tadej Pogacar liderra tropel buruan igandeko etapan, bederatzigarrengoan. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Normalean, gogaikarri samarra izaten da Tourreko lehen astea. Ostera, nekez logaletuko zen inor aurtengo aldiko lehen bederatzi etapak ikusten, sekulakoa izan baita ikuskizuna. Faboritoen artean, erakustaldi handiak egin ditu Tadej Pogacarrek (UAE); esprintetan, berpiztu egin da Mark Cavendish (Deceuninck); eta etxera joan aurretik, etapa bat irabazi eta horiz jantzita sei egun egin ditu Mathieu van der Poelek (Alpecin). Horrekin batera, ihesaldiek gatza eta piperra eman diote lasterketari, eta erorikoek jokoz kanpo utzi dituzte tropeleko izar nagusietako batzuk. Ziklistek ondo merezita hartu zuten atzo atseden.

GARAIPENA BIDERATU DU

Iazko txapeldun eta hautagai nagusi moduan hasi zuen Tourra Pogacarrek. Ez zen nolanahiko zama 22 urteko txirrindulariarentzat. Bada, hazi egin da kikildu beharrean, eta gainontzeko hautagaien oso gainetik jardun du. Onik irten zen lehen egunetako erorikoetatik, eta erlojuaren aurka eman zuen lehen kolpea, bosgarren etapan. Ibilbidea ez zen egokiena esloveniarrarentzat, apenas baitzegoen aldaparik. Nolanahi ere, ez zuen malden beharrik izan aurkariak erraztasun harrigarriz menperatzeko. Irabazi egin zuen saioa, Stefan Kung (Groupama) eta Wout van Aert (Jumbo) espezialista handien aurretik, eta minutu bat baino gehiago atera zien Primoz Roglic (Jumbo) ez beste faboritoei.

Alpeetan iritsi zen apoteosia, zortzigarren etapan. 34 kilometroren faltan egin zuen eraso esloveniarrak, Rommen gora, eta sekulako ziztuan egin zituen helmugara artekoak. Etapa ez zuen irabazi, baina bideratuta utzi zuen sailkapen nagusiko garaipena, hiru minututik gora atera baitzien aurkari guztiei. Tartea handitu egin zuen biharamunean, Tignesen bukatu zen etapan. Orain, bost minutu baino gehiagora ditu beste ziklista guztiak, Ben O´Connor (Ag2r) salbu; bi minuturen aldea du harekin. Gauza asko gerta daiteke oraindik, baina, buruz buru, ukiezina dirudi Pogacarrek.

ERRAUTSETATIK BERPIZTUTA

Askok amaitutzat ematen zuten Cavendishen ibilbidea. Oso behera egina zen, arazo fisiko eta psikologikoak tarteko. Erretiroa hartzekotan egon zen, talderik gabe geratu baitzen sasoi honetarako. Azkenean, Deceuninckek luzatu zion eskua, eta bertan, bere onera itzuli da Man uharteko esprinterra. Bost urte zeramatzan Tourrean alerik patrikaratu gabe; bada, bi etapa irabazi ditu dagoeneko, laugarrena eta seigarrena, eta jada bi urratsera baino ez du Eddy Merckxen 34 garaipeneko marka historikoa. Ziklismoan inoiz izan den susperraldirik handienetako bat da, eta Alpeetan denbora mugen barruan helmugaratu ondotik, datozen egunetan aukera gehiago izango du esprinterrak mailarik onenera itzuli dela berresteko. Merckxen marka berdintzeaz gain, erregulartasunaren maillotari eusten saiatuko da; 168 puntu ditu, Michael Matthewsek (Bike Exchange) baino 38 gehiago.

BEREA EGIN, ETA ETXERA

Fenomeno hutsa da Van der Poel. Nahieran ibiltzen da nola ziklo-kroseko lokatzean, hala errepideko klasikoetan. Eta Tourrari ere jarri dio bere zigilua,bigarren etapa irabazi, horiz jantzi, eta lidergoa modu txalogarrian defendatuta. Ohikoa duen erritmo aldaketa bortitz horietako batekingailendu zen Mur de Bretagnen, eta modu horretan, aitona zuenak, Raymond Poulidorrek sekula lortu gabekoa lortu zuen; maillot horia soineratzea. Balio sinboliko handiko garaipena izan zen. Aurreneko Tourra zuen herbeheretarrak, eta sei egun egin ditu lasterketako lider. Ez zirudien erlojupekoaren ostean lehen postuan jarraituko zuenik, ez baita sekula indar betean lehiatu diziplina horretan, baina sekulako saioa osatu, eta eutsi egin zuen sailkapeneko buruan.

Hori gutxi balitz bezala, sendotu egin zuen lidergoa bi egun geroago, lasterketako etaparik luzeenean. Erritmo zoroan jokatu zen hasi eta buka, Van der Poelek Van Aertekin batera txinparta piztu eta gero. Ziklo-kroseko izarrek estu hartu zuten Pogacar eta haren taldea. Alabaina, esloveniarrak bere legea ezarri zuen Alpeak iritsi orduko, eta Van der Poelek erantzi egin behar izan zuen liderraren elastikoa. Hala, erretiratu egin zen igandeko etaparen aurretik, Tokioko Olinpiar Jokoei begira jartzeko.

EZIN ERORIKOEI IZKIN EGIN

Van der Poelek bezala, Roglicek ere etxerako bidea hartu zuen igande goizean. Halabeharrez utzi behar izan du Tourra, minez lehiatu baita hirugarren etapan lurrera joan zenetik. Hark izan behar zuen Pogacarren aurkari nagusia, baina lehiatik atera zuen erorketak. Ez zen asfaltoaren gogorra bere haragitan sentitu eta sufritu behar izan duen ziklista bakarra, ugariak izan baitziren erorikoak lehen egunetan. Aurreneko etapan, bi erorketa jendetsu izan ziren; bata zale baten ardugabekeriak eragin zuen, eta bestea, lasterketako tentsioak. Ondorio gogorragoak izan zituzten bi egun geroago izan ziren erorikoek: lasterketa utzi behar izan zuten Caleb Ewanek (Lotto) eta Jack Haigek (Bahrain), eta oso minberatuta gelditu ziren Roglic eta Geraint Thomas (Ineos). Zorionez, geroztik ia ez da ezbeharrik izan.

IHESLARIEN LORIA

Orokorrean, oso garesti egon dira ihesaldiak: asko kostata osatu dira, eta ez edozein txirrindularirekin. Hiruk izan dute arrakasta, eta horietatik bitan, Bahrain taldeko txirrindulariak gailendu dira: zazpigarren etapa bereganatu zuen Matej Mohoricek, eta zortzigarrena Dylan Teunsek. Haien taldekidea da Pello Bilbao, sailkapen nagusiko euskal herritarrik onena: 11. dago, lidergotik 8.38ra. Ihesean, berriz, Ion Izagirre (Astana) moldatu da ondoen orain arte; bigarren izan zen Teunsek irabazi zuen etapan.

O´Connor da zeresan gehien eman duen iheslaria. Izan ere, herenegungo etapa irabazi, eta bigarren jarri zen sailkapen nagusian. Igoera aparta osatu zuen Tignesen, eta eskura izan zuen maillot horia, hautagaien artean sua piztu aurretik.

Ehiztariek aukera gehiago izango dute aste honetan, esprinterrek bezalaxe. Hautagaiek, berriz, bi etapa dituzte gorriz biribilduta: asteazkenekoa, Mont Ventouxera egin beharko diren bi igoerekin; eta igandekoa, Ceret eta Andorra artean jokatuko dena. Gaur, Albertvilletik Valencera joango da tropela, 190, 7 kilometroko ibilbidean. Ezusterik ezean, esprintean erabakiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.