Arrauna

Iparraldeko kresal berdea

Battit Ondikolak hirugarren sasoia du Hondarribian, gaztetan Lapurdin aritu ostean. Taldeak lortutako azken emaitzez eta Iparraldeko arraunaren egoeraz mintzatu da.

Battit Ondikola, Hondarribia taldeko arraunlaria, estoketa sartzear, Orion, Eusko Label ligako bosgarren jardunaldian. AITOR ARRIZABALAGA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko errugbilariak sona handia duten taldeetara, Miarritzera eta Baionara, joan ohi diren gisan, badira Kantauri itsasoko goren mailako traineruetan aritzen diren Ipar Euskal Herriko arraunlari gutxi batzuk ere. Horietako bat da Battit Ondikola (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1994). Hirugarren denboraldia du Hondarribiako taldean. «Nire kirol ibilbideko garairik onenak bizitzen ari naiz»: horra Saran bizi den arraunlariaren aitorpena.

Aurreko igandean, Santurtzin (Bizkaia), Ioseba Amunarriz Ama Guadalupekoa ontziko patroiak liderraren maillot gorria jantzi zuen, denboraldi honetan lehendabizikoz. Ondikolak nabarmendu du lorpen horrek «lasaitasuna» eman diola taldeari. «Lan ona egiten ari gara, eta horren emaitza izan da». Hondarribiak hiru bandera astindu ditu azken lau estropadetan, eta, zortzi jardunaldiren ostean, sailkapeneko lehena izatea «seinale ona» dela esan du. Zehazki, azken sasoietako lehen lehietan egin izan ez dutena egitea lortu dute: «Erregularrak izatea: hori izan da gakoa. Liga irabazi nahi baduzu, ezin duzu hutsik egin».

Iazko denboralditik hona, talde murritzagoa du Hondarribiak, eta, beraz, Mikel Orbañanos prestatzaileak karta gutxiago ditu aldaketak egiteko. Horrek, gainera, badu bere arriskua, Ondikolaren esanetan: «Arraunlariren batek min hartzen badu, zailtasun batzuk eragin ditzake». Hori dela eta, uretatik kanpo, entrenatzaileak «garrantzi handia» ematen dio arraunlariaren zaintzari. «Mikelek askotan esaten digu gure esku dagoen guztia ondo egin behar dugula. Azken batean, arraunlari batek jokatu egin nahi du, lehorrean ergometroan aritu beharrean. Beraz, ezin gara erlaxatu; lehiatzeko gosea mantentzea beharrezkoa da».

Talde txikia izateari, baina, bere alde ona aurkitu dio Sarakoak: «Uda heldu aurretik, blokea gehiago lantzeko denbora gehiago izan dugu. Arraunean oso ondo ari gara, eta lehen estropadetan ikusi zen irabazleengandik gertu ibili ginela. Konfiantza eman zigun horrek, eta azken estropadetan denbora oso azkarrak egin ditugu». Zehazki, Orbañanosek bost bat arraunlari tostaz mugitu ostean, taldeak fruitu gozoa jaso du. «Asmatu egin du».

Baina Hondarribiko jarraitzaile porrokatu batek galdera hau egin dezake: «Aldaketa horiek zergatik ez zituen lehenago egin?». Ondikola horri erantzuten saiatu da: «Entrenamendu batean edota estropadatik kanpo zaila da jakitea taldeak nola eman dezakeen errendimendurik onena. Askotan, estropadak eginda jakiten da zein den modurik onena trainerua azkarrago joateko. Lan nekeza da segundo apur horiek hobetzea».

Azken denboraldietan, Hondarribiak abuztuko estropadetara eta iraileko Kontxako Banderara bideratu izan du prestakuntza. Aurten ere bai? Baietz erantzun du. «Mikelek eta Jon Marin prestatzaile fisikoak ondo aztertzen dute prestakuntza, eta helburua argia da: ligara ondo heltzea, baina udako estropada garrantzitsuenak abuztuan eta sasoi amaieran direla ahaztu gabe. Estropadak jokatuta sasoi ona hartuz goaz. Kontxako Banderara ongi heltzeko manerarik onena da ligan lehiakorrak izatea».

Ama Guadalupekoa-k 2015eko denboraldian irabazi zuen liga azkenekoz, klubaren hirugarrena. Ordutik, bigarren postuan amaitu du, ez gora, ez behera. «Taldean urte asko daramatzaten zenbait arraunlarik liga irabaztea zer den bizi izan dute; beste batzuek, ez. Bigarren postuan ibiltzeak erakusten du elkartean lan oso ona egiten dela, baina titulurik ez du lortu. Irabazteko gogoa dugu. Ea lortzen dugun, zaila izango den arren».

Garaipen zerrenda luzea duten arraunlariak ditu tostartean Ondikolak: besteak beste, Xabier Etxebeste, Beñat Egiazu, Manex Aldai, Urko Redondo, Alex Udabe, Iñigo Sagarzazu, Amunarriz patroia... «Estropadan, estresa duzun momentuan, ingurura begiratu, eta ikusten duzu zer-nolako arraunlariak dauden. Segurtasuna igortzen dizute, zure lanean zentratzeko eta onena emateko».

Saratarra 2020ko udazkenean heldu zen Hondarribiko elkartera. «Talde ttiki-ttiki batetik nentorren ni, Lapurditik. Hondarribian arrauna ikaragarri bizi dute, eta arraunlarien arteko harremana hurbilekoa da. Gehienak harrobikoak dira, baina ni oso ondo hartu ninduten. Benetako lagun talde bat da; Hondarribia ezaugarri horregatik bereizten da beste taldeengandik».

Ondikola bera eta Donostiarrako Unai Billakorta urruñarra dira Eusko Label ligan lehiatzen ari diren lapurtar bakarrak. «Txikitatik ezagutzen dugu elkar. Lapurdin aritu ginenean, tostakide izan ginen». Bada, biak punta-puntako taldeetan daude. «Berezia da elkarren aurka jokatzea».

Begi bat Lapurdin jarrita

Ontzi berdean jesarrita dagoen arren, begi bat Lapurdin dauka jarrita; haren talde ohia KAE 2 ligan lehiatzen ari da. «Lagunak ditut han, betikoak». Ondo asko daki Ipar Euskal Herrian arraunaren egoera «zaila» dela: «Arraunak pisu oso txikia du; errugbia dago errotua. Kulturalki ere, arrauna bizitzeko modua oso ezberdina da; jende askok erokeriatzat jotzen du arraunlariak kirolarekiko duen konpromiso handi hori».

Jendea arraunera erakartzeko beste «muga bat» dagoela gehitu du: unibertsitateko ikasketak Ipar Euskal Herrian egiteko paradarik ez izatea. «Gazteetatik seniorretara igarotzeko fase horretan, askok arrauna uzten dute, kanpora joaten direlako ikastera».

Dena, ordea, ez da beltza: «Lapurdiko elkartea egonkortu da 2017tik. Horri esker, elkartea berritu dute, eta arraun eskoletan geroz eta haur gehiago dabiltza». Ontzia goren mailan egotea desio du. «Horretarako, gazteak ongi hezi, elkartean bertan mantentzen saiatu, eta traineruan aukera eman behar zaie. Hondarribiak duen filosofia da adibiderik garbiena». Badaki haren geroa zein izango den: «Argi dut egunen batean Lapurdira itzuliko naizela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.