Trenen arteko talka saihestu nahi du Masek

Batasunari eusteko deia egin du Kataluniako presidenteak.

Berretsi du galdeketa «berme demokratiko ororekin» soilik egin asmo duela

Oihan Vitoria -

2014ko irailak 16
Aste zinez erabakigarrian sartu da jada Kataluniako Parlamentua. Azaroaren 9ko galdeketa erdigunean jarrita egin zuten atzo politika orokorrari buruzko lehenbiziko eztabaida. Ezin zitekeen bestela izan, etzidamu onartuko baitute galdeketari atea irekiko liokeen legea. Artur Mas Kataluniako presidenteak hartu zuen hitza atzoko saioan, eta «berme demokratiko ororekin» bozkatzeko asmoa berretsi zuen: «Nahitaezkoa da, nazioartean ontzat jo ditzaten emaitzak. Baina dena ez dago nire esku». Ez da aurreneko aldia Masek hitz horiek erabiltzen dituela.

Badaki datozen asteak arriskutsuak izan daitezkeela, eta neurtzen ari da adierazpenak. Hartzen dituen erabakiek bere jarraipena baldintza dezaketelakoan dago. Nolanahi ere, argi utzi zuen bere nahia: «Posible baldin bada, legealdia amaitzea gustatuko litzaidake, orduan baitagokit kargua lagatzea». Alderdien txanda izango da gaurko debatean. Ebazpenak, berriz, bihar bozkatuko dituzte.

Masen esanetan, 2014ak «mugarri bat» ezarriko du Kataluniaren historian. «Galdeketa egiteko ausardia du gehiengoak». Espainiako Gobernua, berriz, berean itsututa dago oraindik, «erabat geldi», Masen hitzetan: «Katalunia eta Espainia noranzko eta bide ezberdinetatik doaz. Talkarik ez dago; bai, ordea, urruntzea».

Trenen arteko talka oro saihestu gura du Masek, baina ez bakarrik Madrilekin. Galdeketaren aldeko indar politikoen batasunari ere eutsi nahi dio, eta «elkar hartuta» segitzera deitu zituen atzo: «Denon erantzukizuna da». Azken egunotan, alabaina, sortu dira desadostasunak balizko debekuari erantzuteko moduan. CiU eta ERCren artean, batik bat: CiUren Kongresuko eledun Josep Antoni Duran i Lleidak «batasuna» urratzea leporatu zion herenegun Oriol Junqueras ERCko buruari, desobedientziaren alde egiteagatik. Zabalduz doa pitzadura, irekitzen ari da arrakala. Masek, hala ere, ez zuen nahi izan gehiegi sakondu, polemikak uxatze aldera. «Alderdien arteko batasuna portzelanazkoa da; kontu handiarekin zaindu behar da, leun-leun».

Ekonomia hazkundea, itota

Ekonomia gaiak ere hartu zituen hizpide Kataluniako Gobernuko buruak. Baikor mintzo zen. «Gai garrantzitsuetan onera egin dugu, baina hazkundea itota, mugatuta dago, Espainiak ezartzen dizkigun baldintza gogor, onartezin eta estuen eraginez», salatu zuen.

Masen ustez, erkidegoak profil politikorik gabeko zerbitzu emaile bilakatu nahi dituzte: «Ez dago herri propioa eraikitzeko aukerarik, erabakitzeko gaitasun gabe».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna