Pako Aiestaran. Futbol entrenatzailea

«Irabaztera eramango gaituen bidea da oinarria»

Beste teknikari batzuen itzalean urte askoan jardun eta gero, bi urte daramatza lehen entrenatzaile lanetan. Mexikon bi taldetan eta Israel aldean ibili ondoren, talde bila dabil orain.
MIKEL ALBISU / GOIERRIKO HITZA

Aitor Manterola -

2016ko urtarrilak 2
Barru-barruan darama futbola, ume-umetatik. Pako Aiestaranek (Beasain, Gipuzkoa. 1963) orduak eta orduak emango lituzke hizketan bere gustuko kirolaz. Lanzaroten (Espainia) harrapatu du BERRIAk, emaztea hangoa baitu. Solasaldi betea izan da, futbola arnasteko horietakoa. Grabagailua itzali eta gerora ere, hizketan jarraitu du. Pasioz bizi du futbola.

Mexikon izan duzu azkeneko lana, Santos Laguna taldean, eta ez da oso ondo atera.

Ez da ondo edo gaizki ateratzea; kontua da batzuetan ez dela aukera ona egiten, eta oraingoan ez nuela ondo asmatu lana aukeratzerakoan. Hara heldu eta aste gutxira konturatu nintzen ez zela niretzako moduko taldea. Ez zen egokia. Kontratua urtebeterako nuen, baina esan nien hobe izango zela tratua lehenago etetea, eta hala egin genuen.

Jakin al daiteke zergatik ez den zuretzat egokia Santos Laguna taldea?

Emaitza onak ateratzera joan nintzen hara, eta gero, jokatzeko era aldatzera. Baloia edukita jokatzeko eredua ezarri nahi zuten agintariek. Lortu genuen aldatzea nolabait, baina emaitzak ez ziren onak izan. Jokalariak ez ziren egokiak modu horretara jokatzeko.

Mexikora lehen aldiz 2013an joan zinen entrenatzera, Estudiantes Tecos taldera, eta han bai, han gauzak ondo atera zitzaizkizun.

Esperientzia hobea izan, eta urte osoa egon nintzen. Bigarren Maila zen, eta taldea behe samarrean hartu genuen. Gorantz joan zen gurekin. Aukera izan genuen gero jokalariak fitxatzeko gure eredura moldatzeko modukoak, eta finalera heldu ginen. Penaltietan galdu genuen.

Handik Israel aldera jo zenuen, Maccabi Tel Aviv taldera, eta han emaitzak biribilak izan zenituen.

Ezin hobea izan zen. 81 urte zen hango lehiaketak abian zirela, eta gu izan ginen lehenengoak hiru tituluak denboraldi berean lortzen. Txapeldunen Ligara sailkatzeko kanporaketak jokatzeko sartu genuen taldea. Sailkatu egin ziren gero.

Hiru lan horiek ikusita, argi ikusten da zein azkar aldatzen den futbola emaitza onetik ez hain onetara. Denetarik izan duzu hiru talde hauetan.

Lor daitezkeenak baino helburu handiagoak jartzeagatik izaten dira porrotak ia beti. Azterketa okerrak egiten dira, epeak ez dira kontuan hartzen, eta taldearen gaitasuna ere ez da aintzat hartzen. Arrakasta ez da bakarrik irabaztea, daukazunari etekina ateratzea ere bada garaipena, nire ustez. Irabaztera eramango zaituen bidea da garrantzitsuena niretzat. Prozesua da funtsezkoa. Mexikoko azkeneko esperientzian, taldea jokatzen ikusten nuen, eta ez nuen nirea sentitzen, ez zelako gai nik nahi nuen bezala jokatzeko. Mexikoko kazetari batek esaten zidan emaitza dela garrantzitsuena, baina, niretzat bidea da garrantzitsuena, eta bidean benetan gozatzen baduzu, filosofia garbi baduzu, emaitzak horren guztiaren ondorio izango dira. Emaitza ezin da helburua izan.

Estiloa, bidea, prozesua... Zein da Pako Aiestaranen jokatzeko estiloa?

Prozesuetan oinarritzea emaitzak. Entrenatzaileak ez badu prozesu edo bide bat finkatua, ez daki zergatik ateratzen zaizkion emaitzak, eta ez da gai gauzak errepikatzeko edota zuzentzeko. Aurten ikasi dut egokitzen ere jakin egin behar dela, eta leku batean egokia izan dena ez dela zergatik izan egokia beste leku batean. Azken batean, memoria eta inteligentzia ez dira gauza bera. Memoria gauza zaharretan oinarritzen da, eta inteligentzia, berriz, berrietan. Prozesuak ematen dizu gauzak errepikatzeko gaitasuna. Ereduari dagokionez, posizio jokoa gustatzen zait, baloiaren bidez lotzen den jokoa. Partidak kontrolatzeko gaitasuna ematen dizun estiloa gustatzen zait.

Defentsako lanean presio handiaren zale izango zara, hortaz.

Bai. Ahal izanez gero, aurkariaren zelaian denbora asko igarotzea gustatzen zait. Baina ez bazara dominatzailea, horretarako gai ez bazara, beste eredu batzuetara jokatu behar da. Baina baloia gurea bada, gureak izan behar du ahalik eta denbora gehienean.

Nola heldu zara eredu horretara: hasieratik duzu gustuko, ala bilakaera baten ondorio izan da?

Entrenatzaile nire kontura izateko erabakia hartu nuenean, duela bi urte pasa, zerbait kontatzeko beharra nuelako izan zen. Beste batentzat lan eginda, taldea sortzea edo moldatzea ez da zure lana osotasunean, eta nik beharra nuen neure egiteko egitasmoak. Jokatzeko eredu zehatz bat gustatzen zait, eta hori taldeetan ezartzeko bide bakarra zen nire bidea bakarrik hastea. Garbi nuen nola sentitzen nuen jokoa, eta baloia edukitzean oinarritu izan da betidanik. Umeak ginenean ere, gol bat gehiago sartzera jokatzen genuen. Askotan esan izan da zenbat eta hobeto egin defentsako lana orduan eta egokiago moldatuko direla erasoan taldeak, baina, niretzat, alderantziz da. Baloia galtzen denean, nahi duzun lekuan galduko duzu, eta ondo jarrita zaude gero berreskuratzeko. Horretarako erasoa da garrantzitsuena. Gu saiatzen gara estrategiak finkatzen baloia edukita ondo eraso egiteko.

Baloia edukita jokatzea da orain nagusi den estiloa, baina lehen, zu prestatzaile fisiko lanetan hasi zinenean, ez zen oso ohikoa.

Ez zen ohikoa ez. Beti daude modak futbolean, eta beti egon dira garai zehatzak moda bat finkatzen dutenak. 1990 inguruan, Arrigo Sacchik ekarri zuen iraultza, lehengoarekin hautsiz. Lerroak elkarrengandik oso gertu jartzen hasi zen, defentsako lanean baskulazioak eta erabiliz. Behin baloia lapurtuta, azkar jokatzen hasi ziren haren taldeak. Lehen, denboraldi-aurreko gure planifikazioak izaten ziren defentsako lana antolatzeko; nola eduki taldea prestatua eta jarria baloia izaten ez zenean. Berreskuratzen zenean, zuzen eta azkar joaten zen erasora.

Orain, berriz, aldatu egin da hori dena, eta eragile nagusia Pep Guardiola izan da, bere Bartzelona handiarekin. Funtsa zuen nola antolatu taldea erasoan, nola gainditu aurkarien defentsako lanak baloia atzetik aurrera eramanez, bere taldearen lerroak hautsi gabe. Helburua zeukan aurkariaren zelaian jokatzea. Orain, oinarria da nola eraso egin ahalik eta orekatuena, baloia galdutakoan arazorik ez edukitzeko. Gu hasi ginenean ez zen horrela.

Zuretzat ere, Guardiolaren Bartzelona da eredua?

Azken urte hauetan gehien gozarazi digun taldea izan da. Horrela jokatzeko jokalari izugarri onak behar dituzu, baina orain antzeko zerbait ari da lortzen Bayern Munichekin, nahiz eta ez duen Bartzelona hark jokatzen zuen bezala jokatzen. Bartzelonak erditik gehiago jokatzen zuen, eta Bayernek gehiago egiten ditu hegaletatik erasoak, erdiraketak baliatuz. Baina sakoneko filosofia edo funtsa bat eta bakarra da bi kasuetan: baloia edukitzea, jokoa kontrolpean izatea.

Eredu horren kontrarioek diote baloia galdutakoan zulo handiak egoten direla norbere zelaian.

Hutsegite gisa hartzen dute baloia galtzea, eta ez da. Hutsegitea zuzentzeko taldea antolatua egotea da gakoa. Hutsegitea jokoaren beste katebegi bat da, azkar baloia berreskuratzeko taldea ondo antolatuta egotera eraman behar zaituena. Orain dela urte batzuk ezin ziren hutsegiteak egin, ezin zen baloia galdu. Eta guk diogu baloia galdu egin behar dela, arazoa ez dela hori; arazoa da taldea gaizki antolatua egotea hutsegite hori ez zuzentzeko.

Talderik gabe zaude orain, eta telefonoari adi-adi jarrita, pentsatzen dut. Iruditzen zait aparteko gogoa daukazula Ingalaterrako talderen bat zuzentzeko. Hala da?

Edozein lekutara joateko prest nago, betiere kirol egitasmoa egokia bada. Hala ere, ez zabiltza erabat oker, eta Ingalaterra aldera joatea gustatuko litzaidake. Liverpoolen egon nintzen 2004tik 2007ra, eta han babes berezia daukate entrenatzaileek, nahiz eta aldatzen ari den azkenaldian. Normalean, egitasmoek gehiago irauten dute han.

Zergatik irauten dute hain gutxi egitasmoek talde ia guztietan?

Agintariek ez dutelako benetan sinesten aukeratzen duten entrenatzaileengan. Azkenean, gehienetan, erabakiak, filosofiak eta egitasmoak azkar aldatzen dira, benetan ez delako sinesten. Garai txarrak heltzen direnean, segituan hartzen da erabakia egitasmoa aldatzeko, benetako fedea edo sinesmena ez dagoelako. Oso garbi eduki behar da zer nahi den, eta, batez ere, nola lortu nahi den. Futbol profesionalaren kate osoaren katebegi garrantzitsuena dira agintariak. Duela urte batzuk, agintari batek bere taldea entrenatzeko aukera eman zidan, eta esan nion ea zenbat entrenatzaile izan zitezkeen talde hori entrenatzeko modukoak. Erantzun zidan lau edo bost bakarrik zirela, oso filosofia eta bide zehatza zuelako taldeak. Hori da benetan sinestea bide eta prozesu batean. Nora heldu eta nola oso garbi badu klub batek, erabaki zentzudunak hartuko ditu.

Realean sartu-irtena egin zenuen 2008an, Iñaki Badiolarekin. Beti esan izan duzu Realekoa zarela.

Gazte mailetan Realeko jokalari izan nintzen, eta nire taldea da. Pena izan zen 2008ko aukera hura ez gauzatzea, nahiz eta bulegoko lana zen, eta hori ez izan nire gustukoena. Hala ere, aukera ematen zidan gauzak aldatzeko, eta garai hartan aukera Reala aldatzeko aukera on modura ikusi nuen. Ez zeuden baldintza egokiak, eta ez zen atera.

Reala oraintxe bertan ez duzu ikusten oso aldakor erabakiak hartzeko lanean? Alde handia dago Davis Moyesetik Eusebio Sacristenera jokatzeko ereduan, adibidez.

Hala da, garbi dago, estiloak aztertuz gero aldaketa dago bi entrenatzaileen artean. Gakoa izango da orain hasitako bideari segida ematea. Estilo bat finkatzera jo dute Eusebiorekin, eta ez dezatela aldatu denbora luzean. Joko estiloa aldatzen ibiltzeak arlo ekonomikoan ere sekulako eragina dauka, jokalarien joan-etorria handitu egiten duelako aldaketa etengabeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna