Frantziako Tourra

Groenewegenek badu zeresana

Nagusitasunez lortu du Tourreko lehen etapa garaipena, esprintean Gaviriari eta Sagani aurrea hartuta. Etapa lasaia izan da, eta aldaketa gutxi izan dira sailkapen nagusian

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 14
Dylan Groenewegenek (Lotto Jumbo) keinu nabarmena egin zuen helmuga gurutzatzean. Hatza ezpainetan jarri, eta isiltasuna eskatu zuen. Altxatu eta keinua egiteko denbora izan zuen, garaipen garbia izan baitzen. Iaz esprint bat irabazi zuen Tourrean, eta aurten uzta handitu zezakeela zirudien. Orain arte, baina, irabazi gabea zen, eta agian kontu eske joan zaizkionak isilarazi nahiko zituen. «Entzun nuen hirugarren etaparen ondoren ezingo nuela Tourrean irabazi, eta ahoak isiltzeko egin dut», azaldu zuen gero. Harroxko mintzatu zen, baina ez zuen oilartzeko arrazoi handirik: aurreko etapetan laugarren postutik pasatu gabea zen, eta gehienetan esprintetan eginiko kokapen hutsen ondorioz.

Chartresko esprinta, baina, pixka bat ezberdina zen, aldapa gora txikiarekin, eta behingoagatik ondo kokatu zen 25 urteko herbeheretarra. Esprint garbi-garbia izan zen, eta Quick Step taldeak hiru txirrindulari zituen buruan helmugatik 700 metrora. Lehenbizi Julian Alaphilippe kendu zen, gero Max Richeze, eta Fernando Gaviriak bidea libre zuela hasi zuen ahalegina. Kolonbiarra, baina, goizegi hasi zen, ia 300 metrora. Kale egin zuen kalkuluan, eta uste baino lehenago bukatu zitzaion gasa. Peter Saganek (BMC) haren gurpila hartu zuen, eta ezin izan zuen pasatu. Aurretik bina etapa irabazitakoak ziren, baina atzo bigarren eta hirugarren izatearekin konformatu behar izan zuten, hurrenez hurren. Groenewegenek, berriz, errepidearen erdialdetik gainditu zituen biak.

Esprinta izan zen etapako tarterik aipagarriena. Tourreko etapa luzeena zen, 231 kilometro, eta ihesaldi azpimarragarrienak Laurent Pichonek (Fortuneo) eta Yoann Offredok (Wanty) egin zituzten: bi izen klasiko bakarkako saiakeretan. Tropelak ehizatu zituen, baina ez zuen jarrera oldarkorrik izan. Haize babesak egiteko ibilbide egokia zen, baina ez zen mugimendurik izan. Bretainiako etapen eta biharko Roubaixekoaren artean ez du zentzurik horrelako etapa bat jartzeak, eta tropelaren jarrerak protesta kutsua izan zuen. Adostuta zein adostu gabe, tropelak ez zuen estutu nahi izan.

Ikusi beharko da gaur estutu nahi izango duen. 181 kilometroko etapa jokatuko da, Dreux eta Amiens artean, eta ihesaldi arrakastatsurik ezean esprintean bukatuko da. Mendia hasi aurretik esprinterrek luzitzeko izango duten azken aukera da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria