Erronkarako prest

Etzi hasiko da, Chamonixen, UTMB Mont Blanceko ultratraila, diziplina horretako lasterketarik garrantzitsuena. Hainbat euskal korrikalari ariko dira. Kilian Jornet da faboritoa eta izarra.
Zenbait korrikalari, Mont Blanceko ultratrailean. 170 kilometroko luzera eta 10.000 metroko desnibel positiboa dauka lasterketak.
Zenbait korrikalari, Mont Blanceko ultratrailean. 170 kilometroko luzera eta 10.000 metroko desnibel positiboa dauka lasterketak. BERRIA

Unai Ugartemendia -

2018ko abuztuak 29
Ultratrail guztien artean bat baldin badago nabarmentzen dena, hori Mont Blancekoa da, duela hamabost urte Alpeetan jokatzen dena. Etzi hasiko da, Chamonixen (Frantzia), 18:00etan, eta 2.300 parte hartzaile ariko dira. 170 kilometroko ibilbideari eta 10.000 metroko desnibel positiboari egin beharko diote aurre. Euskal Herriko hainbat korrikalari ariko dira. Kilian Jorneten itzalpean lehiatuko dira, kataluniarra baita izar nagusia. Hirutan irabazi du UTMB.

JAVI DOMINGUEZ

Mendi korrikalaria

«Oso garesti dago lehen hamarren artean sartzea»

Gutxik bezala ezagutzen du Javi Dominguezek (Gasteiz, 1974) UTMB lasterketa. Askotan aritu da bertan, baita podiumera igo ere, 2013an. Lasterketaren maila urtetik urtera handituz doa etengabe, eta Dominguezek oso gertutik bizi izan du azken urteetako bilakaera. Azken urteak garaipenez osatu ditu, eta aurtengorako ere gogotsu azaldu da bezperan. «Sasoiko» dagoela dio, «lesiorik gabe eta lasterketa osatzeko gogoz». 2013koa ezustekoa izan bazen ere, handik aurrera irabazitako lasterketek podiumerako igotzeko hautagaien artean jarri dute. Iaz ez zen aritu.

«Beste lasterketetan bezala, nire lana egitera aterako naiz, nahiz eta proba honetan munduko onenekin lehian ibili beharko dudan». Askok bezala, Kilian Jornet kataluniarra jo du faborito nagusitzat. «Beti da erreferentzia lasterketa guztietan; berdin dio kilometro bertikala jokatu edo munduko ultrarik luzeena jokatu. Kilian beti hor egoten da».

Berak ere begiz joa du Mont Blanceko ultratraila. Urteko helburu nagusia du. «Ez da nire lasterketarik gogokoena, baina ultra distantzian mailarik handiena duena da. Postu on bat lortzeko, lan handia egin beharra dago». Zerekin egongo litzateke konforme? «Izango den mailarekin, handia litzateke lehen hamarren artean sartzea», aitortu du. Iazko garailea, Francois D'Haene, ez da ariko, eta Dominguezek, Jornetez gain, beste bi izen nabarmendu ditu, estatubatuarrak biak: Jim Walmsley eta Zach Miller.

ION AZPIROZ

Mendi korrikalaria

«Ez dut inori ezer erakutsi beharrik»

Gogotsu dago Ion Azpiroz (Berastegi, Gipuzkoa, 1980). Gorakada handia izan du azken bost urteetan, eta horrek ultra distantziako ikusleen erakusleihora eraman du. 2013an izan zen lehenbizikoz Chamonixen, baina 2015ean lortutako 13. postuak eta iaz TDS Traces des Ducs de Savoie lasterketan lortutako laugarrengoak aurtengo ekitaldian aurrean egon daitezkeen korrikalarien artean jarri dute. Hala ere, ez du sentitzen presio berezirik. «Ez dut inori ezer erakutsi beharrik, eta horrek lasaitzeko eta gozatzeko aukera gehiago ematen dit. Ez dut pentsatu nahi postu jakin batean. Lasterketa aurrera doan heinean daraman bideak zehaztuko dit zertarako gai naizen. Azken urteetan, lasterketaren maila asko handitu da, batez ere aurten, sarietan diru dezente jarri baitute».

Zuhurtziak zuhurtzia, Azpirozek azpimarratu du «sasoiko» dagoela. «Azken bi asteetan asko entrenatu naiz mendian, eta, horren ondorioz, nekea pilatu dut, baina, azken orduko ezbeharrik ez bada, ondo iritsiko naizela uste dut».

Azken urteetan oso distantzia luzeetan aritu izan da, baina, hala ere, oraindik errespetu handia sortzen dio ehun milien distantziak. «Distantziak ematen dit beldurrik handiena. Nahiz eta azken urteetan ultretan ibili, ehun milietako lasterketa batek beti ematen du beldur pixka bat, batez ere UTMBn, lasterkarien maila izugarria izaten baita». Argi du non egon daitekeen lasterketako gakoa. «Erritmo egokia ez badut hartzen, bukaeran oso garesti ordain dezaket».

UXUE FRAILE

Mendi korrikalaria

«Orain bi urte baino lasaiago noa»

Ez du berehalakoan ahaztuko Uxue Frailek (Donostia, 1974) 2016ko abenduaren 11. Mendiko eskian entrenatzen ari zela, ezker belauneko lotailu gurutzatua eta meniskoa apurtu zituen. Ikusgarri ari zen ordu arte: UTMBn eta Ultra Trail World Tourrean hirugarren izan zen. Eten luzea izan zuen iaz, baina indarberrituta dago.

Ez du aitzakiarik jarri nahi. «Lesiotik ongi nago. Belauna gogor dago oraindik, eta hankak denbora gehiago behar du indarra parekatzeko». «Gogotsu» eta aldi berean «urduri samar» dagoela ere aitortu du, denbora pixka bat pasatu delako horrelako proba batean bere burua estutu ez duenetik, ez fisikoki eta ezta psikologikoki ere. Orain bi urte lortutako podiumarekin ez du pentsatu ere egin nahi. «Orduan presio handiagoa nuen. Orain ere bai. Izan ere, errazena litzateke esatea amaitzearekin konformatzen naizela, baina orain arteko emaitzak ezin hobeak izan dira, eta nork daki». Aurrean ikusten dute askok, baina berak izen bat azpimarratu du, Mimmi Kotka suediarrarena. Argi du nolako lasterketa nahi duen. «Neure buruarekin lasai geratzeko adinako lasterketa egitea gustatuko litzaidake».

RAUL MACARRO

Mendi korrikalaria

«Ez dut ezer sinatzen irten aurretik»

Debutaria da Raul Macarro (Bilbo, 1984) Chamonixen, eta CCC Courmayeur-Champex-Chamonix lasterketan ariko da etzi goizetik—101 kilometro eta 6.100 metroko desnibel positiboa—. Bi urte besterik ez daramatza ultretan korri egiten. Halere, iaz Euskal Herriko txapeldun izan zen. Chamonixen lehiatzeko irrikan da. «Azken egunetako sentsazioak kontuan hartuta, oso indartsu nago, urteko sasoirik onenean. Gero beste gauza bat izaten da halako sentipenak ehun kilometroko proba batean azaltzea».

Ez du kezkatzen faboritoen artean ez egoteak. «Hala ere, beti egiten dugu amets ezusteren bat ematearekin. Maila handiko korrikalari asko ariko dira, eta haiek izango dute presio guztia. Erokeria izango litzateke hain denbora gutxi daraman nire moduko korrikalari batentzat CCCren moduko lasterketa bat izatea urteko helburu nagusia. Irteeran egote hutsa sari handia da niretzat».

Prestakuntza «uste bezala» joan dela azaldu du. Ekainean, Euskal Herria Mendi Erronka irabazi zuen —67 kilometro eta 3.600 metroko desnibel positiboa— , eta Goierriko Bi Handietan aritu zen, baina bertan behera gelditu zen. Horrek, hala ere, ez du eraginik izan. «Han maila onenean aritu nahi nuen, gehienbat konfiantza eta segurtasuna emango zidalako CCC lasterketari begira».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna