Irabazita, akabo ajeak

Alavesek duda-mudan ekin zion denboraldiari, baina lasaitu egin du Espanyolen kontra irabazi izanak. Zer hobetu asko dauka oraindik, eta etenaldia lagungarri izango zaio.
Ruben Sobrino, Espanyoli sartutako gola ospatzen.
Ruben Sobrino, Espanyoli sartutako gola ospatzen. LFP

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko irailak 6
Kezkak eta zalantzak uxatzeko, ez dago partida bat irabaztea bezalakorik. Hiru puntuen ukenduak ia aje guztiak sendatzen ditu. Bestela, galde diezaiotela Alavesi. Ligako lehen bi partidetan pattal aritu ostean, azken jardunaldian Espanyoli irabazi izanak konfiantza dosi handia eman dio. Distira gutxiko garaipena izan zen, fedearen eta eraginkortasunaren bidetik iritsi baitzen, eta ez joko onari esker. Alta, puntuen balioa berbera da. Laurekin dira orain gasteiztarrak, 11. postuan. Hots, baikortasunez eta estutasunik gabe helduko diote ligako lehen geldialdiari; baita lasaikeriarik gabe ere, oraindik gauza asko baitituzte hobetzeko.

IZAERA LEHIAKORRA

«Nortasuna, bihotza eta bizitasuna» izan ziren, Abelardo Fernandezen hitzetan, Espanyol menderatzeko Alavesek erabili zituen osagaiak. Joko aldetik eskas izan ziren arabarrak; ez, ordea, gogo eta grina aldetik. Teknikari espainiarrak ekarpen asko egin zion taldeari iragan sasoian, eta nagusia, menturaz, izaera lehiakor batez hornitzea izan zen. Ezaugarri hori barru-barruan txertatu zion, sasoi berriko lehen neurketetan ikusi ahal izan denez. Gabeziak lehiakortasunarekin estaltzen saiatu dira arabarrak, eta, hainbat agerian gelditu arren, gai izan dira Camp Noun ordubetez Bartzelonari duin eutsi, Betisen kontra sufritutako puntu bat lortu eta Espanyolen kontra lehen garaipena eskuratzeko.

Azken lehia horretan, Abelardorenak paretaren kontra izan ziren, baina krisitik onik atera, eta irauli egin zuten norgehiagokaren norabidea. Bigarren zatiaren hasieran, Espanyolek 0-2koa egin zuen. Dena den, epaileak baliogabetu egin zuen gola, jokaldia VAR bidez berrikusi ondoren. Horrek hauspotuta, bi minutuan markagailuari buelta eman zion Alavesek, eta agerian utzi ez duela galdu izaera adoretsua.

GILTZARRAPOA ATEAN

Nortasun borrokalariaz landa, Fernando Pachecoren jarduna ere funtsezkoa izan da sasoiaren hastapenean. Erakustaldi itzelak eman ditu, eta, hala, hamaikagarrenez berretsi du Espainiako Lehen Mailako atezainik onenetakoa dela. Ohi bezala, gasteiztarrak estuen izan direnetan agertu da, geldiketa erabakigarri eta ikusgarriekin. Betisen kontra, esaterako, hura gabe ezinezkoa zatekeen Alavesentzat puntu bat urratzea. Gainezka egin zuen momentu askotan, baina horma bat izan zuen atepean.

Pachecok ondo merezia du San Fernando ezizena, azken hiru denboraldietan puntu asko eman baitizkie arabarrei. Uda honetan, urtero legez, zurrumurru ugari ibili dira atezainaren etorkizunaren inguruan, baina, azkenean, ez da Gasteiztik mugitu. Horren garrantzia ondo islatzen dute Victor Laguardia taldekidearen hitzek: «Pachecori eustea hogei gol egingo dituen aurrelari bat fitxatzea bezalakoa da».

ARGI-ILUNAK DEFENTSAN

Eskerrak atezain espainiarrak inspirazio handiz ekin dion sasoiari, defentsan gorabeherak izan baititu Alavesek. Bartzelonaren zelaian sufritzea logikoa da, baina ez horrenbeste Mendizorrotzan Betisen hankapean ibiltzea. Atzelari arabarrek gorriak eta bi ikusi behar izan zituzten Quique Setienen taldeari eusteko, lehen zatian, batik bat. Ez zuten aurreko sasoian etxeko partida askotan giltzarri izaniko sendotasuna erakutsi; aitzitik, oso bigun jardun, eta gola sartzeko aukera asko izan zituzten aurkariek.

Espanyolen aurka, aldiz, bere onera itzuli zen Arabako taldea. Paradoxikoki, Betisen aurka hutsean utzi zuen atea; kataluniarrek, ordea, gol bat egin zioten. Edonola, sentipenak askoz ere hobeak izan ziren. Defentsaren erdigunean oso seguru aritu ziren Laguardia eta Guillermo Maripan, eta hegalekoek ere egin beharrekoa egin zuten. Atzelarien lan onaren erakusgarri, azken ordu erdian apenas iritsi zen Espanyol Pachecoren ate ingurura, markagailua 2-1 zela. Sei aurrelarirekin aritu zen azken minutuetan, baina gasteiztarrek sufritu gabe eutsi zioten emaitzari.

GOL SENA PIZTU ZAIE

Aurrelariak goletik bizi direla esan ohi da; bada, Ruben Sobrino eta Borja Baston hasi dira baloiak sareratzen. Haien golek eman zioten garaipena Alavesi Espanyolen aurka. Bastonek areako aurrelari petoa dela erakutsi zuen, kataluniarren urruntze txar bat baliatu baitzuen. Halaber, lan asko egin zuen bizkarrez, eta gogor borrokatu zen aurkariekin. Porru eginda eta txalo artean utzi zuen zelaia Abelardok aldatu zuenean. Eta are distira handiagoa egin zuen Sobrinok. Sasoia titular gisa hasi du Alavesen denetik lehendabizikoz, eta primeran ari zaio erantzuten entrenatzailearen konfiantzari. Nekaezin bezain distiratsu aritu zen Espanyolen kontra, eta haren sinadura izan zuen garaipenaren golak.

Jony izan da, Sobrinorekin batera, Alavesen erasoko jokoa piztu duen jokalaria. Arabarrak haien abiaduraz baliatu dira kontraerasoetan min egiteko. Hori izan dute ia argudio bakarra orain arte, bestela asko kosta baitzaie jokaldiak landu eta gol aukerak sortzea. Sormen falta da, hain zuzen ere, orain arte izan duten gabezia nagusia. Zelai erdian diziplina eta esfortzu handiko lana egin dute Manu Garciak eta Wakaso Mubarakek, baina taldeak antolatzaile baten premia du.

Zeregin hori Tomas Pinaren ardura da, baina minez dago denboraldi-aurreaz geroztik. Osatuta beharko luke hurrengo partidarako. Oraindik jokatzeko prest ez balego, Abelardok Darko Brasanacen alde egin lezake. Zelai erdiari sormen ukitu bat emateko fitxatu dute arabarrek. Erdilariak atzo adierazi zuen «oso eroso» sentituko dela Abelardoren estiloarekin. Iritsi berria da, baina hurrengo partidaren aurretik bi aste izango ditu egokitzeko. Jinathan Callerik ere eskertuko du etenaldia, baita John Guidettik ere, oraindik ez baitago sasoiko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna