Yatesen beste pauso txiki bat

Lidergoa sendotu du Espainiako Vueltako erlojupeko luzean. Kruijswijk hirugarren jarri da, saio bikaina osatu eta Quintana eta Lopez aurreratuta. Dennis izan da azkarrena
Simon Yates, ahalegin betean, atzo, Santillana del Mar eta Torrelavega artean jokatutako erlojupekoan.
Simon Yates, ahalegin betean, atzo, Santillana del Mar eta Torrelavega artean jokatutako erlojupekoan. MANUEL BRUQUE / EFE

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko irailak 12
Kolpean nekez irabaz daiteke hiru asteko itzuli bat. Urratsez urrats dago joan beharra, etapa bakoitzak dakartzan egoerak ahalik eta hobekiena kudeatuz. Lan horretan dago murgilduta Simon Yates (Mitchelton). Bigarrenez bihurtu zen Vueltako lider Les Praeresen, 14. etapan, eta geroztik elastiko gorriaren defentsan dihardu. Covadongako aintziretan izerdi tantarik bota gabe eutsi zion lidergoari, eta atzo kolpe txiki bat eman zuen mahai gainean, 32 kilometroko erlojupekoan. Ez zen zaratatsua izan, baina bai datozen etapei lasaitasun apur bat gehiagorekin heltzeko baliagarria. Alejandro Valverderen (Movistar) mehatxua zuen atzo britainiarrak; hala ere, aurreikuspenak apurtu, eta zazpi segundo atera zizkion espainiarrari. Sailkapenean 33 segundora du orain.

Nairo Quintana (Movistar) eta Miguel Angel Lopez (Astana), berriz, 1.15era eta 1.34ra urrundu zituen, hurrenez hurren. Kolonbiarrek ez dute mendateetan lasterketa apurtzerik izan orain arte, eta ikusia zegoen atzo atzerapausoa emango zutela. Horri zukua atera zion Yatesek; eta zer esanik ez Steven Kruijswijkek (Lotto Jumbo). Saio on batek podiumera gertura zezakeen herbeheretarra. Izan ere, erlojupeko ona ez, borobila osatu zuen, eta, hala, sailkapeneko hirugarren postua kendu zion Quintanari. Une batez, etapa garaipenarekin ere egin zuen amets; lehen mugarrian denborarik onena ezarri zuen. Azkenean ezin izan zuen ondu Rohan Dennis (BMC) irabazlearen denbora, baina bete-betean sartu zen lehen posturako lehian: Yatesi 52 segundora hurbildu zaio.

Quintana laugarren postuan dago orain, eta Lopez, berriz, seigarren posturaino jaitsi da. Bi kolonbiarren tartean Enric Mas (Quick) dago. Hark ere saio harrigarria osatu zuen, eta mendiko azken etapetan ezustekoa ematen saiatuko da. Lidergoa 1.30era du orain. Distira gutxiago egin zuen Ion Izagirrek (Bahrain). Ormaiztegiarra hamalaugarren izan zen. Bederen, postu bat egin zuen gora sailkapenean: zortzigarren dago orain, 3.04ra. Lehen, aurretik zeukan Rigoberto Uran (Education First), baina kale egin zuen atzo kolonbiarrak. Lehen, abila zen erlojuaren kontra, baina dohainak galdu ditu.

Castroviejo, hirugarren

Espezialisten artean, jaun eta jabe izan zen Dennis. Bikain moldatzen da hala arnasa laburreko saioetan, nola arnasa luzekoetan, eta horren erakusgarri dira aurtengo Vueltako bi erlojupekoetan emaniko erakustaldiak. Nagusi izan zen lehen eguneko erlojupeko motzean, baita atzo ere, 32 kilometroko saio gorabeheratsuan. Indar erakustaldia eman zuen, haren aurretik ateratako bost ziklista aurreratuta, eta helmugara iritsi ostean, lasai ederrean izan zen irabazlearen aulkian. Soilik Kruijswijkek artegatu zuen apur bat. Jonathan Castroviejok (Sky), bestalde, ezin izan zion itzal egin australiarrari. Indarrak ongi kudeatu zituen getxoztarrak, eta, tarteko mugarrietan erreferentzia onegirik izan ez arren, helmugan hirugarren izan zen.

Horiek hala, dena oraindik erabakitzeko dago sailkapen nagusian. Sei txirrindulari daude minutu eta erdiko tartean, beraz, lehia bizia izango da datozen egunetan. Gaur, sua pizteko aukerako amaiera izango dute, Oizen, eta ondoren iritsiko dira mendiko etapa gehiago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Eñaut Agirrebengoa

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna