Kalte-ordainak ukatu nahian

Japoniaren okupazio garaiko sexu esklaboak laguntzeaz arduratzen den fundazioa ixteko asmoa jakinarazi du Hego Koreak. Tokioren iritziz, «onartezina» da Seulen erabakia
Herritarrak itunaren aurka manifestatu ziren 2015ean, Seulen.
Herritarrak itunaren aurka manifestatu ziren 2015ean, Seulen. YONHAP / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko azaroak 22
Bi herrialdeen arteko harremana are gehiago okertu dezakeen erabaki bat hartu du Hego Koreako Gobernuak: Japoniaren okupazio garaiko emakumezko sexu esklaboak laguntzeaz arduratzen den fundazioa ixteko asmoa jakinarazi zuen atzo Genero Berdintasun eta Familia Ministerioak. Erabaki horrek Japoniako Gobernuaren haserrea eragin du, fundazioaren funts iturri bakarrarena, 2015ean bi herrialdeek adosturiko akordioa «hausten» duelakoan. Are, Shinzo Abe lehen ministroak «onartezintzat» jo zuen atzo Seulen asmoa, eta eskatu zion errespeta dezala duela bi urte hitzarturikoa: «Nazioarteko akordioak hausten badira, herrialdeen arteko loturak sortzea ezinezko bilakatzen da».

Berradiskidetzerako eta Sendaketarako Fundazioa Japoniaren okupazio garaiko sexu esklaboak laguntzeaz eta babesteaz arduratzen da, eta Hego Koreako Genero Berdintasun eta Familia Ministerioa arduratzen da hura kudeatzeaz. Atzo zabaldutako oharrean, ministerioak argudiatu zuen erabaki hori hartu zutela fundazioaren «egungo egoera» aztertu ostean, xehetasun gehiagorik eman gabe; albistea ematearekin batera, gaineratu zuen biktimen «ohorea eta duintasuna berreskuratzeko neurriak» hartuko dituztela datozen hilabeteotan. Fundazioa ixteko lege prozesuak hiru eta hamabi hilabete artean iraungo du.

Duela bi urte Japoniak 7,5 milioi euroko funtsa ordaindu zuenetik, 3,4 milioi euro banatu ditu Seulek sexu esklabo izandako 34 emakumeren eta hilik dauden beste 58ren senideen artean. Argitzeke dago, beraz, Hego Koreako Gobernuak zer egingo duen oraindik gastatu ez duen diruarekin; erabaki hori ere «datozen hilabeteotan» hartuko du, atzoko oharrean jakinarazi zuenez.

Itunak bide motza egin du, eta ikusteko dago iraungo ote duen, oinarri ahuletan sortu izanak kezka sortu baitu agintariengan: biktimek hasiera-hasieratik kritikatu zuten akordioa, agintariek baztertu zituztelako negoziazio mahaitik, ez zituztelako biktima guztien iritziak kontuan hartu eta ez zutelako Japoniaren «barkamen ofizial formalik» jaso.

Seulek, ordea, ontzat jo zuen Tokioren barkamena. Bi aldeek 2015eko abenduaren 28an adostu zuten sexu esklaboen afera konpontzeko akordioa, hamabi saioren ostean, eta orduan eskatu zuen barkamena Japoniako Gobernuak, Seulek kudeatzen duen fundazioaren funtsa ordaintzeko konpromisoa hartzearekin batera. Hain justu, ituna mesedegarri izan zitzaion Japoniari ere, barkamena eskatu arren ez zuelako lege erantzukizunik hartu; harrezkeroztik, sexu esklaboen afera guztiz itxita zegoen.

1910etik 1945era

Japoniak 1905ean irabazi zuen Errusiaren aurkako gerra, eta Korea haren protektoratu bihurtu zuen. Bost urteren ostean, Japoniak ofizialki bere egin zuen Koreako penintsula, eta bere kontrolpean izan zuen II. Mundu Gerra amaitu arte, 35 urte luzez.

Historialarien arabera, 200.000 bat emakume hartu zituzten sexu esklabotzat, Japoniako soldaduentzat. 238 lagunek aitortu zuten sexualki jazarriak izan zirela, eta, Hego Koreako Gobernuaren arabera, ituna adosteko unean 46 geratzen ziren bizirik. Egun, 27 daude bizirik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna