Garazi Sanchez. Surflaria

«Aurrerapauso handia eman dut»

Urte oso ona izan du Garazi Sanchez surflari getxoztarrak, baina argi du hurrengo biak mugarri izan daitezkeela bere ibilbidean. Hazten jarraitu nahi du.
GARAZI SANCHEZ

Unai Ugartemendia -

2019ko urtarrilak 2
Sopelako (Bizkaia) La Triangu tabernan da hitzordua, inguruko surflarien tenpluan. Irribarretsu dago zain bertan Garazi Sanchez (Getxo, Bizkaia, 1992). Denek ezagutzen dute. Ikur berria da surfean. Halere, ez du bide erraza izan.

Hasi da 2019a. Zer moduzkoa izan da 2018a?

Gustura amaitu dut. Halere, nahi baino lehenago bukatu behar izan nuen, min hartu bainuen.

Osatu al zara?

Hobeto nago. Bizkarreko lesio bat izan da, ez da larria izan, baina oso mantso doa. Egunero zerbaitetan gabiltzanontzat oso zaila izaten da denbora batean geldirik egon behar izatea. Beste bizimodu batean sartzea izaten da buruarentzat pisutsuena. Beste gauza ezberdin batzuk egiteko baliatu dut geldirik egon naizen denbora. Lesio guztietatik zerbait ikasten da.

Lesioak inoiz ez dira unerik onenean etortzen, baina zuri garai gozo batean harrapatu zaitu.

Hala da. Txapelketa garrantzitsu batzuen atarian harrapatu ninduen, baina, hala ere, ez da hain garai txarra izan. Okerragoa izango litzateke aurrerago izan balitz.

Urte hau eta hurrengoa oso garrantzitsuak izango dira zure kirol ibilbidean.

Hala da. 2020an Tokioko Olinpiar Jokoak jokatuko dira, eta, surflari gehienentzat, hori izango da helburu nagusia. Oso gogotsu nago datorren sasoirako. Kanaria uharteetan hasiko naiz, otsailean, eta handik Australiara, Mexikora eta Kaliforniara joango naiz.

Emaitza oso onak lortu dituzu 2018an.

Espainiako txapeldun izan naiz, eta Europako Txapelketan ere gustura ibili naiz: hirugarren izan nintzen. Txapelketa batzuetako sailkatze fasean eginiko saio batzuekin ere oso gustura gelditu naiz. Esan dezaket profesionalki ibili naizen lehen urtea izan dela, eta asko nabaritu dudala aldea. Uste dut kirol arloan, behintzat, aurrerapauso handia egin dudala.

Egin duzun urtea ikusita, inork ez luke esango urte batzuetan surfa utzita egon zinela.

2010ean izan zen. 18 urte nituen, eta unibertsitatera hasteko garaia zen. Aukera asko nituen, eta aukeratzerakoan zalantza askorekin ibili nintzen: benetan zer egin nahi nuen, ez nitaz zer espero zen, baizik eta nik zer nahi nuen.

Surfik ez al zenuen egin bi urte horietan?

Ez nuen taularik hartu. Egia da surfa ez nuela utzi gustatzen ez zitzaidalako, baina amodioaren eta gorrotoaren sentsazioa nuen.

Bi urteren ostean itzuli zinen.

Ez nintzen lehiatzeko asmoz itzuli. Gorka Alegria ezagutu nuen, eta coaching-aren antzeko zerbait egiten hasi ginen. Helburu bakarra jarri nion Gorkari: nire bizitza berreskuratu nahi nuen. Hasi ginenean, ez genuen surfik egiten, baina kirola erabiltzen genuen norberaren autoestimua handitzeko. Halere, surfa olinpiar kirola bihurtu aurretik, uztekotan egon nintzen.

Zergatik?

Banekien surf egiten jarraituko nuela, baina lanean hasteko ordua zela pentsatzen jarri nintzen. Surfaren industria maldan behera zihoan, eta oso zaila zen munduko zirkuituko probak egiteko dirua ateratzea.

Bi urteko geldiune hura egin izanaz damutzen al zara?

Ez, baina batzuetan pentsatzen dut orain non nengokeen gelditu izan ez banintz. Baina horrelakoa da neure burua, eta bi urte horietan ikasitakoak aukera eman dit orain surfaz profesionalki bizitzeko. Gainera, orain gozatu egiten dut. Lehen, ez nituen surfaren alde guztiak gozatzen.

Etenaldiaren osteko lehen eguna nolakoa izan zen? Gogoan duzu?

Bai. Anaiarekin joan nintzen, eta oso jende gutxi zegoenean sartu nintzen uretara. Lotsa ematen zidan. Ez nuen nahi jendeak ikus zezan maila galdu nuela. Gutxinaka, taulak aldatu nituen. Hainbeste behartzen ez ninduten taulak erabiltzen hasi nintzen, gozatu egin nahi nuen. Konturatzerako, berriro lehiatzeko gogoa sartu zitzaidan. Geroztik, lehia beste modu batera bizi dut; diziplina handiagoz hartu nuen, konpromiso handiagoz. Nire beldur guztiak uxatu nahi nituen kirolaren aitzakian.

Lehiaketetara itzultzea gogorra izan al zen?

Ez nien garrantzi handirik eman lehiaketa haiei. Ilusio handiagoz hasi nintzen surfa bizitzen. Munduko Txapelketako proba batzuetan aritu nintzen, baina, surfaz ezin nintzenez bizi, esperientzia moduan hartzen nuen. Ez nuen dirurik proba gehiago egiteko, eta oso zail ikusten nuen onenekin lehian ibiltzea. Iaztik beste gauza bat da.

Gaur egun, profesionala zara. Zer esan nahi du horrek?

Jaikitzen zarenetik oheratzen zaren arte, zure lanbidea surfaren inguruan maila handitzea dela. Egun, ez dut beste lanbiderik behar nire denboraldia aurrera ateratzeko.

Horrek beste presio bat sortzen al dizu?

Ez. Itzuli nintzenean argi neukan niregatik itzuli nintzela, ez beste inorengatik. Orduan nuen presioa albo batera utzi nuen, eta, egun, aukera baten moduan ikusten dut. Kirola arlo profesionalean bizi nahi dut, jendea ezagutu... Arlo guztietan ondo baliatu nahi dudan aukera izatea nahiko nuke.

Gustuko duzu lehiatzea?

Lehen ez, baina lehia neure buruaren aurka izango dela adostu dugunetik, gehiago gozatzen dut. Surfean, batek bakarrik irabazten du, eta askotan 120 surflari izaten gara. Irabazteaz harago doan analisia egiten dut lehiaketa bakoitzean. Surfa oso kirol kaotikoa da, baina nik profesionaltasuna eman nahi diot, taulak aukeratzean, elikaduran, luzaketetan... Urtetik urtera gizaki moduan zenbat irabazi dudan ikustea da garrantzitsuena. Egiten ari naizen bideak etorkizunerako asko lagunduko didan sentsazioa izan nahi dut. Hori bai, txapeldun izatea ikaragarria da.

Surfak adinik ba al du?

Ez. Kontuan hartu Kelly Slater oraindik ere hor dabilela, 46 urterekin, 18 edo 19 urte dituztenen aurka. Gezurra dirudien arren, ez da hain kirol fisikoa; buruak asko agintzen du.

Zenbat taula dituzu etxean?

Ezingo nizuke ziur esan, baina hogei inguru izango ditut.

Zeure buruarekin asko haserretzen al zara?

Ez, baina obsesio puntu bat badaukat. Beti bilatzen dut hobetzeko aukera.

Perfekzioa gustatzen al zaizu?

Interesa dudan gauzetan bai. Esaterako, autoa zerri eginda eduki dezaket, baina beste gauza batzuekin...

Zer da surfaz gehien gustatzen zaizuna?

Agian, uraren gainean irristatzea, beste ezer berezirik egin gabe.

Eta gutxien?

Hotza, neguan gehienbat.

Surfa asko profesionalizatu al da?

Bai, eta azken urteetan askoz gehiago. Lehen Mailan, esaterako, surflari guztiek euren entrenatzailearekin eta kamerariarekin bidaiatzen dute. Leku bakoitzean bere fisioterapeuta izaten dute. Tenisaren antz handia hartzen ari da.

Zuk nola bidaiatzen duzu?

Nik beti jendearekin bidaiatzen dut. Gertuko ezagunekin ibiltzen saiatzen naiz.

Zenbat denbora pasatzen duzu etxetik kanpo?

Zortzi hilabete inguru.

Nolakoa da emakumezkoen surfaren egoera?

Surfa gizonezkoen kirola izan da historian zehar, baina, egun, gauzak asko parekatu dira. Oraindik ere ikusten dira garai bateko zantzu asko, baina egoerak hobera egin du. Herrialde eta kulturaren arabera da askotan. Esaterako, ez da gauza bera Costa Rican edo Zarautzen lehiatzea. Aurrerapauso handia izan da Lehen Mailan gizonezkoen eta emakumezkoen sariak parekatzea. Hurrengo pausoa zera izango da: lehiakideen kopurua berdintzea.

Sariak aipatu dituzu. Zenbat irabazten du Lehen Mailan proba bat irabazten duenak?

Lehen Mailan dirua irabazten da. Esaterako, 100.000 edo 60.000 euro irabaz daitezke, baina kontuan hartu behar da batek bakarrik irabazten duela, eta lehian 70 inguru izaten direla. Zarautzen, esaterako, gizonezkoek 12.000 jasotzen dute, eta emakumezkoek, 6.000. Bigarren Mailan oraindik ere alde handia dago.

Zenbateko kostua du zure denboraldi batek?

35.000 euro inguru. Hori bai, oso bizitza xumea daramat. Bidaiak denbora askorekin hartzen ditut, eta otorduak etxean egiten ditut.

Surfetik ondo bizi al daiteke?

Zer da ondo bizitzea? Ni orain oso gustura nago egiten dudan bizitzarekin, baina ez da ohiko bizitza. Nomaden antzekoa da gure bizitza. Orain ez dut neure burua beste lanbide batean ikusten. Askok esaten didate ea merezi didan, edota ez diedala inongo inbidiarik ematen, baina ni oso gustura nago. Eta argi dago dena ez dela surf egitea bakarrik: ni autonomoa naiz, sare sozialak kontrolatu behar ditut, babesleak zaindu, entrenatu, bidaiak antolatu, probetan izena eman...

Babesle asko al dituzu?

Beharko! Esaterako, BAT Basque Team, Iberdrola, Isdin, RVCA, Pukas, Xcell, Pro Surf... Askotan, gizonezkoei baina gauza gehiago eskatzen dizkigute, baina haien laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke denboraldia osatzea.

Surfean, surf egiteaz gain, saltzen ere jakin behar al da?

Nik uste dut baietz. Lehen, agian ez, baina gaur egun, surf ondo egiteaz gain, surfa ondo saldu behar da. Denborarekin konturatu naiz ezinbestekoa dela saltzen jakitea, kirol honetatik bizi nahi baduzu behintzat.

Europan hirugarren izateak ezer berezirik ekarri al dizu?

Askotan pentsatu izan dut emaitzek epe motzera ez didatela ezer berezirik ekarri, baina luzera, denen baturak gauza batzuk ekarri dizkit. Urte guztiko lana izan da hirugarren izatea, baina uste dut babesleek gauza gehiagori ere begiratzen diotela.

Zer behar duzu Lehen Mailara igotzeko?

Agian, konfiantza handiagoa izatea neure buruarengan. Txapelketa batzuk irabazi ditut, baina ni gehienbat aurten proba batzuetan izandako sentipenekin gelditzen naiz. Esaterako, txapelketa batean, 2016an eta 2017an munduko txapeldun izan zen Tyler Wrighti jokatutako txanda bat dut gogoan. Bigarren amaitu nuen txanda, baina nirea izan zen olaturik onena. Orduan pentsatu nuen: «Tira, nik ere egin dezaket!». Lotsagabe izatea da askotan lagunik onena. Ekonomikoki ere bultzada bat behar nuen, eta hori lortu dut.

Epe motzera, hori da helburua?

Surflari ororen ametsa hori da, maila horretan lehiatzea. Posible dela iruditzen zait. Lehen bostak beste maila batean daude, baina besteak ez ditut hain urruti ikusten. Lan handia eskatzen du, baina ezinezkoa dela ikusiko banu ez nintzen saiatu ere egingo. Zaila da, baina saiatu ez izanaren arantza ez dut inoiz izan nahi.

Surfa olinpiar kirola izango da Tokion, 2020an. Hori ere helburutzat al duzu?

Bai. Surfa hain kirol handia izan ez den herrialdeentzat Tokio izan da esperantza eman digun aitzakia. Kirolari ororen ametsa dira Olinpiar Jokoak, eta niretzat ere bai. Kirol honetan profesional izateko aukera eman didana izan da.

Zer ekarriko dio surfari?

Jende asko dago aurka, baina inor ez dago joatera derrigortuta. Jendea espezializatu egingo da, baina horrek ez dio inori Indonesiara joateko baimenik kenduko. Agian, magia pixka bat galduko du, baina orain ere zerbait galdu du. Globalizazioak hori ekarri du. Niretzat ona da olinpiar kirola izatea.

Hurrengo bi urteak horretara bideratuko al dituzu?

Bai, baina ez dut zirkuitua utziko. Biak ere uztargarriak dira. Gure kasuan, zirkuituko hiru onenak Espainiako selekziora joango dira. Hor muturra sartu behar dut.

Zein da zure ametsa?

Tokiora joatea izugarria litzateke, baina amets nagusia Lehen Mailara igotzea da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Unai Ugartemendia

Informazio osagarria