Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Traperok adierazi du ez zutela Generalitatearekin bat egiten

Mossos d'Esquadraren buru zenak deklaratu du Puigdemont atxilotzeko dispositibo bat prestatua zutela. Esan du gobernuak ez zuela Polizia autonomikoaren egitekoan esku hartu
Josep Lluis Trapero Mossos d'Esquadraren buru kargugabetua Espainiako Auzitegi Gorenera iristen, atzo, Madrilen.
Josep Lluis Trapero Mossos d'Esquadraren buru kargugabetua Espainiako Auzitegi Gorenera iristen, atzo, Madrilen. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

Igor Susaeta -

2019ko martxoak 15
Kargua hartu eta gutxira, 2017ko uztailean, Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilari behin-behinean kartzelatuak adierazpen batzuk egin zituen, esanez Mossos d'Esquadrak urriaren 1erako deituta zegoen erreferenduma babestuko zuela. Josep Lluis Trapero mossoen buru kargugabetuarentzat, adierazpen haiek herritarrak «nahasi» zituzten. Haren ustez, «arduragakeria puntu batekin» jokatu zuen Fornek, eta agenteek ez zituzten hitz horiek ondo hartu. «Errealitatearekin bat egiten ez duen eta oraindik ordaintzen ari garen zerbait elikatu zuen», nabarmendu zuen, atzo, Auzitegi Gorenean, prozesu subiranistaren aurkako epaiketan lekuko gisa deklaratzea tokatu zitzaionean. Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatu arte, 2017ko urriaren 27ra arte, Kataluniako Polizia autonomikoaren maiorra zenak nabarmendu zuen prozesu subiranistarekin «deseroso» sentitu zela. U-1aren aurreko azken bileran, Generalitateko buruei zehaztu zien mossoek ez zutela Espainiako Konstituzioa «hautsiko», eta Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras presidente eta presidenteorde kargugabetuei jakinarazi zien Polizia autonomikoak ez zuela bat egiten «proiektu independentistarekin». Deklarazioa bukatu baino pixka bat lehenago —ia sei bat orduz aritu zen alde guztien galderei erantzuten— azpimarratu zuen, gainera, urriaren 27ko aldebakarreko independentzia aldarrikapenaren ondoren hala eskatu izan baliete prest zuela, urriaren 25etik, Puigdemont eta Kataluniako Gobernuko kontseilariak atxilotzeko dispositiboa.

Epaiketan lekuko gisa deklaratu dutenean, Espainiako Gobernuko kide zirenek zein galdeketaren eguneko polizia operatiboaren buru Diego Perez de los Cobos Guardia Zibilaren koronelak auzitan jarri dute Traperoren lana. Mossoek 2017ko irailean eta urrian izandako «pasibotasuna» salatu dute, eta guardia zibilak zehaztu zuen erlazio «zaila» eduki zuela maiorrarekin. Traperok agenteen lana defendatu zuen, atzo, epaimahaiaren aurrean.

Trapero ere auzipetua dago, Auzitegi Nazionalean epaitua izan zain, aipatutako gertakari horiengatik. Fiskaltzak sedizioa eta antolakuntza kriminala egozten dizkio, eta 11 urteko kartzela zigorra eskatzen du harentzat. Auzipetuta dagoenez, ez deklaratzeko aukera zuen, baina Gorenera joatea deliberatu zuen.

Erreferenduma «ilegala» izan zen Traperorentzat, eta atzo esan zuen mossoen artean zegoen «kezka» helarazi ziotela Generalitateari: «Bi milioi pertsona kalean, eta 12.000 polizia lanean. Horrek gatazka larriak eragingo zituen ordena publikoari eta herritarren segurtasunari dagokionez». Behin baino gehiagotan nabarmendu zuen, ordea, Generalitateak inoiz ez zuela Polizia autonomikoaren egitekoan esku hartu: «Gobernuaren erantzuna beti izan zen egin genezala guri zegokigun lana».

U-1ean «ahalegin historikoa» egin zuten mossoek, Traperoren hitzetan. Atzo adierazi zuenez, fiskaltzak U-1erako proposatutakoa betetzeko, hau da, «hautesleku bakoitzaren aurrean 100 metroko eremu bat osatzeko», 40.000 poliziako dispositibo bat behar zuten. «Ez genituen». Gero, ordea, Mercedes Armas Kataluniako Auzitegi Nagusiko magistratuaren irizpidea gailendu zen. «Esan zigun pazientziarekin, eutsiz, jokatzeko, eta une oro bake soziala bermatzeko». Traperorentzat, mossoek «agindu judiziala» betetzeko asmoa zuten, erreferenduma eragozteko. Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren goi kargudunek egindako akusazioez defendatu zen, adieraziz «adostuta» zegoela mossoek «aurretiazko lana» egingo zutela. Azpimarratu zuen, horrenbestez, ia 400 hauteslekutan bozkatzea eragotzi zutela , eta 250 ezin izan zituztela ireki. Oldarraldiei dagokienez, norbaitek «koordinazioa haustea» erabaki zuela esan zuen. «Norbera egin dadila bere ekintzen erantzule...».

Perez de los Cobosi buruz

Adierazi zuen, hori bai, Perez de los Cobosen izendapena ez zitzaiola gustatu. «Esan nuen ez nengoela ados erabakiarekin, uste nuela ez zela izendapen egokiena, baina errespetatuko nuela». Hori plazaratu zuen Traperok orduan, eta atzo azaldu zuen Perez de los Cobos agintari «politiko bat» iruditzen zitzaiola, ez zetorrela «dispositiboen mundutik».

Irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren eraikinaren parean gertatutakoari dagokionez, azpimarratu zuen eskatu zitzaienean eraikinetik ateratzeko «irteera seguru bat» eskaini ziotela Montserrat Del Toro idazkari judizialari. Joan den astean deklaratu zuen Del Torok, eta mossoen jarrera salatu zuen.

Hilabete eta gero, matxinadarik gabe

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna