Irabazita, barruan da

Euroligako partida jokatuko du gaur Baskoniak Anadolu Efesen aurka, Buesa Arenan. Armani Milanen eta Panathinaikosen porrotek erraztu egin diote sailkapena Perasovicen taldeari

ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Baskoniak gaur Anadolu Efesi irabazten badio Buesa Arenan (20:30), Euroligako final-laurdenetan izango da. Estutasunik gabe jokatuko du azken jardunaldia. Atzo Armani Milanek 90-104 galdu zuen Fenerbahceren kontra, Panathinaikosek, berriz,73-74 Real Madrilen kontra, eta horrek bidea erraztu die arabarrei.

Baskoniak etxeko lanak egiteko Euroligako azken partidetan etxean erakutsi duen sendotasunari eutsi behar dio, zortzi garaipen baitaramatza erreskadan.Anadoluk, gainera, ez du ezer jokoan. Izan ere, laugarren amaituko du Liga Erregularra, eta kantxa faktorea ziurtatua du final-laurdenetako kanporaketan. Elkar oso ondo ezagutzen duten taldeak dira Baskonia eta Anadolu. Velimir Perasovicek Turkiako taldea zuzendu zuen sasoi eta erdi: 2016ko irailetik 2018ko abendura. Jokalarien artean, berriz, Gasteizko zaleen artean aski ezagunak diren hiru jokalari Buesa Arenara itzuliko dira: Shane Larkin, Rodrigue Beaubois eta Tibor Pleiss. Gaur jokatuko ez duten arren, Baskoniako Jayson Grangerrek eta Matt Janningek, berriz, Anadolun jokatu zuten.

Aurkari gaiztoa izan ohi da gaurko bisitaria Baskoniarentzat, Gasteizen jokatu dituen zortzi partidetatik bost irabazi baititu. Baina gaur arabarrek joera hori aldatzen hasteko aukera aproposa dute. Izan ere, jokoan ezer ez edukitzeaz gain, jokalari garrantzitsu bat faltako du Anadoluk: Bryant Duntson pibota. Bera da, Adrien Moermanekin batera, taldean errebote gehienjasotzen duen jokalaria. Hori baliatu behar dute Johannes Voigtmannek eta Vincent Poirirrek, Real Madrilen aurka egin zuten bezala, bi uztaietan nagusi izateko.

Aurkariari bainoago, bere taldeari erreparatu nahi izan dio Perasovicek. «Hain jokalari gutxirekin, ematen ari garen maila nabarmentzekoa da. Jokalariak sekulako ahalegina egiten ari dira, eta oso harro nago haietaz. Azken urratsa egitea falta zaigu orain. Geratzen zaizkigun bi partidak irabazi nahi ditugu, liga erregularra ondo amaitu eta sailkapena erabat ziurtatzeko».

Perasovic ez da fio bere talde ohiaz. «Harrotasun handiko talde bat da, eta bere onena ematera aterako da. Partida oso zaila izango da». Haren jokoa goraipatu du: «Erasoan indar handia du. Kanpotik jokalari oso bizkorrak ditu, jaurtitzaile petoak eta ondo pasatzen dutenak. Euroliga irabazteko gai izan daiteke».

Bestalde, Baskoniako kapitain Tornike Xengeliak senda-agiria jaso zuen atzo, hiru hilabete min hartuta eman eta gero. «Luze egin zait jokatu gabe eman dudan denbora. Hemendik aurrera berriz ere taldeari laguntzen hasi nahi dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.