ANCk gehiengo osoari eutsi dio Hegoafrikan, baina ez du boto galera eten

Afrikako Kongresu Nazionalak inoizko emaitzarik txarrenak izan ditu hauteskunde orokorretan: botoen %56,7. Politikarekiko atsekabea adierazi dute hautesleek

Hauteskunde Batzorde Independentea, atzo, behin-behineko emaitzen berri ematen. YESHIEL PANCHIA / EFE.
ander perez zala
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Emaitzak gazi-gozoak dira Afrikako Kongresu Nazionalarentzat (ANC): aurrerantzean Hegoafrikako Asanblea Nazionalean gehiengo osoa izango duen arren, ez du lortu 2009tik jasaten ari den galera etetea. Botoen %67 zenbatuta, ANCren aldeko babesa %62,1etik %56,7ra jaitsi da, inoizko kopururik txikienera; zehazki, alderdiak bost milioi boto inguru galdu ditu2014ko bozetatik. Inkestek aurreikusitakoa baino emaitza hobeak dira herenegun egindako hauteskunde orokorretan lorturikoak, baina beheranzko joerak agerian utzi du ANCren hegemonia ahultzen ari dela.

Bost milioi boto horien gehiengoa, bada, ez da oposizioko alderdietara joan. Aliantza Demokratikoa (DA) oposizioko alderdi nagusia bigarren indarra izan da berriz ere, baina bi milioi boto gutxiago jaso ditu, parte hartzea zortzi puntu jaitsi baita, eta DA botoen %22,5ean geratu da; azken hauteskundeetako goranzko joera etenda ikusi du, beraz. Mmusi Maimane DAren lehen buruzagi beltzak hainbat gotorleku kendu zizkion ANCri 2016ko udal hauteskundeetan —Johannesburgo eta Pretoria hiriburua, esaterako—, baina bultzada horrek ez dio balio izan alderdi hegemonikoari aurrea hartzeko.

Askatasun Ekonomikorako Borrokalariak (EFF) ezkerreko alderdia hirugarren indarraizan zen herenegungo ekitaldian ere, eta proportzionalki gora egin du, 2014an baino boto gutxiago jaso arren; 138.000 herritar gutxiagok egin dute alderdi marxista-leninistaren alde, baina, portzentajeetan izandako gorakadari esker, diputatu gehiago izango ditu Asanblea Nazionalean. %6,35etik %9,9ra gora egin du.

Gorakada horrek balioko dio, besteak beste, orain arte aipaezina zen gai batean sakontzeko: lurren banaketa. Hegoafrikan, zuriak herritarren %10 dira, baina lurraren %72ren jabe dira, eta EFFk lege erreforma bat sustatu nahi du nekazaritza erreforma garatzeko. Julius Malema alderdiaren buruzagiak lurrak okupatzeko deia egin izan du: «Europako kolonizatzaileek afrikar baketsuak aurkitu zituzten, eta animaliak balira bezala sarraskitu zituzten. Gure arbasoei kendutako lur horiek desjabetu behar ditugu».

Hauteskunde Batzorde Independenteak atzo jakinarazi zuenez, parte hartzea %65,4 izan zen, 1994tik inoiz izandako txikiena. Kopuru horrek, bada, agerian utzi du herritar batzuek politikarekiko duten atsekabea; Cyril Ramaphosa Hegoafrikako jarduneko presidenteak atzo aitortu zuen ekonomiaren gainbehera eta ustelkeria izan direla ANCren emaitzen arrazoi nagusiak. Hegoafrikan langabezia %28,6koa da, beltzen artean %50ekoa eta gazteek zailtasun handiak dituzte lana aurkitzeko.

Presidentearen erronkak

Jarduneko presidentearen babes maila neurtzeko bozak izan ziren atzokoak. Jacob Zumaren dimisioaren ostean hartu zuen kargu hori, iazko otsailean, eta ustelkeriaren kontrako borroka bihurtu du bere presidentetzaren ikur. Zumak, hain justu, ustelkeria salaketa etengabeen ostean eman zuen amore, ANC haren alderdiak eskatuta.

Aurtengo hauteskunde orokorrek, gainera, indar sinbolikoa zuten, bozketa egunean 25 urte bete baitziren Nelson Mandela herrialdeko lehen presidente beltza bilakatu zenetik, lau egun iraun zuten hauteskundeetan 12.237.655 boto eskuratu ostean—herenegun ANCk bost milioi inguru lortu zituen—. ANCren aldeko botoak goia jo zuen 2004ko hauteskundeetan, botoen %70era iritsi zenean, eta harrezkeroztik beherantz egin du.

ANCk lortu du Asanblea Nazionalean duen gehiengo osoari eustea, diputatu gutxiagorekin bada ere, eta Ramaphosa presidente inbestitzeko aukera izango du; Hegoafrikako jarduneko presidenteak, baina, sekulako erronka du aurretik datozen bost urteetan. Botoa eman aurretik, Ramaphosak barkamena eskatu zien herritarrei ANCk izandako ustelkeriagatik: «Gure herriari eskatu nahi diogu euren konfiantza inbertitu dezatela berriz guregan».

Pobreziari, ustelkeriari eta langabeziari aurre egitea, horiek izan beharko dute ANCren helburuak urteotan galdu duen babesa berreskuratu nahi badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.