Mayk ekaineko lehen astean jakinaraziko du kargua noiz utziko duen

Erresuma Batuko lehen ministroak Irteera Akordioaren lege proiektua bozkaraziko du Komunen Ganberan. Boris Johnson lehiara aurkeztuko da 'tory'-en buruzagi izateko

ander perez zala
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak eta 1922 Batzordeak, gobernuan kargurik ez duten diputatu kontserbadoreek osatzen duten taldeak, ekaineko lehen astean negoziatuko dute lehen ministroak kargua noiz utziko duen eta, beraz, Alderdi Kontserbadoreak noiz egingo duen hura ordezkatzeko barne lehia. Horretara konprometitu zen atzo May, batzorde horren presidente Graham Bradyrekin batzartu zenean; alderdikideek dimisioaren data eskatu zioten, baina lehen ministroa gutxienez beste hiru astez izango da kargu horretan. Ekaineko lehen astean bozkaraziko du Irteera Akordioaren lege proiektua, eta, dirudien bezala diputatuek ezezkoa ematen badiote, May eta Graham bozketa horren ostean batzartuko dira egutegia adosteko.

1922 Batzordearen presidenteak ohar baten bidez adierazi zuenez, lehen ministroak Erresuma Batuaren «irteera bermatu nahi du», eta Irteera Akordioaren lege proiektuaren bigarren irakurketa «onarrarazteko lanean murgilduta» dago, Erresuma Batua udan atera dadin Europako Batasunetik (EB). Komunen Ganberak hirutan esan dio ezetz lehen ministroari: lehen bi bozketak Londresen eta Bruselaren akordioaren inguruan izan ziren; eta hirugarrena soilik Irteerarako Akordioari buruzkoa, Deklarazio Politikoa —etorkizuneko harremanaren oinarriei buruzkoa— kontuan hartu gabe.

Horregatik, eta John Bercow Komunen Ganberako presidentearen betoa saihesteko, Maykekaineko lehen astean aurkeztuko du lege proiektua, oraindik argitara eman ez den testua. Testu hori lege bilakatzea ezinbestekoa da Londresek eta Bruselak adosturiko testuaren edukia indarrean sartzeko eta beharrezkoak diren legezko aldaketak gauzatzeko; alegia, gauza bat da lege proiektu hori onartzea, eta beste bat brexit-erako akordioa onartzea. Bi testu desberdin dira, baina biak beharrezkoak Erresuma Batua era ordenatuan irteteko.

Gaur-gaurkoz, ganberan ordezkaritza duten alderdiek adierazitakoaren arabera, lehen ministroak ez du behar adina babesik lege proiektuaren bigarren irakurketa arrakastatsua izateko.Itxaropen bakarra, beraz, Alderdi Laboristarekiko negoziazioetan du jarria; herenegun, Jeremy Corbyn laboristen buruzagiak adierazi zuen lege proiektuaren alde bozkatuko dutela soilik aurrez bi aldeak adostasun batera helduko balira Deklarazio Politikoari buruz. Haren adierazpenek zirrikitu bat ireki zioten lehen ministroari, ez baitzuen baztertu abstenitzea bozketa horretan; baina zirrikitua atzo bertan itxi zuen Keir Starmen laboristen buruzagitzako kideak, aukera hori guztiz baztertu baitzuen.

Berez, Mayren asmoa zen lehen ministro kargua uztea Bruselarekin adostu zuen ituna onartzen ziotenean, baina, hiru aldiz saiatu ostean, alderdikideek estuago hartu dute Downing Streeteko 10.etik joan dadin; lehen ministroak zentsura mozio bati egin zion aurre iragan urtarrilean, Komunen Ganberan, eta garaile atera zen (325-306). Aurrez, iazko abenduan, alderdiaren konfiantza botoa irabazi zuen (200-117), eta, beraz, kontserbadoreen araudiaren arabera, alderdikideek ezin dute halako bozketarik berriz egin urtebetez.

Halere, zenbait diputatu tory-k barne araudia aldatzeko proposamena egin dute hainbatetan, egoera jasanezinaren erakusle. Gainera, Erresuma Batuan datorren ostegunean egitekoak diren Europako Parlamenturako hauteskundeen inkestek emaitza txarrak aurreikusten dizkiote Mayren alderdiari, eta hori beste arrazoi bat bilakatuko litzateke lehen ministroaren dimisioa eskatzeko.

Ordezkoaren bila

Mayk dimisioa emanda ere, lehen ministro karguan jarrai lezake, jardunean, Alderdi Kontserbadoreak haren ordezkoa hautatu arte. Tory-ek konferentzia dute irailean, eta espero da hitzordu horretarako hautatua izatea lehen ministroaren ordezkoa. Lehia horri begira, Boris Johnson Londresko alkate ohi eta Atzerri ministro ohiak adierazi zuen aurkeztuko dela primarioetara: «Jakina baietz».

Beste hainbat politikarik iradoki dute jada lehia horretan parte hartuko dutela: Dominic Raab brexit-erako ministro ohiak, Andrea Leadsom gobernuaren eta Komunen Ganberaren arteko harremanaz arduratzen den ministroak, Amber Rudd Pentsioen ministroak eta Sajid Javid Barne ministroak, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.