Kroskoa eraikitzen hasi dira

Realak hurrengo sasoia prestatzeari ekin dio bImanol Alguacilek lehenengoz gidatuko du hasieratik taldea bRemiro, Sagnan, Isak, Odegaard eta Portu estreinakoz aritu dira Zubietan
Imanol Alguacil, jokalariei aginduak ematen, atzo, Zubietan, denboraldi-aurreko lehen entrenamenduan.
Imanol Alguacil, jokalariei aginduak ematen, atzo, Zubietan, denboraldi-aurreko lehen entrenamenduan. GORKA RUBIO / FOKU

Jon Ander De la Hoz -

2019ko uztailak 9
Botila bat kroskora botata inauguratzen da itsasontzi bat. Aurretik, ordea, baporea bera apailatu egin behar izaten da, uretaratzeko puntuan jarri. Beharginek orduak ematen dituzte itsaso zakarrari aurre egingo dion kroskoa eraikitzen. Antzeko lanei ekin zien atzo Realak; 2019-2020ko sasoia prestatzen hasi zen. Donostiarrek Zubietan egin zuten denboraldi-aurreko lehendabiziko entrenamendua, atzo goizean.

Aldaketa sorta handi samarra izan du taldeak uda honetan. Zenbait jokalarik utzi egin dute Reala, eta, haiek ordezkatzeko, beste taldeetako eta harrobiko jokalariak batu dituzte donostiarrek.

Aulkian ez da aldaketarik. Imanol Alguacilek lehendabizikoz hartuko du taldearen gidaritza estreinako partidatik, aurreko bi sasoietan kaleratutako entrenatzaileak ordezkatu baitzituen. Lehenengoz, berak izango du taldearen bizkarrezurra eraikitzeko ardura, ontziolako lanak egitekoa. Oriaren ertzean ikusitako ofizioa bere egingo du.

Entrenatzaile oriotarrak dagoeneko erakutsi du nolako itxura izango duen taldeak. Atzoko lan saioan bost jokalari lehendabizikoz aritu ziren haren esanetara. Beste klubetatik ekarri dituzten fitxaketak dira: Alex Remiro (Athletic), Modibo Sagnan (Lens), Alexander Isak (Willem II), Cristian Portugues Portu eta Martin Odegaard (Real Madril). Horiez gain, orain artean Reala B-ko kide izandako Ander Gebara, Aihen Muñoz, Robin Le Normand eta Ander Barrenetxea ere lehen taldeko jokalari izango dira.

Jose Luis Orbegozo zelaian ziren Asier Illarramendi eta David Zurutuza ere, eta haiek izan ziren prentsaren aurrera agertzeko arduradunak, taldeko kapitainak direnez gero. Zurutuzaren esanetan, «sentipenak hartzeko» dira lehendabiziko egunak, baina usain ona hartzen dio taldeari: «Jokalari baliotsuak ekarri ditugu. Mentalitatez asko emango digute, eta horrek taldea elikatu egingo du».

Sasoiari ilusioz helduko dio Illarramendik: «Gogoz geunden lasterka hasi eta izerdia botatzeko. Talde polita dugu, jende ona ekarri dugu, eta lehia handia dago taldean. Hobetu egingo gaitu horrek». Sasoiko helburuei begira jarrita, mutrikuarrak esan zuen «gustatu» egiten zaiola zaleak taldearekin exijenteak izatea: «Horrela izan behar du. Ez bagina exijente izango, helburuak lortzea gaitzagoa izango litzateke».

Izen dantza handia izan du Realak ekainean, eta Zurutuzak azpimarratu zuenez, «belaunaldi aldaketa» izan da txuri-urdinen aldagelan: «Talde gaztea dugu; zenbakiek ez dute gezurrik esaten. Aurreko denboraldian ere ikusi zen, ordea, talde gaztea izan arren barruko indarra atera eta zelai handietan ere emaitza onak atera dituela».

Denboraldi-aurreko lehen eguna berezia izan da Zurutuzarentzat. Azken sasoia du Realean, eta horren sentipen kontrajarriak sortu dizkio erdilariari: «Bai, noski: hausnartu dut, buruan daukat. Nire azken denboraldi-aurrea da, eta urte guztian errepikatuko den zerbait da. Azken partida, zelai batera egindako azken bisita... Oso kontziente naiz horretaz guztiaz, eta dudan guztia eman nahi dut, atzera-bueltarik ez duelako. Oso ilusio handia dut». Europarako sailkatzeko lehian egon nahi du Zurutuzak. Haren esanetan, «iragan sasoian azken partidetara arte aukerak izan genituen. Igarri dut gehiagorako gogoa dugula, lehen jardunaldira indartsu iristekoak. Bide zaila izango da, baina prest gaude».

Antzera pentsatzen du Illarramendik ere, Realak «jokalari oso onak» dituela uste baitu. Mutrikuarra baikorra da datorren sasoiari begira. Azaldu zuenez, lehia izango dute jokalarien artean jokatzeko: «Puzzle bat osatu behar dugu ditugun jokalariekin. Uste dut Imanol horretarako entrenatzaile izugarri ona dela, eta egunerokoan dena eman beharko dugu gero partidak aurrera ateratzeko».

Jon Bautista, zelaian

Aldaketa gehiago egon ahal izateak giroa ez du narrastu, Zurutuzaren arabera: «Jendea lanerako gogoz dagoela sentitu dut. Giro oso ona dugu, eta lanerako serio dabil. Egia da jende berria dagoela, oraindik egokitu gabe, eta lan bat dugu berriekin hemengo kultura ezagutarazteko. Gazte jendea da, eta gustura gaude».Illarramendik ere «ondo» ikusi ditu iritsi berriak: «Lehen egunak ere garrantzitsuak dira integratzeko, eta taldean urte gehiago egin ditugunok garrantzi berezi bat dugu horretan. Saiatzen gara eurak eroso egon daitezen, gero duten guztia eman dezaten».

Uztaila hasterako fitxaketarik gehienak eginak zituen Realak, eta bide emana zitzaien Donostian jarraituko ez duten jokalariei. Theo Hernandezek, Juanmi Jimenezek eta Sandro Ramirezek utzi egingo diote elastiko txuri-urdina janzteari, eta gauza bera egin dezake Jon Bautistak. Errenteriakoa utzita joan daiteke datozen egunetan; Belgikako Ligan hartuko luke ostatu, baina akordioa ixteke dagoen artean Zubietan ariko da. Txuri-urdinen oinarri berriak ezartzeko baliatu zuten Realeko entrenatzaileek lehendabiziko entrenamendu saioa.