Bi bide orri, jomuga berbera

Alaves eta Eibar datorren sasoia prestatzen hasi dira. Arabarrak hutsetik abiatuko dira, Asier Garitanoren gidaritzapean; gipuzkoarrek, aldiz, taldea gaztetu dute fitxaketekin

Alaveseko eta Eibarreko jokalari eta entrenatzaileak, atzo, denboraldi-aurreko lehen entrenamendua hasi aurretik. ENDIKA PORTILLO-FOKU / EIBAR.
enaut agirrebengoa
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Eibarrek eta Alavesek filosofia ezberdinak dituzte. Eliteko futbolaren ekosistema konplexuan bizirik irauteko modu ezberdinak dituzte. Eibar iraunkortasunaren alde ari da apustu egiten; hurrengo sasoia bosgarrena izango du Jose Luis Mendilibarrek Gipuzkoako taldearen aulkian. Alavesen, aldiz, proiektuak askoz ere iragankorragoak dira. 11 entrenatzaile igaro dira gasteiztarren aulkitik Josean Kerejetaren aroan, eta Asier Garitano hamabigarrena izango da. Hori bai, bi taldeek dute jomuga bera: Espainiako Lehen Mailan egonkortzen jarraitzea. Helburu hori gogoan, atzo ekin zioten denboraldi berria prestatzeari.

Alavesek laugarren sasoia izango du jarraian gorengo mailan. Salbazioa itolarririk gabe lortu, eta Europako postuei zeharka begiratzea da Arabako taldearen nahia. Alegia, nolabait ere aurreko denboraldian egindakoa errepikatzea. Ez du lantegi erraza izango, ordea. Abelardo Fernandez proiektu egonkor baten gidaria izan zitekeela zirudien, baina teknikariak utzi egin du taldea, baita Jony eta Calleriren moduko jokalari erabakigarriek ere. Hori horrela, azalberritu egin beharko du Alavesek, Asier Garitanoren lemapean. Bergararrak egonaldi labur eta mikatza izan zuen Realean, eta, orain, iraganean arrakasta handia ekarri dion estilo sendo eta lehiakorra Gasteizen ezartzen saiatuko da.

Abelardoren oso antzeko gidaliburua darabil Garitanok; beraz, jokamoldeari dagokionez ez du iraultza handirik egingo. Haatik, handia izango da jokalarien joan-etorria. Irteerei dagokienez, oraingoz zazpi jokalari atera dira Gasteizko taldetik. Callerik eta Jonyk utzi dute hutsunerik handiena, bata taldeko golegile nagusia izan baitzen iragan sasoian, eta bestea, jokalaririk onena, erasoko jokoari gatza eta piperra emateaz arduratu zena. Utzita aritu ostean, beren jatorrizko klubetara itzuli dira, berriz, Alex Blanco, Inui, Brasanac, Rolan eta Baston.

Garitanok 24 jokalari izan zituen eskuragarri sasoi-aurreko lehen entrenamenduan. Tartean izan ziren Gasteizera azken asteetan iritsitako Lucas Perez (West Ham), Luis Rioja (Almería), Pere Pons (Girona), Ramon Mierez (Atletico Tigre), Jeando Fuchs (Sochaux) eta Saul Garcia (Deportivo). Olivier Verdon (Sochaux) geroago batuko zaie taldekideei, Afrika Kopa lehiatzen ari baita. Soilik Perezek, Riojak eta Ponsek dute toki finkoa proiektu berrian; gainontzekoek denboraldia hasi aurreko zortzi lagunartekoak eta lan saio guztiak profitatu beharko dituzte Garitano konbentzitzeko. Beste horrenbeste egingo dute aurreko sasoian utzita irten ziren gazteek: Ermedin Demirovicek, Adrian Dieguezek, Javi Muñozek eta Rafa Navarrok.

Hutsune handiak

Eibarrek jarraitutasunaren alde egingo du apustu, eta, era berean, taldea gaztetzen saiatuko da. Lehen Mailako batez besteko adinik altuena izan zuen joan den denboraldian ia 29 urte neurketako. Soilik Cucurellak, Jordanek, Calaverak eta Cardonak zituzten 25 urte baino gutxiago, eta lehen biek baino ez zuten izan Mendilibarren konfiantza. Bada, aire berriak ekartzeko asmoz, Bigarren Mailako merkatuari erreparatu dio Fran Garagarza kirol zuzendariak, eta etorkizun oparoa izan dezaketen bi jokalari erosi ditu: Alvaro Tejero (Albacete) eta Roberto Olabe (Extremadura). Esteban Burgos (Alcorcon), Rober Correa (Cadiz), Asier Benito (Athletic B) eta Ruben Lobato (Oviedo B) ere fitxatu ditu. Litekeena da azken biak utzita irtetea datozen asteetan.

Oraingoz, lau jokalari atera dira, eta horietatik bi ez dira edonolakoak: Ruben Peña Vila-Realera joan da, eta Jordan, Sevillara. Funtsezkoak ziren Mendilibarren arbelean, eta ez da erraza izango haien hutsuneak betetzea. Bederen, 21 milioi euro jaso ditu Eibarrek erdilariaren eta atzelariaren truke. Ziurrenik, beste lau poltsikoratuko ditu laster, Bartzelonak Cucurella berrerosteko asmoa baitu. Cardonak eta Millak ere taldea utzi dute; horrenbestez, 26 jokalarik hasi dute 2019-20ko denboraldiaren prestaketa Gipuzkoako taldean. Hasiera-hasieratik zukutuko ditu Zaldibarko entrenatzaileak: bi lan saio izan zituzten atzo, eta beste bi izango dituzte gaur.

Lehen lagunarteko norgehiagoka datorren astelehenean jokatuko du Eibarrek, Leioaren aurka, eta bi egun geroago Amorebietarekin neurtuko ditu indarrak. Gero, sasoi aurreko ohiko egonaldia egingo dute. Aurten, Kossenen (Austria) izango da, uztailaren 19tik 28ra bitarte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.