Arrauna

Eremu txikian, handi

Hibaikak bi puntura utzi du Zumaia ETE ligan, Castron irabazita, eta biak ariko dira kanporaketan. Getaria nagusitu da leku berean KAE 1 ligan, bi luzetako lanean. Castrok irabazi du KAE 2 ligan

Hibaikako eta Getariako arraunlariak, atzo, Castro Urdialesen irabazitako banderarekin. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Castro Urdiales (Espainia). Abuztuaren 15a. Jaieguna. Estropada eguna. Zarata eta festa giroa eremuaren inguruan. Ezohiko lanak arraunlarientzat estropada berezian: ETE eta KAE ligetako bi mailak elkarrekin leku berean. Emakumezkoen jarduna, ohikoa, bi luzetara. Gizonezkoena ez, betiko lanaren erdia baino ez. Bi bandera jokoan: bat emakumezkoentzat, eta bestea gizonezko 23 taldeen arteko azkarrenarentzat.

Eguneroko jardunetik ateratzeko arrisku galanta zuen atzo arraunlariak hainbeste aldagairekin. Horra entrenatzaileen kezka handi bat atzokorako. Kontzentrazioa eta arreta inoiz baino lagun hobeak izango ziren atzo, eta horretara joan zen, esate baterako, Hibaika.

Aparteko lan psikologikoa eskatu zien arraunlariei Amaia Gezala entrenatzaileak, sartzeko itxitura batean, kanpoko zarata eta ezohikotasun guztiaren soinua ez entzuteko. Bai egin ere, sekulako estropada osatu zuelako Errenteriako taldeak ETE ligako azken-hirugarren jardunaldian. Bost aurkari zeuzkan alboan: Zumaia bigarren kalean, Deustu hirugarrenean, San Juan laugarrenean, Kaiku bosgarrenean, eta Tolosaldea seigarrenean. Lehen txandan Isuntzak egin zuen denbora onena, baina Ondarroak, lehen kaletik lan erdi zoragarria osatu zuen, aurrena baitzen ziabogan. Hibaikak ere ondo baliatu zuen lehen kalearen babesa kanpora joateko, eta segundoari segundoa gehituz, San Juanek baino bost azkarrago eman zuen buelta, eta zortzira zuen ordurako Zumaia, estropada baino lehen pare-parean zuena sailkapen buruan. Kolpea emateko aukera ez zuen kareletik bota Hibaikak, eta poparean ere dotore moldatu zen, olatuxken artean.

Sasoiko seigarren trapua du atzokoa, eta Zumaiari bi puntuko aldea ateratzen dio orain, San Juan sartu zelako tartean atzo, hamar segundora. Zumaiak 24 galdu zituen, askotxo. Deustuko eta Errenteriako estropada puntuagarriak baino ez zaizkie geratzen, eta dagoeneko, Hibaikak eta Zumaiak matematikoki lotuadute igoerako kanporaketa jokatzeko aukera.

Getaria, poparean nagusi

KAE 2 ligako taldeen bi txandak etorri ziren gero, eta etxeko taldetako batek lortu zuen denborarikonena: Castrok Canteras Santullan. Eta oso marka ona egin zuen, gero KAE 1 ligako Donostiarra B, Camargo, Pedreña, Arkote, Zumaia, Santoña, Lapurdi eta Hibaika ez zirelako gai izan etxekoak gainditzeko. Orio B, KAE 2 ligako liderra bosgarren izan zenez, Castro hiru puntura jarri zaio, bi estropada falta direla. Aurrenekoa igoko da zuzenean KAE 1 ligara.

Lehiaketa horretako taldeen artean, Getariak egin zuen atzo sekulakoa, azkarrena izan baitzen eta bandera bereganatu baitzuen. Garaipena lortzeko moduak handitzen du getariarren lana, ziaboga bakarrean azkena baitziren, Deustutik bost segundora. Bigarren luzean denei aurrea hartu, eta San Juani segundoa atera zion, eta bi, Deusturi. Zarautz liderra laugarren izan zen. Getariarrek hirugarren bandera dute atzokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.