Izar txikien eklipsea

Balentria egin du Angel Madrazok Javalambren, Vueltako 5. etapa irabazita. Ihesaldiak tropelaren baimena izan du, eta Burgos taldeko ziklista izan da aztiena. Miguel Angel Lopez jarri da lider

Izar txikien eklipsea.
enaut agirrebengoa
2019ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Ziurrenik aurtengo Espainiako Vueltako ezustekorik handiena izango dena eman zuen atzo Angel Madrazok (Burgos). Inork ez zuen txakur txikirik ere emango espainiarrak etapa bat ehizatzearen alde, are gutxiago atzokoa bezalako egun garrantzitsu batean. Javalambreko (Espainia) Behatoki Astrofisikoan zegoen helmuga, mendate gogor baten amaieran—11 kilometro eta %7,8ko pendiza—. Talde edo konstelazio handien eta izar nagusien unea zen. Mundu guztia zegoen supernobaren zain. Izan zen halakorik, baina itzalpean utzi zuen Burgos BH taldeko izar txikiek eragindako eklipseak. Madrazok modu harrigarrian irabazi zuen etapa, eta haren taldekide Jetse Bol izan zen bigarren. Biak eguneko ihesaldian sartu ziren Jose Herradarekin (Cofidis) batera, eta baliorik gabe utzi zituzten iragarpen guztiak.

Ustekabe txikiagoa izan zen Miguel Angel Lopezek (Astana) lidergoa berreskuratu izana. Hanka sartu zuen igandean, Calpera (Herrialde Katalanak) bidean, baina atzo, atzean utzi zituen Vuelta irabazteko gainontzeko hautagaiak. Lasterketako igotzailerik onena da, Javalambren gora berretsi zuenez. Helmugatik 2 kilometrora abiatu zen, baita indarrez abiatu ere. Ezin izan zion inortxok jarraitu. Alejandro Valverde (Movistar) eta Primoz Roglic (Jumbo Visma) temati saiatu ziren, baina hamabi segundoko atzerapena izan zuten azkenean. Gainontzekoekiko, arrakala zabaldu zuen kolonbiarrak: 42 segundo atera zizkion Tadej Pogacarri (UAE), 54 Nairo Quintanari (Movistar), 59 Esteban Chavesi (Mitchelton), 1.24 Rigoberto Urani (Education First) eta 1.30 Nicolas Roche liderrari (Sunweb).

Lehia, azken aldapetan

Faboritoek gorriak ikusi zituzten amaierako igoeran. Oso gogorrak ziren azken bost kilometroak, %10eko batez besteko pendizarekin, eta bertan piztu zen sua. Aurrez, ordea, oso gatz gutxi izan zuen etapak. Zuhur jokatu zuten oilarren taldeek, Vueltan sekula igo gabeko Javalambreren beldurrez apika. Eta horrek bizia eman zion arrakasta izateko oso aukera gutxi zuen ihesaldiari. Ez zen bigarren astetik aurrera osatzen den maila handiko multzo horietako bat, baina tropelaren onespena zuen; bederatzi minuturen aldearekin iritsi zen azken mendatera. Teorian, Herrada zen indartsuena, eta Madrazo ahulena. Ordea, batak indar asko xahutu zuen, eta bestea, ahulezia zantzu nabarmenak erakutsi arren, gai izan zen lasterketaburuari nola edo hala eutsi eta amaieran erritmoa bortizki aldatzeko.

Atzean, berriz, Education First taldeak emaniko estutuak eta Valverderen erasoak aletu zuen hautagaien multzoa. Mugimendu horiek oilar askoren ezina bistaratu zuten; baita Lopezen nagusitasuna ere. Lasterketa apurtuta zegoela, eraso erabakigarria jo zuen kolonbiarrak, eta 47 segundorengatik egin zion ihes etapa garaipenak. Ez zion asko axolako, gorriz jantzi baitzen berriro. Sailkapen nagusian, hamalau segundora du Roglic, 23ra Quintana, 28ra Valverde eta 57 Rocheri. Victor de la Parte (CCC) da lehen euskal herritarra, hamahirugarren postuan, bi minutura.

Gaur seigarren etapa jokatuko da, Mora de Rubielos (Espainia) eta Ares del Maestrat (Herrialde Katalanak) artean. Ibilbide gorabeheratsua du: bi mendate igoko dituzte hasi eta berehala, eta beste bi azken kilometroetan, tartean amaierako Ares del Maestrat —7,7 kilometro eta %5,3—. Aproposa izan daiteke ihesaldietarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.