Ez zaio kontu arrotza

Realak galdu egin ditu Bartzelonaren aurka etxean jokatutako azken bi partidak. Aurrez jokatutako azken zazpietatik bost, ordea, irabazi egin ditu. Horretara itzuli nahi du etzi.

Jon Ander De la Hoz.
2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Heldu zen garai bat zeinetan ez zuen gehiegi axola nola iristen zen talde bakoitza: Realak estu hartuko zuen Bartzelona.Donostiarrek, Lehen Mailarako igoera lortu ostean, garaipen handi batekin berrekin zieten kataluniarren aurkako neurketei (2-1), partida iraulita, eta orduko poza ohiko sentipen bilakatu zen 2017-2018ra arte. Orduko hartan 2-4 irabazi zuten blaugranek, eta hautsi egin zuten txuri-urdinek haien aurka izandako bolada ona. Aurrez, etxekoek zazpi partida egin zituzten galdu gabe, bost irabazi eta bi berdinduta.

Iaz ere hiru puntuak eraman zituzten Ernesto Valverderen jokalariek (1-2), eta Amarako estadioaren sorginkeriaren lorratz guztiak ezabatu. Realak, baina, bere garai ona baliatu nahi du etzi Bartzelona mendean hartu eta berriz ere garaipenaren bidera itzultzeko. Azken hamarkadan, sobera dituzte horren adibideak.

2010-2011
Historiari so

Hiru urteren ostean Lehen Mailara itzulia zen Reala, eta onenen gisan lortu zuen Bartzelona azpiratzea. Bisitariek berdinketa nahikoa zuten donostiarrek 1979-1980 sasoian ezarritako marka hausteko: 38 partida galdu gabe irautea. Giro berezia sortu zuen horrek Anoetan; Alberto Ormaetxearen talde historikoaren balentria mantendu nahi zuten txuri-urdinek, kosta ahala kosta.

Bartzelona irabazten hasi zen, baina, Diego Ifranen gol batek lehenbizi eta Xabi Prietoren beste batek gero, 80ko hamarkadako markari eusteko bidea eman zioten Realari. Bartzelonak hautsi zuen marka hori, iragan sasoian.

2012-2013
Egun seinalatua

Behetik gorantz hasia zen Phillippe Montanierrek gidatutako Reala 2013ko urtarrilaren 19an. San Sebastian bezperan iritsi zen Bartzelona Donostiara, eta etxekoek Europan zituzten begiak ordurako. Alabaina, kataluniarrek beren legea ezarri zuten lehen zatian, eta bi goleko aldearekin joan ziren atsedenaldira.

Aldageletatik itzultzean, indarrez ekin zion Realak, eta, Chory Castrok bi gol eginda, partida berdintzea lortu zuen. Epaileak amaiera adierazteko segundo eskasen faltan piztu zen zoramena: Carlos Martinezek ezkerrez egindako erdiraketa bat ozta-ozta errematatu zuen Imanol Agirretxek, eta garaipena eman zion Realari, baloia sareratuta. Garaipen homerikoa izan zen.

2013-2014
Ordaina

Bartzelonak eta Realak Espainiako Kopako kanporaketa polemiko bat jokatu eta astebetera jokatu zuten biek ligako partida, eta kanporatzearen ordaina eman zien Jagoba Arrasateren taldeak kataluniarrei. Atsedenaldira 1-1eko emaitzarekin joan ostean, bigarren zatian aise aritu zen Reala, eta 3-1ekoarekin amaitu zen partida. Antoine Griezmann izan zen Realaren itsasargia.

Atsedenalditik bueltan, frantziarra izan zen etxekoen jokalaririk onena, eta hark gidatu zuen taldea garaipenera. Hark eta David Zurutuzak gol bana sartu zuten, eta horri esker lortu zuten etxekoek garaipena.

2014-2015
Hortzak estu

Puntuek berdin balio izan arren, aurreko sasoikoarekin alderatuta ezberdina izan zen 2014-2015eko garaipena. David Moyes aulkian zela, Realak hortzak estututa defendatu zuen ia norgehiagoka osoan zehar. Izan ere, Sergio Canalesek erdiratutako baloi bat bere atean sartu zuen Jordi Albak, bigarren minutuan, eta alde horri eusteko lanak izan zituzten gainontzeko minutu guztietan. Lortu zuten, ordea, defentsako lan on bat eginda.

2015-2016
Izar bat jaio da

Beti da handia Bartzelona azpiratzea, baina kataluniarren aurkako azken garaipenak ez zuen distira berezirik izan. Halere, izen propio bat izan zuen neurketak: Mikel Oiartzabalena.

Taldera heldu berria zen eibartarra, eta haren gola eta jokoa baliatu zituzten txuri-urdinek partida irabazteko. Ordutik, hura da erreferenteetako bat, eta, hiru urte geroago, taldea hiru puntuen bila gidatzeko ardura du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.