Trumpen aurkako prozesuak 2020ko bozetarako lasterketa abiarazi du

Ordezkarien Ganbera AEBetako presidenteari epaiketa politikoa egitearen alde bozkatzekoa zen bart. Estatuburuak erantzun du 'impeachment'-ak «kontrako eragina izango» duela demokratengan

JIM LO SCALZO / EFE.
ander perez zala
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
«Sinets dezakezue muturreko ezkerrak inputatu egingo nauela, ezer egin ez dudanean?». Ohi duen bezala, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak Twitter sare sozialaren bidez eman zuen, atzo, haren agintaldiko une entzutetsuen zerrendara gehitzekoak ziren gertakari politikoari buruzko iritzia: orain arte publikoki adierazitakoaren arabera, Ordezkarien Ganbera Trumpi epaiketa politiko bat egitearen alde bozkatzekoa zen bart. Hori eginda, agintariaren kargugabetzea mahai gainean jartzekoak ziren.

Iragan irailetik Etxe Zuria astindu duen auziak pauso erabakigarria eman zuen atzo, ikerketa amaitu ostean. Demokratak gehiengoa diren Ordezkarien Ganberako Justizia batzordeak «botere abusua» eta «ikerketaren lana oztopatzea» egotzi dizkio estatuburuari, Volodimiri Zelenski Ukrainako presidentearekin izan zuen deiaren harira; batzordearen arabera, AEBetako presidenteak bere kargua erabili zuen Joe Bideni buruzko informazioa lortzeko. Biden demokraten primarioetan lehiatzen ari da eta, inkesten arabera, faboritoa da 2020ko azaroaren 3ko bozetan presidentegai izateko.

Horregatik, betiere batzordearen arabera, Trumpek bi ikerketa abiatzeko eskatu zion Zelenskiri, eta trukean Etxe Zurirako bisita bat eskaini zion; ez hori bakarrik, ikerketak abiatu ezean Kieventzat garrantzitsuak diren laguntzak blokeatuko zituela mehatxu egin baitzion.

Jerry Nadler Justizia batzordearen presidenteak atzoko eztabaidan esan zuenez, agintariaren aurkako prozesuan gakoa honako hau izan da: presidente guztiek ezkutatu diete informazioa herritarrei, baina Trump izan da bakarra Kongresuaren eskariei erronka jo eta ezezkoa eman diena, eta beste lekukoak behartu dituena informazioa ez ematera.

AEBetako presidentea, ordea, ez da iritzi horren aldekoa, eta hilabeteotan bere jarrera defendatzen aritu da. Atzoko bozketaren bezperan, Twitter erabili beharrean, eskutitz bat bidali zion Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteari, prozesua kritikatzeko. Ohiko tonua erabili zuen, «amerikar demokrazia ahultzea» egotzi baitzion.

Ez hori soilik: agintaria iragarle lanetan aritu zen, eta demokratei ohartarazi zien impeachment-ak kontrako eragina izango duela, batez ere bozei begira. Ez da gutxiagorako, espero baita Senatuak Trump absolbitu egingo duela urtarrilean egitekoak diren epaiketan, eta horrek estatuburua politikoki sendotu lezake —bi herenen babesa beharrezkoa da, eta errepublikanoek gehiengoa dute—; gainera, azaroko bozei begira, jarraitzaileen mobilizazioa eragin lezake.

Ordea, oraindik urtebete falta da horretarako, eta, Trumpen agintaldiak frogatu duen bezala, edozer gerta liteke.

Inputazioaren aurrekariak

Trumpen aurretik, bitan saiatu dira presidentea kargugabetzen, arrakastarik izan gabe. Lehena Andrew Johnson demokrata izan zen, 1868an, Senatuaren baimenik gabe kargugabetu baitzuen garai hartako Gerra idazkaria; epaiketa politikoan, senatariek absolbitu egin zuten.

Bigarren kasua 1998koa izan zen, Bill Clinton demokratarena. Ordezkarien Ganberak justiziaren lana oztopatzea eta gezurrezko zina egitea egotzi zizkion, sexu jazarpen kasu baten harira, eta hurrengo urteko bozketan Senatuak absolbitu egin zuen.

Clintonen aurkako prozesuaren aurretik, Richard Nixon errepublikanoa epaiketa politiko bati aurre egitear izan zen, 1974an, baina Ordezkarien Ganberako bozketaren aurretik dimisioa ematea erabaki zuen, demokraten aurkako Watergate espioitza kasuaren harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.