Aurten 71 gizarte buruzagi eta FARCeko 20 gerrillari ohi hil dituzte Kolonbian

Bake akordioa indarrean dagoen arren, Indepaz etxearen erregistroak agerian utzi du, beste behin ere, indarkeria ez dela eten. NBEren datuen arabera, 500 lagun inguru hil dituzte 2016az geroztik

FARCeko gerrillarien hilketak salatzeko manifestazio bat, Bogotan, iragan hilabetean. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
ander perez zala
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Kolonbian indarkeriak ez du etenik. Aurten ere Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailean (FARC) ibilitako gerrillari ohien eta giza eskubideen aldeko ekintzaileen aurkako erasoek bere horretan jarraitzen dute, eta, Indepaz Garapenerako eta Bakerako Ikerketen Institutuaren erregistroaren arabera, lehen hiruhilekoan 71 ekintzaile eta 20 gerrillari ohi hil dituzte Latinoamerikako herrialde horretan. Bake akordioa indarrean dagoen arren, datu horiek agerian utzi dute itunak ez duela amaitu indarkeria ; are, urtero gora egiten du.

Hilabeteei erreparatuz gero, Indepazen datuen arabera, urtarrilean hil zituzten pertsona gehien: 31 gizarte buruzagi eta zortzi gerrillari ohi, 39 denera. Otsailean, berriz, 25 ekintzaile eta sei gerrillari ohi, 31 guztira; eta, iragan hilean, martxoan, kopuruak behera egin zuen, koronabirusaren osasun krisiaren eraginez: talde armatuek hamabost ekintzaile eta FARCeko sei gerrillari ohi hil zituzten, 21 lagun denera.

Koronabirusa dela-eta kopuruak behera egin zuen arren, erasoak ez ziren erabat eten, nahiz eta gobernuak osasun larrialdira deitu zuen; martxoaren 6tik, talde armatuek hamalau gizarte buruzagi hil dituzte, haietako bost martxoaren 25ean Ivan Duque presidenteak agindutako berrogeialdia hasi zutenetik.

Hil honetan hiru urte eta erdi bete dira Juan Manuel Santos buru zuen Kolonbiako Gobernuak eta FARC gerrillak bake akordioa sinatu zutela. Itun horrek amaiera eman zion zortzi milioi biktima, zazpi milioi desplazatu eta 220.000 hildako eragin zituen gatazka bati; 52 urtez borrokan aritu ostean, bi aldeek lau urteko prozesuan zehaztu zituzten elkarbizitzarako oinarriak.

Akordioari esker, 7.000 gerrillarik gizarteratzeko prozesua abiatu zuten, nahiz eta gero haietako batzuek talde disidenteetara jo zuten. Ia lau urte pasatuta, zailtasunak izan dira hitzartutakoa betetzeko, eta herrialdeko eremu askotan indarkeria handitu egin da; urteotako kopuruek erakutsi dutenez, batez ere giza eskubideen ekintzaileen eta gerrillarien aurkakoa.

Akordioaren harira, FARC alderdi politiko bilakatu zen 2017an, eta, siglei eutsi zien arren, izena aldatu egin zuen: Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea. 2018ko martxoko hauteskundeetan lehiatu zen estreinakoz, baina, bake akordioak aurreikusten zizkion Senatuko bost ordezkariez eta Ordezkarien Ganberako beste bostez gain, alderdiak ez zuen emaitza onik lortu; bi ganberetarako babesak gehituta, 85.168 boto besterik ez zuen jaso.

13.104 gerrillari ohi

Urteotan indarkeriak gora egin duen arren, bake akordioan aurreikusitako pausoek aurrera jarraitzen dute. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Kolonbiarako Egiaztatze Misioaren azken txostenaren arabera, FARCen 13.104 gerrillari ohi daude akreditatuta gizarteratzeko prozesuan, eta urteotan 139 kooperatiba sortzeko aukera izan dute, besteak beste lanpostuak izateko.

Segurtasunari dagokionez, NBEren misioaren arabera, 190 gerrillari ohi hil dituzte bake akordioa sinatu zutenetik, eta beste 303 gizarte ekintzaile. Kolonbiako gobernuz kanpoko erakundeek, ordea, uste dute egiazko kopurua askoz ere handiagoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.