Lamek «ikasketa liberalei» egotzi die Hong Kongeko protesten errua

Eskualdeko gobernuburuak hezkuntza sistema aldatzeko asmoa jakinarazi du: «Ikasleak pozoituak izaten ari dira». Poliziak hemezortzi lagun zauritu eta 230 bat atxilotu ditu manifestazioen olde berrian

Hong Kongeko Polizia, herenegun, manifestari bat atxilotzen. JEROME FAVRE / EFE.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuak eskualdeko hezkuntza sistema aldatzeko asmoaren berri eman du, argudiatuta ikasleak horren erruz atera direla manifestatzera. Agintariaren arabera, «ikasketa liberalek» eragin dute ikasleek ez jasotzea informazio fidagarria eta, hortaz, azken urtean kalera protesta egitera ateratzeko beharra izatea. Manifestariek, ordea, «demokraziaren alde» ari direla diote.

Lamek «sabairik gabeko oilategi» gisara deskribatu du Hong Kongen egungo hezkuntza sistema, Ta Kung Pao egunkariak atzo publikaturiko elkarrizketan: «Ikasleak pozoituak izaten ari dira. Babestu egin behar ditugu». Xehetasun handirik eman ez duen arren, elkarrizketa horretan dio hainbat ikasgaik kezka eragiten diotela, eta horien artean legoke «ikasketa liberalak» deiturikoa; horregatik, aurten jakinaraziko du ikasketa horiek nola kudeatuko dituzten. «Hezkuntza ez da arautu gabe utzi behar».

Ez da kasualitatea Hong Kongeko gobernuburuak eduki akademiko hori aipatu izana, eztabaida handia baitago horren inguruan: batzuentzat, ikasleen «pentsaera kritikoa» sustatzeko balio du, baina, beste batzuentzat —tartean gobernua—, horiek «erradikalizatzea» eragiten du, eta azken urteko protestekin lotzen dute: «Aurten azalduko diogu publikoari zer gertatuko den etorkizunean ikasketa liberalen ikasgaia kudeatzearen inguruan», dio Lamek elkarrizketan.

Eztabaidaren beste aldean, Ip Kin-yuen oposizioko diputatu eta Alderdi Demokratikoko sortzaileak uste du gobernuburuak «irakasle guztiak iraindu» dituela asmo horiekin: «Alde guztiak modu egokian tratatu behar ditu, eta ikerketa independente bat abiarazi, publikoak eskatzen duen modura», adierazi zuen atzo Ipek.

Iragan urtean protesta uholde handi bat izan zen Hong Kongen, eskualdeko gobernuak sustatu nahi zuen estradizioen lege proiektuaren harira. Parlamentuak lege proiektu hori onartu izan balu, Hong Kongek aukera izango luke edozein iheslari Txinara estraditatzeko; hori gertatuko balitz, protestariek uste zuten handitu egingo zela Txinarekiko duten menpekotasuna, eta horregatik atera ziren kalera. Presio horren ondorioz, Lamek iragan irailean jakinarazi zuen bertan behera utziko zuela lege proiektua.

Gobernuburuak amore eman zuen arren, manifestariek kalean jarraitu zuten, asteek aurrera egin ahala eskarien zerrenda handituz joan baitzen. Lau eskari egin zituzten: atxilotuak askatzea, Poliziaren indarkeria ikertzeko «talde independente bat» sortzea, manifestazioei «istilu» ez deitzea eta herritarrek aukera izatea ordezkariak «era demokratikoan» hautatzeko. Lamek, ordea, hasiera-hasieratik erantzun zien ez dituela beteko lau horiek.

Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ostean, protestariak iragan asteburuan itzuli ziren kalera manifestatzera, batez ere merkataritza guneetara, eta Poliziak gutxienez hemezortzi lagun zauritu eta 230 atxilotu zituen, tartean 12 urteko ikasle bat, segurtasun indarrek jakinarazi zutenez; kazetariek haien kontrako erasoak ere salatu zituzten.

Mong Kok Hong Kongeko auzo ezagunenean ere oldartu zen Polizia herenegun, manifestariak «ordena publikoa hausten» ari zirela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.