Putin: «Bizi nahi dugun herrialdearen alde bozkatzen dugu»

Amaitu dute Errusiako Konstituzioaren erreforma sortari buruzko erreferenduma. Parte hartzea handia izan da, eta horrek zilegitasuna eman dio estatuburuari

Vladimir Putin Errusiako presidentea, atzo, botoa eman aurretik. A. DRUZHININ / EFE.
ander perez zala
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Vladimir Putin Errusiako presidenteak arrakastatsutzat jo dezake konstituzioaren erreforma sortari buruzko erreferenduma. Emaitza ez da loteslea, herritarrek bozkatu dituzten neurriek bai baitute jada Auzitegi Konstituzionalaren eta parlamentuaren oniritzia; Putinentzat, ordea, horiek indarrean sar daitezke soilik boto emaileek aldeko iritzia ematen badute. Horregatik, atzo amaituriko prozesuan parte hartze handia izateak —eguerdirako %57,4koa zen—zilegitasuna eman dio erreforma sortari eta Errusiako presidenteari. Baiezkoa gailentzea espero da, eta, hortaz, Putinek 2036ra arte boterean jarraitzeko aukera izatea. «Boto bakoitza garrantzitsua da. Bizi nahi dugun herrialdearen alde bozkatzen dugu», adierazi zuen atzo Errusiako estatuburuak, botoa eman ostean.

Berez, bozketa iragan apirilaren 22an egitekoak ziren, baina atzeratu egin behar izan zuten koronabirusaren ondorioz. Horrek eraginda, hauteskunde batzordeak erabaki zuen galdeketa uztailaren 1era gibelatzea, eta, geroago, kontsulta hainbat egunetan banatzea; ofizialki, bozkatzeko epea iragan ostegunean hasi zen, eta horrek azaltzen du atzo eguerdirako parte hartzea hain handia izatea.

Halere, egun garrantzitsuena azken bozketa eguna izan zen, jaiegun bilakatu baitzuten herritarrek botoa emateko denbora izan zezaten; Internet bidez, etxeko boto zerbitzuaren bidez edo bozkaleku batera joanez. Baina boto emaileen parte hartzea sustatzeko estrategia ez zen horretara mugatu, opariak, beherapenak eta sarrerak eman baitzizkieten galdeketan parte hartu zutenei.

Hori guztia, gainera, pandemia baten erdian: Errusian 647.849 kutsatu zeuden atzorako, eta egunero beste 6.000 herritarri eragiten die koronabirusak; denera, 9.320 lagun baino gehiago hil dira, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera.

Berez, Putinen azken agintaldia da hau, 2018an hasi eta 2024an amaitzen dena, legeak ez baitio modua ematen boterean segitzeko —hamabi urteko bi agintalditan dago muga—. Herritarrek ontzat jotzen badituzte proposaturiko zuzenketak, kontagailua zeroan jartzeak bezala balioko du, eta horrek egungo presidenteari aukera emango lioke lau urte barruko bozetara aurkezteko. Hori bai, Putinek oraingoz ez du jakinarazi zer egingo duen.

Konstituzioaren erreforma, halere, ez da herrialdeko estatuburuaren agintaldira mugatu, neurri sorta horrekin aldaketa hauek sustatu nahi baitituzte: besteak beste, Errusiaren lurraldearen ezein parte ezingo zaiola beste herrialde bati eman —Krimeari eta Errusia ekialdeko Kuril uharteei begira egin da—; konstituzioan jainkoaren figurari erreferentzia egitea; errusiera herrialdeko hizkuntza ofiziala dela jasotzea; ezkontza «gizon baten eta emakume baten arteko batasunera» mugatzea; eta Errusiako Federazioa Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren (SESB) ondorengoa dela finkatzea.

Denera, egungo estatuburuak hogei urte egin ditu herrialdeko agintean: 1999tik 2008ra, presidente karguan; 2008tik 2012ra, lehen ministroaren karguan; eta, 2012tik, berriz presidente karguan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.