Behobia-Donostia bertan behera geratu da

Lasterketa osatzen dutenen osasuna babeste aldera hartu dute erabakia. Fortunak nabarmendu du ahalegin handia egin dutela

Korrikalariak lasterka iazko Behobia-Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon olano
2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Fortuna kirol elkarteak, Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileak, jakinarazi du bertan behera utzi duela aurtengo lasterketa, «dagokien erakundeei» galdetu ondoren: «Hilabete zailak izan dira, baina baita ahalegin, irudimen, analisi, azterketa eta ilusio handikoak ere, zeinetan lasterketa garaiko egoerara egokitzeko lasterketa plan bat landu dugun. Hala ere, pandemiaren egungo bilakaerak aurre egin beharreko aldagai gehiegi ditu».

Elkarteak azaldu du haientzat funtsezkoa dela «Behobia osatzen duten pertsona guztien segurtasuna bermatzea: partaideak, boluntarioak, osasun langileak... baita festa bilakatzen duten ikusleena ere. Oraintxe bertan, pertsona horientzat guztientzat inguru erabat segurua bermatzea gure ahalmenetik kanpo dago».

Izen-emateak zabalik zituen elkarteak, eta, beraz, jada izena emana zutenei hiru aukera eskaini dizkie: izen ematea datorren urteko edo 2022ko aldirako gordetzea, dirua itzultzea (kudeaketa gastuen 6 euro kenduta) edo izen ematearen prezio osoa edo zati bat dohaintzan ematea klubari. Datozen egunetan galdetegi bat bidaliko die jada izena emana zutenei, hiru aukeretako bat hautatu dezaten.

Izen ematea ondorengo aldi baterako gordetzen dutenei hurrengo egunetan Behobia Birtualerako 10 euroko deskontua bidaliko diete posta elektronikoz. Hiru aukeretako zeinen alde egiten den jakinarazteko epea irailaren 30ean amaituko da. Erantzun ezean, izen ematea gordeko dute 2021eko lasterketarako.

«Badakigu kirola egitea onuragarria dela; horregatik, berme guztiekin egiten jarraitzera animatzen zaituztegu, datorren urtean berriro goza dezagun gustuko dugun moduan», erantsi du elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.