Mugako erreferenduma argitu nahian

Akademiko batzuk aztertzen ari dira Irlandaren batasunari buruzko galdeketak nola egin beharko diren: prozesu adostu batez eta informazio beharraz ohartarazi dute

Afixa bat, Brexit-aren aurrean irtenbidea Irlandaren batasuna dioena, Irlandako irlaren mugan. AIDAN CRAWLEY / EFE.
ander perez zala
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Ostiral Santuko Akordioak bakea ahalbidetu du Ipar Irlandan, eta, aldi berean, ateak ireki dizkio Irlandako irlaren batasunari buruzko erreferendum bat egiteari. Auzi horrek indar handiagoa hartu du urteotan, batez ere 2016an Erresuma Batuak Europako Batasunetik ateratzea erabaki zuenetik, baina itunak erantzun gutxi ematen ditu aukera horren inguruan; izan ere, 1998ra bitarteko negoziazioetan, Erresuma Batuko Gobernuak, Irlandako Errepublikakoak eta Ipar Irlandako ordezkari politikoek ez zituzten sakon aztertu prozesu horren xehetasunak, eta dokumentuaren edukia errealitate horren isla da. Hutsune hori argitzeko asmoz, hamabi akademiko elkartu egin dira Londresko College Unibertsitateko Konstituzio Unitatearen gidaritzapean Irlandaren batasunari buruzko erreferendumaz gogoetatzeko, eta, ia bi urteko lanaren ostean, behin-behineko txostena argitara eman dute; horretan, adosturiko prozesu baten, prestakuntzen eta informazio garbiaren beharraz ohartarazi dute.

Egungo legediak argi zehazten du nork duen erreferendum horretara deitzeko eskumena eta egitekoa: Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroak, betiere Ipar Irlanda eta Irlandako Errepublika batzearen aldeko iritzia nagusituko den zantzuak izanez gero; horrez gainera, lege dokumentuek diote mugaren hegoaldekoen babesa ere beharrezkoa dela, baina kasu horretan ere ez dute horri buruzko informazio gehiagorik ematen. Auzia aztertu duen taldearen ustetan, Irlandako Errepublikako herritarren iritzia jakiteko modurik egokiena erreferendum bat litzateke, «batez ere» horrek aldaketak eragingo lituzkeelako Konstituzioan.

Galdeketa posible horiek ez lukete egun berean izan beharko, eta galderek ez lukete zertan berdinak izan, nahiz eta auzi berari buruzko kontsulta lotesleak izan. Aldiz, akademikoek uste dute egokiena dela Ipar Irlandakoa lehenik egitea, eta, kasu horretan, Irlandako Errepublikako Gobernuak Irlanda batu bati buruzko xehetasunak eman beharko dituela, horrek ahalbidetuko duelako mugaren iparraldeko herritarrak modu informatuan joatea botoa ematera. Prozesua Erresuma Batuko Ipar Irlandarako ministroak abiatuko luke, eta Dublinek nahitaez antolatu beharko luke galdeketa bat, legediak hala behartzen diolako.

Ministro horrek zeren arabera hartu beharko luke erabakia? Hainbat neurgailu aztertu beharko lituzke: alderdiek Ipar Irlandako Asanblearako hauteskundeetan lorturiko ordezkaritza; hauteskundeetako boto kopuruak; herritarrei egindako inkestak; Asanblean auzi horretaz egindako bozketa posiblea; eta demografiari buruzko datuak.

Egun, Ipar Irlandako Asanblean unionistak dira nagusi, 90 eserlekutik 40 dituztela; nazionalistek 38 dituzte, eta gainontzeko 11k beren burua ez unionistatzat eta ez nazionalistatzat duten diputatuak dira —azkena parlamentuko presidentea da—. Inkestei dagokionez, batzuk hasiak dira islatzen batasunaren aldeko jarrera nagusituko dela, baina beste batzuetan iritzi unionista da gehiengoa. Hortaz, ez dago joera argirik.

Demografiaren eboluzioari buruzko informazioa ere garrantzitsua litzateke; izan ere, batasunaren aldekoen aspaldiko argudioa da noiz edo noiz beren burua nazionalistatzat eta katolikotzat dutenen kopurua handiagoa izango dela unionistak eta protestanteak direnena baino, eta hori gertatzean antolatu beharko litzatekeela Ipar Irlandako erreferenduma.

Hori kontuan hartu duten arren, akademikoek uste dute informazio demografikoak soilik kontestu bakoitzerako balio behar duela, eta ez zantzu garrantzitsu gisara galdeketara deitzeko. Aldiz, batasunaren aldeko jarrera gehiengo sinple batekoa izan liteke, %50+1ekoa; berdin mugaren bi aldeko erreferendumetan.

Londres eta Dublin

Ofizialki, Irlandako Errepublikak ez du parte hartu behar Ipar Irlandako erreferendumaren prozesuan, baina Dublinen eta Londresen arteko lankidetzak eta adostasunak gauzak nabarmen erraztuko dituela uste dute akademikoek; batez ere, mugaren bi aldeetan baiezkoak irabazi ostean hartu beharko liratekeen erabakiez bide orri bat izateko.

Hori bai, ohartarazi dutenez, adostasun hori Ipar Irlandako galdeketaren aurretik lortu beharko litzateke; alde horretatik, Erresuma Batuko Gobernuari eta Irlandako Errepublikakoari ohartarazi diete erreferendumak eta hauteskunde kanpainak antolatzeko eta bideratzeko legeak «iraungita» daudela, eta eguneraketa bat beharrezkoa dela, prozesu argia eta garbia izan dadin. Brexit-ari buruzko erreferenduma jarri dute adibidetzat eragotzi behar dena frogatzeko.

Prozesuaren epeez, Erresuma Batuko Ipar Irlandarako ministroak batasunaz erreferenduma egiteko asmoa jakinarazten duenetik gutxienez urtebete pasatuko litzateke; kasu batzuetan gehiago, batasunaren alde bozkatuz gero beste galdeketa bat egiteko aukeraz ohartarazi baitute, kasu horretan Irlanda batu batek hartuko lukeen itxuraz.

Orain, hamabi akademikoak txostenari buruzko alderdi politikoen, erakunde zibilen eta herritarren iritziaren zain geratu dira; fase horrek 2021eko urtarril amaiera arte iraungo du, eta udaberrirako espero dute behin betiko dokumentua osatzea. Adierazi dutenez, ez dira lan akademiko hori egiten ari Irlandaren batasunari buruzko erreferenduma gertu dagoelako, baizik eta horri buruzko prozesua eta diseinua osatzeko beharra dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.