Libian trantsizio gobernua eratu dute, abenduko bozak prestatzeko

Presidentetza Kontseilua osatuko duten hiru kideak eta herrialdeko lehen ministroa hautatu ditu Libiako Elkarrizketa Politikorako Foroak Genevan egin duen bozketan

Elkarrizketa Politikorako Libiako Foroko bi partaide, iazko azaroan Tunisiako hiriburuan egin zen bilkuran. M. MESSARA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Sei urteko gatazka armatua amaitzeko beste urrats bat egin dute Libian. 2014tik gerran diren aldeek trantsizio gobernu bat izendatu zuten atzo, Genevan (Suitza) egin zuten bozketan. Herrialdean hauteskundeak antolatzea izango da gobernu horren egiteko nagusia, ondoren Libiako lurralde osoan erakunde bateratuak eratzeko. Abenduaren 24rako dute ezarria bozen data.

NBE Nazio Batuen Erakundearen babesean sortu den Libiako Elkarrizketa Politikorako Foroak hautatu ditu trantsizio gobernua osatuko duten kideak: Presidentetza Kontseiluko hiru kideak eta Libiako lehen ministroa. Mohammad Yunes Menfi izango da kontseiluko presidentea, eta Mossa al-Koni eta Abdullah Hussein al-Lafi presidenteordeak. Lehen ministroaren kargurako, berriz, Abdul Hamid Mohammed Dbeibah aukeratu dute.

Lau zerrenda aurkeztu dituzte gobernurako hautagai, Genevan (Suitza) egin den bozketan. Bigarren itzulian hautatu dute irabazlea, lehenengoan batek ere ez baitu lortu %60ko babesa. Bigarren bozketan, Yunes Menfik gidatutako zerrenda gailendu zaio askoren iritziz faboritoa zenari: Aqila Saleh buru zuen zerrendari. Saleh Tobrukeko Parlamentuko burua da. Hau da, Tripolin egoitza duen eta NBEren aitortza izan duen GNA Batasun Nazionaleko Gobernuarekin etsaituta egon den aldekoa.

Menfi Libia ekialdeko diplomatiko bat da, Grezian enbaxadore izandakoa, eta Dbeibah, berriz, Tripolin hainbat negozio dituen enpresari milioidun bat.

Zerrendak osatzeko garaian, ezinbesteko baldintza izan da hautagai multzo bakoitzak elkarrizketa foroko hamazazpi kideren babesa jasotzea —75 dira guztira—, eta horiek Libiako hiru eskualdeetako ordezkarienak izatea: mendebaldeko zortzi boto, ekialdeko sei eta hegoaldeko hiru.

Munduko petrolio ekoizle handienetakoa den herrialdea indarkeria zurrunbilo batean murgilduta egon da 2011z geroztik. Urte horretan, Muammar Gaddafi boteretik kendu eta hil zuen matxinada batek. MatxinoekNATOren babesa izan zuten, haren esku hartze zuzenarekin. Gaddafiren ostean ez da izan herrialdean botere politiko zentralizatu eta iraunkorrik, eta talde armatuen arteko gatazkek egoera nahasian izan dute herrialdea.

Lurraldea, bitan bananduta

Libiako lurraldea bitan zatituta gelditu zen 2014an: mendebaldea, Tripoliko GNAren menpe, eta ekialdea, Trobukeko aginteari lotutako LNA Libiako Armada Nazionalaren esku, Khalifa Haftar militarra buru.

Atzerriko eragileek ere esku hartu dute gatazkan, aldeak armekin hornituta ala mertzenarioak frontera bidalita. GNAk Turkia izan du aliatu, eta ekialdearen aldeko jarrera hartu dute Errusiak, Egiptok eta Arabiar Emirerri Batuek.

Irtenbide negoziatu baterako aukerarentzako bidea egingarriagoa bihurtu zuen su-eten iragarpenak, iazko urrian. Hurrengo hilabetean, lehen elkarrizketa sorta egin zuen Elkarrizketa Politikorako Libiako Foroak Tunisen, eta Libian «hauteskunde aske, garbi, barneratzaile eta sinesgarriak» antolatzeko akordioa lortu zuten. Parlamentua eta presidentea hautatuko dituzte. Hauteskundeen helburua da horien bidez Libia osorako estatu erakunde bateratzaileak sortzea, eta lurraldea aginte bakarraren pean batzea.

Hauteskundeak antolatzeaz gain, trantsizio gobernuak izango du bestelako erronkarik, ordea. Geroz eta hondatuago dauden zerbitzu publikoak hobetzea eta ustelkeriaren kontrako neurriak hartzea gizartean oso zabalduta dauden bi eskari dira, bai ekialdean, bai mendebaldean. Hain justu, arrazoi horiengatik piztu zen azken protesta olatua Libian, iazko udan. Gainera, hilaren 17an hamar urte beteko dira Gaddafiren kontrako matxinada piztu zenetik, Tunisian lehertu zen Udaberri Arabiarraren beroan, erreforma ekonomikoak eta sozialak eskatzeko manifestazio jendetsuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.