Gobernuko kide ohiak atxilotzen jarraitzen dute Myanmarren

Estatu kolpea eman zuten militarrek Interneten kontrola areagotuko duen lege bat aurkeztu dute. Amnesty International erakundeak Poliziaren biolentzia salatu du

Seigarren egunez jarraian, junta militarraren aurkako protesta egin zuten herritarrek atzo Myanmarren. Irudian manifestari batzuk, Yangonen NYEIN CHAN NAING/ EFE.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Otsailaren 1ean Myanmarko armadak estatu kolpea eman zuenetik, urak bere bidera etorri ezinik daude herrialdean. Aung San Suu Kyi Estatu kontseilaria eta Win Myint presidentea atxiki zituztenetik, 220tik gora herritar atxilotu ditu armadak. Atxilotu horietatik 200 inguruk segitzen dute oraindik preso. Tartean dira NLD Demokraziaren Liga Nazionaleko kideak, baina baita irakasleak eta gizarte zibileko ordezkariak ere. Azken orduetan, gainera, NLDk zabaldu duenez, Aung San Suu Kyi Estatu kontseilariaren hurbileko kideak ere atxilotu dituzte.

Halaber, orain arte Myanmarko Estatu Kontseilariaren Bulegoko ministro izandako Kyaw Tint Swe desagertuta dagoela zabaldu dute. NLDko informazio batzordeko kide Kyi Toek nabarmendu du estatu kolpearen egunean militarrak haren etxera sartu zirenetik ez dagoela haren berririk. Bertze lau agintari ere desagertutzat eman dituzte.

Seigarren egunez jarraian milaka lagunek hartu zituzten karrikak atzo Myanmarren estatu kolpearen aurka. Etxeratze agindua eta bortz lagunetik gorako bilkurak debekatu egin dituzte, baina horrek ez ditu herritarren mobilizazioak eten. Junta militarreko buru Min Aung Hlainek herritarrei etxera itzultzeko eskaria egin zien, beren betebeharra hori dela iritzita.

Militarrek indarrez erantzun diote herritarren protestei, eta hainbat manifestari zauritu dituzte protestetan. Amnesty International erakundeak salatu duenez, herrialdeko poliziek metrailetak erabili dituzte manifestarien kontra. Erakundearenhitzetan, asteartean izandako protestetan, 19 urteko andre bat balaz zauritu zuen Poliziak

Otsailaren 1etik militarrek Interneterako sarbidea eta albiste agentzien jarduna mugatu dute, eta herrialdetik ateratzen den informazioa kontrolatzeko zibersegurtasunerako lege berri bat onartuko dutela aurreratu zuten atzo. Lege berriak Interneteko zerbitzariak behartuko ditu erabiltzaileen datuak gobernuak ezarritako leku batean gordetzera, gutxienez hiru urtez. Horren bidez, Interneteko erabiltzaileen informazioa nahieran eskura izatea lortu nahi du junta militarrak. Gainera, estatuaren aurkako mehatxuen kasuan, gobernuak aukera izango du Interneten nahieran esku hartzeko. Datu horiek gobernuaren esku uzten ez dituzten enpresek, berriz, hiru urte arteko kartzela zigorra eta isun ekonomikoak jasotzeko arriskua izango dute.

Nazioartean asaldura sortu zuen armadak boterea hartu eta herrialdeko agintariak atxilotu izanak, eta hainbat estatuk armadaren kontrako neurriak hartuko zituztela iragarri zuten. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Biden izan da zigorrak iragartzen lehena. Asteazkenean egindako prentsaurrekoan aurreratu zuen neurriak hartu dituela Myanmarko Gobernuak AEBetan dituen mila milioi dolarrak ez baliatzeko.

Gainera, kolpea zuzendu zuten buruzagi militarren, haien interes komertzialen eta hurbileko familiako kideen aurkako neurriak iragarri zituen Bidenek, nahiz eta ez zuen zehaztu zein izango ziren neurri horiek. Myanmarko Gobernuko kide izandakoek ontzat eman dituzte Bidenen iragarpenak, eta argudiatu horrek berresten duela estatu kolpea «legez kontrakoa» dela.

Junta militarrak AEBetan duen dirua izozteaz gain, datozen egunetan neurri gehiago iragarriko dituela nabarmendu zuen Bidenek. «Militarrek hartu duten botereari uko egin behar diote, eta Myanmarko herriak azaroaren 8ko hauteskundetan hartu zuen erabakia errespetatu», azpimarratu zuen AEBetako presidenteak. Horrez gainera, atxilotutako agintariak aske uzteko eskatu zuen. Azaroan egindako hauteskundeetan 346 diputatu eta botoen %83 bereganatu zituen Aung San Suu Kyiren NLDk.

Bozetan iruzurra

Otsailaren 1ean armadak Myint Swe jeneral ohia izendatu zuenbehin-behineko presidente, etaMin Aung Hlain komandanteburua agintari nagusi. Min Aung Hlainek orain arteko buruekin zituzten «desadostasun garrantzitsuak» eta azaroaren 8ko bozetan «iruzur egin izana» jarri zituen horiek botatzeko arrazoitzat, eta urtebeteko epean bozetara deitzeko konpromisoa dutela nabarmendu zuen.

Halaber, Aung San Suu Kyi eta Win Myint auzipetu dituzte. Herrialdeko merkataritza legea hautsi izana egotzi diote Aung San Suu Kyi Estatu kontseilari eta Bakearen Nobel saridunari. Poliziak dio irrati uhinak atzemateko gailu bat aurkitu zutela, ustez atzerriko herrialde batetik inportatutakoa, eta, beraz, Myanmarrera legez kanpo sarturikoa. Baliteke hiru urterainoko kartzela zigorra izatea delitu horrengatik. Win Myinten kasuan, hondamendi naturalen kudeaketaren legea bete ez izana leporatu diote. Koronabirusak eragindako pandemiaren testuinguruan hartutako erabaki batengatik hartu diote kargu: hauteskunde kanpainako bidaia batean 220 ibilgailu mugitzea baimendu izana.

Indar armatuen presentzia politikan ez da egun batetik besterakoa. 2008ko konstituzioaren arabera, militarrek parlamentuko bi ganberetako eserlekuen %25 dituzte gordeak, eta horrek baimena ematen die estatuko «boterea hartzeko larrialdi egoeran». Larrialdi egoera hori zehazki zer den ez dago zehaztua, eta interpretazioen menpe geratu da. Barne, Muga eta Defentsa ministerioen kontrolari eustea lortu dute testu horri esker, eta aurretik mende erdi izan ziren boterean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.