Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Abiada bizian itzuli da onenera

Vueltako laugarren etapa irabazi du Jakobsenek, erori eta bizia arrisku larrian jarri zuenetik urtebetera. Taaramae lurrera joan da segurtasun gunean, eta lidergoari eutsi ahal izan dio

Abiada bizian itzuli da onenera.
enaut agirrebengoa
2021eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Bizitzaren gorabeherak zer diren: Iazko Poloniako Itzulian erori eta oso larria egon eta urtebete pasatxora, Espainiako Vueltako laugarren etapa irabazi zuen atzo Fabio Jakobsenek (Deceuninck). Sekulako abiaduran osatu da herbeheretarra. Zortzi hilabetez izan zen lehiatik kanpo, erorketaren ondorioak gainditu bitartean. Beste lau hilabete baino ez ditu behar izan sasoia findu, eta izan zitzakeen arrasto psikologikoak gainditzeko. Abaila batean itzuli da onenera, eta halaxe gailendu zen atzo ere, azkarrenen arteko lehian. Arnaud Demareri (Groupama) eta Magnus Cort Nielseni (Education) hartu zien aurre, eta,hala, igandeko bigarren postua hobetu zuen. Bestalde, amaieran erori egin zen Rein Taraamae (Wanty), lasterketako liderra, baina eutsi egin zion elastiko gorriari: azken hiru kilometroen barruan izan zuen ezbeharra.

Oso bukaerara arte itxaron zuen tropelak benetako lehia abiatzeko. Bertatik Joan Bouk (Euskaltel-Euskadi) eta Angel Madrazo eta Carlos Canalek (Burgos BH) egin zuten ihes, baina haien ahaleginak ez zuen multzo nagusia batere mehatxatu. Lau minuturen aldea izan zuten gehienez, eta onenek begien bistan zituzten jada artean 30 kilometro gelditzen zirela. Goizegi zen ihesaldia bertan behera uzteko, eta berriro alde egiten utzi zieten, harik eta hamahiru kilometro falta zirela harrapatu zituzten arte.

Lanean Groupama ari zen, eta Alpecinek eta Deceuninckek beste estutu bat eman zioten erritmoari. Funtsean, haiek zituzten esprinterrik azkarrenak. Alex Aranburuk (Astana) eta Jon Aberasturik (Caja Rural) ere aukerarik izan zezaketen, amaierak goranzko joera izaki, baina oso gaizki kokatuta iritsi ziren esprintera. Jakobsen, ordea, itsatsi egin zen Demareren gurpilera, eta frantziarra nagusitasunez aurreratu zuen azken ahaleginean. Aberasturi hamahirugarren izan zen, eta hamaseigarren Aranburu. Bestalde, faboritoak batera eta atseden hartuta helmugaratu ziren.

Gaur ere oso egun lasaia izan beharko lukete oilarrek, Tarancon eta Albacete artean jokatuko den etapan (Espainia). 184 kilometroko saio etzana izango da, azkarrenentzako oso aproposa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.