COP15: negoziazioak etenda, funts bat sortzeari buruzko zatiketagatik

Garabidean dauden estatuek diru iturri berezi bat galdegin dute biodibertsitatea babesteko; herrialde aberatsak aurka daude. Ministroek hartuko dute elkarrizketen lema asteburuan

Basoak biziberritzeko Sodefor elkarteko langile bat, zuhaitz mintegi bateko landareak ureztatzen, Boli Kostako Adzope herrian. LEGNAN KOULA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Lurreko biodibertsitate galera eten eta hura berreskuratzen hasteko ituna lortzea da erronka. COP15 NBE Nazio Batuen Erakundearen natur aniztasunari buruzko biltzarra azken hamarkadan arlo horretan egin den goi bilerarik garrantzitsuena izateko antolatu dute. Hamarkada honetarako konpromisoak zehaztea eta 2050erako xedeak ezartzea espero da. Baina anbizio handiko asmoak lorpen xume bilakatzeko arriskua dago. Are, COP15 bilkura itunik gabe ixteko bidean daude, egunotan hainbat ahotsek ohartarazi dutenez, negoziazioak blokeatuta baitaude. Datorren astelehenean da bukatzekoa bilkura.

Zatiketa herrialde aberatsen eta diru sarrera urrikoen artekoa da, beste behin. Eta COP27 NBEren klima larrialdiari buruzko biltzarrean gertatu bezala, oraingoan ere finantzaketarena da negoziazioak blokeora eraman dituen korapiloa. Jarrerak hain daude urrun, ezen asteazken gauerdian Asiako, Afrikako eta Latinoamerikako estatu batzuetako ordezkariak negoziazio aretotik irten baitziren, elkarrizketak kale itsu batean zirela iritzita. Gogaituta, adierazi zuten ez zirela mahaian eseriko haien proposamenak aintzat hartu arte.

Egipton egin zen COP27 bileran bezala, funts bereizi bat eratzea eskatzen dute garabidean diren herrialdeek; kasu honetan, biodibertsitate galera etetea helburu duten neurriak finantzatzeko. Ahalegin handia behar da natura aniztasunaren hondatzea geldiarazteko. Biltzarrean parte hartzenari diren ia 200 estatuetatik gehienak ados daude 700.000 milioi euro inguru beharko direla urtean, 2030. urtera bitartean. Garabidean diren estatuek herrialde aberatsei eskatu diete urtean ehun milioi euro jar ditzatela funts berrian —ala barne produktu gordinaren %1— diru sarrera apaleko estatuek jasoko lituzketen laguntzetarako.

«Guztiz irreala da», adierazi du Virginius Sinkevicius EB Europako Batasuneko Ingurumen komisarioak, Reuters albiste agentziak jaso duenez. Haren esanetan, estatuek ez lukete «emateko gai ez diren ezer hitzeman behar». EBk beste diru iturri batzuk aztertzeko eskatu du: emaile pribatuak, garapenerako nazioarteko bankuak eta filantropoak. «Izugarri garrantzitsua da funts berririk ez sortzea. Zazpi edo zortzi urte behar izan genituen Ingurumenerako Mundu Funtsa eratzeko», ohartarazi du Sinkeviciusek.

Ekosistema jakin batzuk babesteko funts horren diru emailerik handiena da EB. AEBak ez daude behartuta ekarpena egitera, ez baitira GEF Aniztasun Biologikoaren Itunaren sinatzaile—lau herrialde daude itunetik kanpo: AEBez gain, Andorra, Irak eta Somalia—. GEF funtsaren hartzaile nagusiak dira Txina eta Brasil, eta herrialderik aberatsenek galdegin dute bi estatu horiek diru emaileen zerrendara gehitzea, NBEren ingurumen itunak sinatu zirenetik—1992an— hazkunde ekonomiko handia izan dutelako.

Hain justu, Txina da COP15 bileraren anfitrioia. COVID-19ak eragindako arazoengatik atzeratu du 2020rako iragarria zegoen biltzarra, eta goi bilera Montrealen (Kanada) antolatu dute azkenean. Anfitrioiaren egitekoa funtsezkoa izaten da halako bilkuretan, haren ardura izaten delako negoziazioak gidatzea eta akordio zirriborroak mahaigaineratzea.Xi Jinping herrialdeko presidenteak elkarlana eskatu zien atzo estatu ordezkaritzei, ituna zailtzen duten korapiloak askatzen ahalegintzeko.

Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak funts bat eratzeko proposamena «serio» aztertzera deitu ditu estatu aberatsak. «Garabidean dauden herrialdeek daukate munduko biodibertsitatearen parterik handiena, eta egiteko oso garrantzitsua dagokie agenda honetan».

Teknikariak izan dira biltzarra hasi zenetik —abenduaren 7an— negoziatzen aritu direnak, eta estatuetako ministroen txanda izango da gaurtik aurrera. Montrealen dira ehun herrialde baino gehiagotako ordezkari politikoak, blokeoa askatzen saiatzeko. Kontua da auzi garrantzitsu ugari gelditu direla bideratu gabe azken egunetarako, eta ministroek lan nekeza izango dutela horiek guztiak onbidean jartzeko.

Funtsezko beste auzi batzuk

Finantzaketaz gain, estatuek badituzte negoziatu beharreko beste zenbait gai garrantzitsu. Horien artean, bilkuraren aurretik askotan nabarmendu den helburu bat: 30 bider 30 delakoa. Hau da, munduko lurren eta itsasoen %30i babes estatus bat aitortzea 2030erako. Auzi horren inguruko adostasun bat lortzea ezinbestekotzat jo dute hainbat elkarte ekologistak COP15 bilkurak arrakasta izan duela esan ahal izateko.

Eztabaidagai da, halaber, biodibertsitatea berreskuratzen hasteko xedea 2030erako ezarri behar ote den ala goizegi den. Garrantzi handia aitortu zaio herri indigenen eta biodibertsitate handiko guneetan bizi diren tokiko komunitateen eskubideak babesteko neurriei ere. Talde horiek dira biodibertsitatearen babeslerik handienak. Datuek islatzen dute estatuen babespeko eremuetan baino eraginkortasun handiagoz aurre egiten dietela natura aniztasunaren galerari. Elkarte ugarik ziurtatu dutenez, horien eskubideak bermatzeak biodibertsitatea babestea ekarriko du.

Negoziazioen beste puntuetako bat enpresentzako diru laguntzen ingurukoa da. Zenbait herrialdek eskatu dute ingurumenari kalte egiten dioten enpresei diru laguntzak eteteko. Neurriak 500.000 milioi euroren aurrezkia eragingo lukeela uste dute. Nekazaritza eta arrantza industriala egongo lirateke, nagusiki, neurrien jopuntuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.