Lurrikara hiriburuan

Cristina Cifuentes Madrilgo erkidegoko presidenteak dimisioa eman du, eta ekaitz politikoa sortu du Espainiako Gobernuko alderdian

Cristina Cifuentes dimisioa aurkezten, atzo, Madrilen. EMILIO NARANJO / EFE.
mikel rodriguez
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Hilabetean baino gehiagoan Espainiako giro politikoa aztoratuta ibili da Cristina Cifuentes Madrilgo erkidegoko presidentearen inguruan, curriculuma faltsutzea egotzi baitzion hedabide batek, eta presidentearen azalpenek hagitz jende gutxi konbentzitu zutelako. Atzo bertze hedabide batek argitaratutako informazioak amore emanarazi dio: Cifuentes supermerkatu batean kremak lapurtzen erakusten duten 2011ko bideo bat zabaldu zuen. «Nahi gabe egindako zerbait» izan zela erran du, baina dimisioa eman du. Madrilgo oposizioak abagunea baliatu nahi du erkidegoko gobernua eskuratzeko, baina ekaitz politikoa Espainiako Gobernuko alderdian bertan sortu du, Cifuentesek iradoki baitu PPren ustelkeriarekin «zero tolerantzia» izan duelako argitaratu dutela bideoa. Mariano Rajoy Espainiako presidentearen adierazpenek gehiago elikatu dute eztabaida, azken asteotan ez bezala, ez baitu Cifuentes defendatu: «Egin beharrekoa egin du. Uste dut nahi eta nahi ez eman behar zuela dimisioa».

PPren gotorlekuetako bat izan da Madril, eta 1991z geroztik erkidegoko hauteskunde guztiak irabazi ditu. 2015az geroztik, ordea, Ciudadanos eskuineko bertze alderdiaren babesa beharrezkoa du gobernatzeko. Parlamentuko bertze bi alderdiek, PSOEk eta Podemosek, babes hori kentzeko eskatu zioten atzo, baina Albert Rivera Ciudadanoseko buruak erantzun zuen PPren bertze hautagai baten alde eginen dutela, hura «garbi» badago.

Izan ere, PP ustelkeria kasu larrietan nahasita dago Madrilen. Urte luzez Madrilgo PPren lider eta erreferente sendoa izan zenak, Esperanza Aguirrek, iaz dimisioa eman behar izan zuen kargu guztietatik, haren hurbilekoak nahasita zeuden ustelkeria kasuengatik jaso zuen presioaren ondorioz. Aguirreren dimisioaren ondoren, Cifuentesek hartu zuen alderdiaren presidentetza, eta urtebetean eskuinaren erreferente azkarra bihurtu da. Alderdiko ustelkeria sareekin ez diote aurkitu aitzindariei bezalako loturarik, eta kinieletan haren izena indartzen ari zen etorkizun hurbil batean PPren buruzagitzarako hautagai izateko.

Ustezko konspirazioa

Horregatik, konspirazio bat ikusi du Cifuentesek bideoaren argitaratzean. «Ustelkeriarekin zero tolerantzia izateak prezio bat dauka». OKDiario eskuin muturreko agerkari digitalak argitaratu du bideoa, baina Eduardo Inda zuzendariak ukatu egin du PPko norbaitek filtratu diela. Martxoan, Eldiario.es ezkerrekoak argitaratu zuen master bat ustez modu irregularrean lortu zuela Juan Carlos I.a Unibertsitatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.